HODEI ARTEAN KULUNKA
Karlos Gorrindo
Alberdania
71 orrialde
Karlos Gorrindok bi eleberri ditu argitaratuak eta ez da hau haurrentzat idazten duen lehen lana, duela bost bat urte «Trostan, hegan zein narrasean» ipuina kaleratu baitzuen. Hamar urteko neskatoa da ipuin berri honetako protagonista. Aita langabezian du, gurasoak etengabe eztabaida eta liskarrean, eta hori gutxi balitz, eguraldiak ere ez du laguntzen eta uholdeak dira protagonistaren herrian. Etxe zuloa izaki, ez da askotan kalera irteten; nahiago izaten du amamaren kontuak entzuten edota liburuak irakurtzen aritu. Egun batez amonarengandik zein liburuetatik ikasitakoa koaderno batean jasotzea erabakiko du. Garrindo gernikarraren testuez gain, Tasioren marrazkiak jasotzen ditu liburu honek
ZUMALAKARREGI
Mikel Alberdi
Elkarlanean
106 orrialde
1.080 pta.
Bere ekintza arrakastatsu eta heriotz goiztiarrak eraginda mito eta leienda ugari zabaldu da Tomas Zumalakarregiren inguruan, baita testu mordoa idatzi ere. Oraingoan, Elkarlanean etxeko Biografiak bildumako 10. ale honetarako, Mikel Alberdi egileak mitotik urrundu eta gertakizun errealak kontuan hartuta osatu du liburu hau. Gerrillari eta jeneral ospetsuaren bizitza kontatzearekin batera, idazle irundarrak XIX. mendeko Euskal Herria astindu zuten gertakariei egiten die errepaso: Frantsesada, Konbentzioaren aurkako gerra, absolutista eta liberalen arteko norgehiagoka, Foruen auzia, Karlistaldia... Hau guztiau, garaiko grabatu eta koadroekin eta hainbat dokumenturekin osatua dago
EUSKAL SENA
Latxaga
Auspoa
187 orrialde
1.600 pta.
Jose Maria San Sebastian «Latxaga»k bere produkzio oparoari titulu berri bat gehitu dio: «Euskal sena». Eta horixe da, hain zuzen, Latxagak irakurleari eskaini nahi diona, euskaldunen izaera eta jokaeraren azalpena. Gure izaeraren giltzarriak agertzeko, bi bide aukeratu ditu Latxagak: bata, lehenago hainbat liburu eta aldizkaritan argitaratutako artikulu eta testuak biltzea; bestea, euskaldunen ahotik entzun edota haien artean ikusi duenaren testigantza eskaintzea. Modu honetan, euskaldunak etxean, lanean, festan edota bere onetik ateratzen denean zein jokabide duen esaten du, besteak neurtzeko joera eta besteen beharra dugula dio, baita egoskor samarrak garela ere
BERTSO KONTUAK
Joxe Mari Aranalde
Auspoa
290 orrialde
2.200 pta.
Bertso kontuetan dabil aspaldian Joxe Mari Aranalde gazteluarra. Eta kontu horien inguruan ikusi eta ikasitakoa bildu du lan berri honetan ere. 1986. urtetik 1990ra bitartean, urtez-urte bertso munduak emandakoak eskaintzen dira Auspoaren bilduma luzeko 256. liburu honetan. Horretarako urte horietan eta astero «Deia» egunkarian idatzitako artikulu laburrak jaso ditu Aranaldek. Bertsolari zahar eta berrien izenak topatuko ditu irakurleak bertan, baita bapateko jardunari loturiko beste hainbat gai ere: bertsoaren akats eta abantailak, zentsura, gaijartzaileak, omenaldiak, jaialdi eta txapelketen antolaketak, horien eskasiak eta abar
DUBLINDARRAK
James Joyce
Alberdania
332 orrialde
James Joyce idazle irlandarraren lehen maisu lanaren euskarazko itzulpena burutu du Irene Aldasorok Alberdania etxearen eskutik. «Dublindarrak» hamabost kontakizunez osaturiko liburua da. Baina ez dira ipuin solteak, irakurleak, hasieratik amaierara irakurriz gero, zatien arteko harremana ikusiko baitu. Gainera nolabaiteko orden kronologikoa jarraitzen dute ipuinek: haurtzaroko istorioak datoz lehenik, nerabezarokoak eta helduarokoak ondoren, eta liburuaren azken zatia Dublingo bizitza publikoaren ingurukoa da. Joycek bere inguruko gizartean ikusten duena deskribatu eta salatzen du, pertsonaien bizimodu etsia, paralizazio izpirituala... Deskribapen soiletik at, karga sinboliko handia dute Joyceren kontakizun hauek
KOMUNIKAZIOA- REN GIDALIBURUA
Eusko Jaurlaritza
580 orrialde
Eusko Jaurlaritzak Komunikazioaren Gidaliburuaren bertsio berria, 1999-2000 urteei dagokiena kaleratu berri du. Ohikoa legez, bertsio eguneratu honetan esparru ezberdinetako datuak ageri dira: Eusko Jaurlaritza, elkarte publikoak, Legebiltzarra, Foru Aldundi eta Batzar Nagusiak, Eliza, unibertsitateak, alderdi politikoak, giza-ekonomia eta lan munduko elkarteak, merkataritza ganbarak, komunikabideak, marketing eta publizitate bulegoak, kontsulatuak... Elkarte guztietako ordezkari eta arduradunen izenak, helbideak, telefono eta faxak, nahiz e-mail helbideak topa daitezke bertan
3
PiL.T.
Esan Ozenki
Aitor Abio —teklatuak—, Rafa Rueda —gitarra eta ahotsak—, Xanpe —bateria— eta Txarli Solanok —baxua— izen esanguratsua hautatu dute euren disko berrirako: «3». Izan ere, Mungiako taldeak plazaratzen duen hirugarren lana da hau, taldearen izen bera zeraman estreinako diskoa eta «Denbora» izenburuko bigarren lanaren ondoren. Lan berriaren ekoizpena taldekideek hartu dute euren esku, beti ere Jose Lastraren gidaritzapean. Grabaketak, berriz, Urdulizko Tio Pete estudiotan burutu zituzten joan den udan.
Aurreko lanetako bideari jarraiki, kutsu industrialeko metal doinuak dira nagusi «3» diskoko hamar kantuetan, Mungiako laukoteak beste hainbat tendentziatatik edaten badu ere. Berriro ere, erritmo azkar eta gogorrak, une lasaiagoekin nahastu dituzte eta esperimentazioari ez diote uko egin. Tool, Kyuss, Monster Magnet, Helmet, Handsome, Smashing Pumpkins... eta beste hainbat talderen eragina nabari da mungiarren doinuetan.
«Errautsak», «Zuloa», «Bihar» eta beste zenbait kantutan erritmo indartsu eta bortitzak dira nagusi. Baina doinu lasaixeagoentzat ere badu tokia disko honek; «Eskutitza N.Y.tik» dugu horren adibide garbia.
Hitzek iluntasun kutsu nabarmena dute, etsipena islatzen dute sarritan, surrealismo ukitu batzurekin, bestetan, eta baita inkonformismoz ere