Nora joan dira beltzez jantzitako ikusle zurbil haiek?
Bizilegea da; ume guztiak hazi egiten dira. Aurreikusi bezala, 10 urteren buruan Antzoki Zaharra txiki geratu zaie eta ekitaldiak inoiz baino ikusgarri eta anitzagoak dira. Horrek ordea, ezin itsu gaitzake. Jose Luis Rebordinosek dio anabasa ordenatua dela aste honen arrakastaren sekretua. Hasieran hala bazen ere, orain bistan da Beldurrezko Astea zintzotu egin dela, zoldaren kontrako txanpua erabiltzen hasia dela dirudi. Hasierako ikusle horien artean bada giro haren falta somatzen duenik. Lehengo parranda deskafeinatu egin da, gau maratoietan kasu, gutxi dira goizeko 7ak arte irauten dutenak. Egia da halaber, ez dela garairik onena beldurrezko filmentzat. Programazioa beraz, ezin da kritikatu, egiten denaren ispilu baino ez da.
Canal +en lehorreratzea ongi dago, sosa eta baliabide gehiago ekarri baititu. Horrekin batera ordea, giro madrildarragoa nagusitu da, gonbidatu nahiz aginteran. Beldurrezko asteari buruzko aurtengo laburra Canal +ekoek egin behar dute. Esaterako, iaz, Antzoki Zaharreko bilgune den tabernan, Canal +ekoak etorri eta jendea isilarazi zuten, planoa hobeki hartu ahal izateko. Beren agenda estuegia egongo da, baina Juanma Bajo, Alex de la Iglesia edo Santiago Segurak egiten zutenean, giroa askoz epelagoa zen. Esanak esan, asteburuko giro hura aise berreskura liteke, laburrekin gehiago jokatuz, Euskal Herria eta Espainiako jendea hobetsiz eta barruko zalaparta bultzatuz; publikoa berehala piztuko da-eta. Aupa beldurrezko astea!
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.