Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-10-31 -- 1735.zenb

Nafarroako aurrezki kutxen bategitea onartua; EAEkoena atzeratua

argazkia


Juan Jose Ibarretxe buru duen Gasteizko Gobernuak legealdi honetarako helburutzat bazuen ere, azken udal eta foru hauteskundeen ondotik sortutako arazo politikoek atzeratu egin dute oraingoz EAEko hiru aurrezki kutxen (BBK, Vital eta Kutxa) bategitea. Nafarroako kutxen (Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Iruñeko Kutxa) bategiteak, ostera, Nafarroako Aurrezki Kutxen Federazioaren oniritzia jaso du eta 2000 urteko urtarrilaren 3tik aurrera errealitate izango da.
Udal eta foru hauteskundeetako emaitzek egiazki arazoak sorrarazi dizkiete Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako aurrezki kutxen fusio prozesua diseinatu dutenei. Ez da gauza bera hiru udaletxe garrantzitsuenak eta hiru foru aldundiak abertzaleen esku egotea edota indar politiko desberdinen kontrolpean izatea. Eta azken hau da oraingo kasua; Bizkaian ez legoke aparteko arazorik, udaletxea eta aldundia EAJren esku izaki, baina bai Araba eta Gipuzkoan, PPren eta PSOEren —hurrenez hurren— kontrola handiagoa baita.
EAEko hiru aurrezki kutxen pastela oso da gozoa, eta tartean liskar politikoak sortzea ez da harritzekoa. Gogoan hartzekoa da aldundiak eta udaletxeak direla kutxon sortzaileak eta beraz, instituzio haien kontrola dutenak dutela ere hauen kontrola. Aurrezki kutxen batzarrean horrela banatzen da ordezkaritza: % 41 ezarleek, % 32 kutxen bulegoak dituzten herrietako udaletxeek, % 22 entitate sortzaileak (udaletxeak eta aldundiak).
Datozen asteotan hiru kutxek ezarleen ordezkariak aukeratzeko hauteskunde prozesu luzea abiatuko dute, eta 2000. urteko lehen hiruhilekoan amaituko da. Prozesu hau ofizialki neutroa bada ere, alderdi politiko garrantzitsuenek gogor egiten dute lan beren programen aldeko hautagai eta botoak biltzeko. Orain arte borroka honetatik kanpo egon den PPk Arabako Vital Kutxaren kontrola du helburu.
Gauzak horrela, EAEko hiru kutxen bategite azkarra asmotzat dutenek egonarriz jokatu beharko dute, borroka politikoek prozesua zailduko baitute. Balizko bategiteak inoiz baino gehiago hiru aldetiko negoziazioa (EAJ, PSE-EE eta PP) beharko du, batzar bakoitzaren bi herenak baiezkoa ematea nahitaezkoa baita. Eta honek ez dirudi oso erraza. Testuinguru honetan, adierazgarriak dira BBK-ko lehendakari Jose Ignacio Berroetak botatako hitzak: «

Bategitera jo behar badugu, egin egin behar da eta azkar... baina ez badago akordiorik, ez da deus gertatzen, EAEko hiru kutxek aise erakutsi baitute bakarrik funtziona dezaketela
».
Aurreratuago dagoen bategitea, bestalde, Nafarroako bi aurrezki kutxena da. Nafarroako Aurrezki Kutxen Federazioak fusio plana onartua du dagoeneko, eta 2000 urteko urtarrilaren 3an azkenik CANek Iruñeko Kutxa bereganatuko du. Bi entitateen administrazio kontseiluak izango dira bereganatze bidezko fusioa aurki berretsiko dutenak. Nafarroako Gobernuak bakarrik diseinatuko ditu entitate berriaren finantz politikak. Beraz, entitate berriak Frankismotik jarauntsitako egitura bera izango du: ez du ez batzar orokorrik ezta gizarte eragileen partehartzerik izango. Bategitetik sortzen den entitate berriak 272 bulego izango ditu herrialdean barrena. Gizarte ekintzak sortzeke dagoen fundazio batek kudea ditzake etorkizunean

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan