Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 16:35:30
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-10-31 -- 1735.zenb

MENDE BAT GIPUZKOARREN OSASUNAREN ZAINDARI

Elisabeth Pombo

Jose Maria Urkia Etxabe sendagileak bere aitzindari eta kideen historiak eta gorabeherak jaso nahi izan ditu «Cien años de medicina en Gipuzkoa. 1899-1999» liburuan.

Azken 100 urtetan medikuntzak aurrerapen handiak ezagutu ditu. Guztia ordea, ez da arrosa kolorekoa izan; gure arbasoek izurrite ugari ezagutu zituzten eta askok, ondorioz, bizitza galdu zuten.
Donostiak «hiri higieniko» titulua jaso ahal izateko ezaugarriak zituen. Horren atzean ordea, sendagile adoretsu askoren lana zegoen, batik bat XIX. mende amaieratik hasi eta Gerra Zibilera arte doazen urteetan. Izen ospetsuak ziren Emiliano Eizagirre, tuberkulosiaren aurkari garrantzitsuena eta Benigno Oreja urologoa.
XX. mende hasieran tuberkulosiak gogor erasotu zuen Gipuzkoa. Horren adierazgarri da Luis Alzua medikuak eginiko aipamena: «Donostia higiene-zerbitzuengatik hiri eredugarria bada ere, eta nahiz eta bertatik neurri handi batean baztanga eta erupzio-sukarrak desagertarazi diren, tuberkulosia jaun eta jabe da».
Osasunaren aurkako eraso horren aurrean Emiliano Eizagirre eta Manuel Zaragueta sendagileek tuberkulosiaren kutsatze arrazoiak eta gaixotasunari aurre egiteko bideak ezagutzeko orri batzuk atera zituzten. Bestalde, 1912. urteko irailean Espainiako Tuberkulosiaren Biltzarra egin zen Donostian, eta urte berean lehen aldiz Espainian, «Lorearen Festa» izenez ezagututako diru-biltzea antolatu zen, tuberkulosiari aurre egiteko laguntzak jaso asmoz.


1918KO GRIPE PANDEMIA.

Baina tuberkulosiaz gain, Gipuzkoak beste zenbait gaixotasun bortitz ere ezagutu du. Horien artean 1899ko uztailaren 4tik 1900. urteko ekainaren 13a bitartean izandako baztanga izurritea. 36.000 biztanletik 294engan izan zuen eragina, batik bat umeak eta Donostiko Alde Zaharrean bizi zirenak. Hala ere, izurrite guztien artean beldurgarrienetako bat 1918ko gripe pandemia izan zen.
Gripea Frantzia eta eta Ipar Euskal Herritik Irungo mugan barrena sartu zen Gipuzkoara eta hemen biziki gogorra izan zen izurritea. Prebentzio neurrien artean lehena muga ixtea izan zen. Hala ere, gipuzkoarrengan beldurra nagusitu zen, batik bat 1918ko iraila eta urria bitartean. Gripearen konponbideak era guztietakoak izan ziren: alkoholdun edari eta baratxuritik hasi eta Bayer aspirinaraino iritsiz. 1918an Gipuzkoan hil ziren 6.500 pertsonetatik 3.300ek gripearen ondorioz galdu zuten bizitza, iraila, urria eta azaroa bitartean.
Sendagileek ez zuten amore eman eta etengabeko lanaren fruitua izan zen medikuntza arloan lortutako hainbat aurrerapen. Baina zenbait borroka mediku euskaldunek bultzatuta izan bazen ere, asmakuntza asko atzerritik hartu ziren. Horren adibide garbia da esaterako, sifiliaren aurkako Salvarsan edo 606 produktua, Ehrlichek, 1908ko Medikuntzako Nobel sarituak asmatua. Gainera, Donostia eta Miarritze biltzar zientifiko garrantzitsuen guneak izan ziren. Aipagarriak dira adibidez, 1929ko Medikuntza jardunaldiak eta 1934ko Espainiako Medikuen Elkargoen X. Biltzarra, baita urte bat beranduago antolatu zen Talasoterapiaren Nazioarteko VII. Biltzarra ere.
Osasunaren inguruko jardunaldiez gain ordea, Donostian urte askotan zehar Medikuntza Zinemaren Nazioarteko Jaialdia antolatu zen. Ekimena Jose Luis Munoa Roiz oftalmologo famatuaren eskutik etorri zen. 1968an Espainian lehenengo aldiz, medikuntzarekin lotura zuen zinema jaialdia burutu zen. Gran Kursaal enpresak Gran Kursaal antzokia eta Gaxen aretoa eskaini zituen eta Migel Etxarri luzemetraiak lortzeaz arduratu zen.
Lau urtez iraun ondoren, jaialdia krisian sartu zen. 1974. urtean ordea, lehengo ibilbideari ekin zion, baina oraingo honetan Victoria Eugenia antzokian. Jaialdiak medikuntza munduko izen entzutetsu ugari Donostiara ekartzea lortu zuen: Barnard kirurgilaria, Milango Sirtosi, New Yorkeko Byron Smith... Edizio bakoitzean 30 lurralde baino gehiagotako adituek hartu zuten parte, eta desagertu arte, 25 urteren buruan, Europako medikuntza zinemaren jaialdirik garrantzitsuenetako bat izan zen Donostiakoa.


FRANTSES ETA ESPAINIARREN ARTEKO TIRABIRAK.

Ruiz Zorrilla ministroak 1869ko Madrilen otsailean dekretu bat sinatu zuen, zeinaren arabera atzerriko medikuek Espainian lan egiteko eskaera bat aurkeztu eta 200 eskudo (500 pezeta) ordaindu behar zituzten. Kanpoko sendagileak, batik bat Frantziakoak, inolako arazorik gabe jartzen ziren lanean Espainian, bertakoen haserrea sortaraziz. Gainera, atzerritarrek beren lanbidean aritzeko ez zuten denbora aldetik inolako mugarik.
Gipuzkoan Frantzia eta Espainiako medikuen arteko gorabeherak indar handiarekin bizi izan ziren, are gehiago Gipuzkoatik Frantziara joaten ziren medikuek jasotzen zuten tratuaren berri izan ondoren. Esaterako, 1916an Agirre sendagilea Ipar Euskal Herrian lanean hasi zenean Baionako presondegira bidali zuten.
1902an Romanones kondeak Ruiz Zorrillaren dekretua deuseztu zuen, baina zorte horrek hilabete gutxi iraun zuen, ondoren lehengo egoerara itzuli baitziren. 1921ean Francisco Aparicio ministroak Errege Agindu bat osatu zuen, zeinak mediku atzerritarrei emandako baimen guztiak sei hilabeteko epean amaitzeko mandatua ematen zuen. Frantsesek ordea, Madrilen lagun garrantzitsuak zituzten eta Errege Agindua deuseztea lortu zuten. Azkenean, Primo de Riveraren diktadurarekin Espainiako medikuen nahia bete zen, nahiz eta espero zuten guztia ez lortu

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan