Ezker Batuko Koordinatzaile Julio Anguitak Bilbon esandakoa: «bake prozesua blokeatuta dago, zenbait alderdi politikok ez baitu onartu nahi Euskal Herrian gatazka politiko bat dagoela. (...) Joan den mendetik datorren arazoa da eta noizbait aurre egin beharko zaio».
Milagros Rubio Batzarrekoa EHri buruz: «Orain pluralitatean bizi gara, batik bat HBk eta Batzarrek ikuspuntu ezberdina dugun gaietan. gure dibertsitatean elkar ulertu eta errespetatzea ezinbesteko urratsa da bi alderdiok dugun ardura bat aurrera eramateko».
PSE-EEko Rosa Diezek Javier Balza Barne Kontseilariari buruz esana: «HBren zator bat da Eusko Jaurlaritzan».
Odon Elorzak Donostiako EHko kanpainari buruz: «`Por una Donostia española y de derechas' leloarekin, EHk ez du donostiarrek libreki erabaki dutena errespetatzen eta Jarrairen ekintzak bultzatzea bilatzen du».
«Munduaren aurrean ezagunak izatetik ezagutuak izatera pasatu behar dugu euskaldunok», dio Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak.
Patxi Elola Zarauzko PSE-EEko zinegotziari biltegia eta barruan zeuzkan lan tresnak erre zizkioten iragan astean. Zarauzko Udalak erasoa gaitzetsi zuen eta EHk ez zuen bat egin mozioarekin, baina prozesuari sailtasunak jartzea «ez dela onuragarria» jakinarazi zuen.
Iratxe Sorzabal presoa aske geratu zen iragan astean, Frantziako poliziak mugan utzi ondoren. 28 kilo zeuzkan, entrega saihesteko 31 eguneko gose greba egin ondoren. Iñaki Bilbao presoa, ordea, espetxeratu egin zuten entregatu ondoren.
Felix Ormazabal Arabako Ahaldun Nagusi ohiaren ustez, Estatutua «aldeen arteko ituna» izan zen, eta ez, Egibarrek dioen bezala, «ezarritako karta».
Jakoba Errekondo
Himalaiaren azpialdeko ekialdeko lurretan eta Txinan bake santuan bizi zen
Aspidistra elatior landareak 1822an ezagutu zuen Europa. Harrez gero etxebarru eta atarietako maizterra dugu guk «artoa» deitzen diogun landarea. Gazteleraz
aspidistra eta frantzesez «ardo tratanteen landarea» deitzen diote.
Landare honen bizimina izugarria da. Jartzen den tokian jartzen dela, kontu egiten den eran kontu egiten dela, urik gabe, ur gehiegirekin, ilunpetan, oreatu gabe, gas usain edo ke artean, aire korronteak pairatuz, hautsontzi edo kafe jalkinen biltegi gisa, sinestezina den moduan irauten du.
Ingalaterran XIX. mende amaieran etxe barrurako aproposa omen zen «artoa». Oxford hiztegi ingelesak landare hau klase ertaineko familia errespetagarrien ikurra zela dio. Etxe ederretatik kanpo ere baziren. Bizi baldintza kaskarretan irauteko zuen ahalmenagatik, burdin galda landarea eta tabernariek, ura urri izanda, garagardo kondarrekin ureztatzen zutenez, garagardo landarea deitu zioten.
Frantsesek, ardo edale izaki, ardo saltzaileen landarea. Ingelesek garagardo landarea. Euskaldunon sagardotegietan jarri beharko dugu edalontzitako hondarra berari botatzeko. Buila eta zalaparta, hezetasuna, ilunpea, ostikadak gorabehera iraungo luke. Antzeko zoko zuloren batean landareren bat jarri nahi izanez gero «artoa», sagardo landarea edo aspidistra eskatu, baina kontuz ongarria gehiegi dantzatu gabe oparotasunean ez baitaki bizitzen
Jabier Agirre
Izenburuan bezala izendatu zuten egileek hildako emaile bakarrarekin hiru pertsona heldurentzat egindako aldibereko aurreneko gibeleko transplantea. Operazioa Pariseko periferian dagoen Paul Brousse ospitaleko gibel eta behazunbideetako sailean burutu zen joan den irailaren 15ean. Transplanteak hemezortzi ordu iraun zuen eta hamalau zirujau, zazpi anestesista eta hogeita bat laguntzaile aritu ziren. Pazienteen susperraldia ezin hobeto doa oraingoz.
Transplante hirukoitza Marseillan hasi zen: heriotza zerebraleko egoeran zegoen emaile baten gibela, metabolismoko gaitz baten ondorioz egoera kritikoan zegoen paziente bati transplantatu zitzaion. Kirurgialariek bizirik zegoen pazientearen gibela bitan zatitu zuten, eta erdi bakoitza organo egokien zain zeuden beste paziente heldu banari transplantatu zitzaion. Gibelak duen erregenerazio ahalmenari esker, 600 gramo inguruko zati bakoitzak, hilabete batean gutxi gorabehera kilo eta erdiko pisu normala berreskuratuko du.
