Ikuskizunak eta euskal gizarte funtzionarizatua
Oso interesgarria izan zen ARGIAk duela aste batzuk Patziku Perurenaren gogoeta bat egun hauetara berrekartzea. Idazleak horrela zioen: «Funtzionario bat gehiago da bertsolaria». Baieztapen honek bertsolari baten erantzuna, Andoni Egañarena hain zuzen, ekarri zigun. Lehenengoari egindako elkarrizketa gogoratzen badugu, hau oro har artisten joera batetaz mintzatzen ari zen. Idazle naparrak, elkarrizketaren hasieran ahozko literaturari garrantzi handia ematen dio, altxor hau literaturaren sustraitzat duelarik. Literaturari buruz egiten duen gogoetatariko bat hauxe da: «pentsamendu ederra oso gutxi egiten da euskaraz». Honetaz aparte euskal idazleen jarrera masako inperioaren aurrean kalitateagatik apustu egitea da, «zabaldu beharrean sakondu».
Ea bertsolaritza ikuskizun bihurtu den galderari erantzuten dionean etorri da bertsolariaren erantzuna, kexa esan beharko litzateke. Idazleak ez du ukatzen bertsolariek bertso zoragarriak betetzen ez dituztenik, baina bere adierazpenak elkarrizketaren testuinguruan kokaturik, (hobe dela sakontzea zabaltzea baino), ea bertsolariei batzuetan bete-lana egitea eskatzen zaien, hau da, ea beren saioak ekitaldi ofizialak diren ulertu behar da. Horregatik Patzikuk eskatzen du artista batek errebelde izan behar duela. Egañaren idatziak bertsolarien papera defendatzen du, dudarik gabe artista hauen borondatea eta ahaleginak baloratuz. Hala eta guztiz ere Perurenaren gogoeta erantzun gabe geratu da.
Bi idatziek aktualitateko gai bat agerian uzten dute: euskal gizarteak jarrera erosoa hartu du ikuskizunetara joanez, entzun edo-eta ikustera, euskarazko emanaldi guztiak euskaraz direlako besterik gabe irentsiz (edozein arlotan: bertsoak, literatura, telebista, antzerkia, musika...)? Beste era batera esanda, artistei funtzionario izatea eskatzen zaie? Edo benetan eskaintzen zaiguna sakona izatea eskatzen dugu?
Noizean behin horrelako artikuluak ondo etortzen dira gure eguneroko errealitateaz galderatxo batzuk egiteko.
PATXI X. SANZ PEREZ
ANOETA (GIPUZKOA)