Gibelaz gain, balentria tekniko hori (hiru gaixo aldi berean transplantatzea) posible da birikarekin ere, baina ez zoritxarrez gainerako organoekin. Henri Bismuth medikuak, Pariseko ospitalean operazioa egin zuen ekipoaren zuzendariak esan zuenez, aurrerantzean ere baldintza berdintsuetan aurkitzen diren pazienteekin gisa bereko ebakuntzak egingo dituzte
AURREKONTUEN ZURRUNBILOAN
UPN-K eta PSNk adostu dute jada aurrekontua. Sozialistek argi utzi dute erregionalistekiko duten menpekotasun sakona. Begi bistakoa da. Jaurlaritzan EAJ eta EAk ere prest dituzte berenak eta, izandako negoziazioen ondoren, ez dirudi EHk trabak jarriko dienik Legebiltzarrean. Iazko aurrekontuekin konparaketa egitea ez da gaitza izango, eta beraz, ekarpen berrien nondik norakoak ikusi ahal izango dira. Deigarria da % 70 gastu sozialera bideratzea, hala baldin bada behinik-behin, ikuspegiaren arabera zorro zabala izan baitaiteke gastu sozialarena. Sindikatuek behintzat, ez dute gauza handirik sinesten. Azkenik, eta azterketa sakonetan sartu barik, bitxia izan da aurrekontu horien aurretik Jaurlaritzaren menpe dauden soldatadunekiko akordioaren argazkia: CCOOk eta LABek sinatu zuten bitartean, UGTk eta ELAk ez. Aurrekontuena biribiltzeko, borrokaren gorian, Madrilgo Legebiltzarrean EAJk bere sostengua eskaini die PPren aurrekontuei. HBk, ordea, Madrilera gero eta gutxiago begiratu behar dela dio baina kasu honetan —logika baten barne— gogor kritikatu du EAJren jokaera.
BALZAREN ADAR ETA BUZTANA
JAVIER Balza Eusko Jaurlaritzako Barne Kontseilariari adarrak eta buztana atera zaizkio, komunikabide espainiar gehienen begietara bederen. ETArekiko elkarrizketak bideratzeko, PPri Belen Gonzalezen atxiloketari zein neurri positibo gehituko dion galdetzeagatik etorri da marea, EAEko PPk bere estilora —etekina ematen dion estilora— ondo baino hobeto baliatuz. Orain arte Eusko Legebiltzarrean erabili gabeko kontseilari baten aurkako zentsura mozioa aurkeztu dute popularrek Balzaren aurka. Zarata, ikuskizuna, Balzaren madarikazioa, arreta desbideraketa... Hori guztia da PPk bilatzen duena zentsura mozio honekin, atera ez baita aurrera aterako. Negoziatzailea harrapatzearena Erdi Haroko filmetakoa dirudi, barrabaskeria, ez hirugarren milurtekoaren ateetan gatazka bati irtenbidea emateko borondatea duenarena.
EA-K LARRALDE SOSTENGATZEN DU
IPARRALDEKO Eusko Alkartasunak kurtso berriko lehen agerpen publikoa burutzean, Euskal Departamenduaren aldeko manifestazioan herritarrek erakutsiko sostengua eskertu zuen. Alta, RPR, UDF nahiz PS alderdietako hautetsien inplikazio falta salatu zuen. Agerpen publiko berean, Eki Baionako kantonamenduko bozetan ABko Xabi Larralde hautagaiari sostengua berretsi zioten Txomin Peillen eta Manex Pagola eakideek. Aldi berean, EAJren jokamolde ulertezina dela dio. EAJk UDF-RPRko Jean-Rene Etxegarai hautagaiarentzat eskatu du botoa.
ATARRABIAKO AUKERA GALDUA
ALFONSO Ucar da Atarrabiako alkate berria, Pello Monteanok duela bi aste bere dimisioa aurkeztu ondoren. Sinbolikoki EA (hautagaitza intependentea izan arren), EH eta Ezker Batuaren alkatetza zen, Nafarroan aire berria arnas daitekeenaren adierazle. Aire zaharra itzuli da UPNko alkatetzaren errepikapenarekin. Ez dira egon behar zen tokian Monteano alkate gisa sostengatu duten alderdiak; baina bereziki Monteano bera, gatazka testuinguru batean nekez uler baitaiteke UPNko zinegotziari egindako eraso desegoki batek horrenbeste kostatakoa hankaz gora botatzea. Norberen printzipioekiko duina izan daiteke, baina politikoki heldugabea ere bai.