Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-10-31 -- 1735.zenb


ZUBEROAKO HERRI IZENDEGIA

Euskaltzaindiak Zuberoako herri eta herritarren izendegi ofiziala amaitu berri du. Herrialdeko kultur elkarteekin adosturiko lan honek proposatzen duen aldaketarik azpimarragarriena kontsonante ondotik `h' letra duten herrien izenek grafia hori edukiko dutela da. Euskaltzaindiak, esate baterako, Atharratze, Olhaibi edo Sorholüze hobetsi ditu, nahiz eta horren kontra zenbait mintzatu zen. Zerrenda berri honek 1966tik irauten zuena ordezkatuko du.


EUSKARA JUSTIZIAN

Justizia Administrazioan euskara normalizatzeko erakundearteko batzordeak eginiko lana eredugarritzat jo zuen iragan astean EAEko Justizia sailburu Sabin Intxaurragak. PP eta PSE-EEk zalantzan jarri zituzten orain arte eginiko urratsak. Iritzi hauek gaitzetsiz eta batzorde honek erakutsi duen «eraginkortasunagatik», batzordeak lanean segitu behar duela adierazi zuen Intxaurragak.


EKE-REN GOGOETA ASTEBURUA

Euskal Kultur Erakundeak (EKE) gogoeta asteburua antolatu du azaroaren 5 eta 6rako. «Nolako euskal kultura XXI. mendean» galderari erantzuten saiatuko dira partehartzaileak. EKEko zuzendari Pantxoa Etxegoinek euskarak eta kulturak hamar edo hogei urteren buruan beteko duten lekuaz gogoetatu behar dela aipatu zuen, egitarauaren harira. Lau galdera orokorren inguruan hausnartuko dute, lau lan taldetan banatuta, bertaratuko diren ehun bat pertsonek.


UEMA-K ZUZENDARITZA BERRIA DU

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) zuzendaritza batzorde berria aukeratu du. Lehendakaria Kontxi Gabantxo da eta 9 batzordekide izango ditu. Datorren urteetarako helburu eta erronkak zehaztu zituzten, eta alderdi abertzaleei, EAJri bereziki, proiektuan inplikatzeko eskatu zieten.

Txiripaz hasi zen esatari lanetan. Duela 5 urte bikoizketa ikastaro bat egiten hasi eta bere burua probatzeko edo, Donostia bere hiriko Herri Irratian «Azken furgoia» musika saioa aurkezten amaitu zuen. Gero, Euskadi Gaztean ordezkapenak egiten hasi zen, gaur egun arte. Bere saioan asteguneko irrati formula klasikotik aldendu eta berrikuntza zein monografikoei egiten die tarte. Asierrek gogoan du beti Woody Allenen «Radio days» filma, irratiarekiko grina erakusten duelako,

«pertsonaiei, familia giroan zein bakardadean, irratiak sortzen dien zirrara»
. Bere irudiko, irratian oztoporik handiena nork bere buruari jartzen diona da:

«Zure aldartea hor egonda ere, segurtasun falta hori gaindituz gero, edozer egin dezakezu. Pentsatu norbait autoan doala euripean zuri entzuten»

KANPOKO EKAITZATIK BABESTUTA
Goiko lerroetan aipatu bezala, lizentzia komertziala eskuratuta eta kanpoko burrunbatik at, bideari ekin dio Nafarroako Unibertsitateko irratiak. 24 orduko emisioa taxutu dute, nafartarren bizimoldera egokitua. Pixkanaka enpresen sustengua lortzen joango dira. Lantaldea 12 lizentziatuk eta praktiketako 50 bat ikaslek osatzen dute. Eguneroko programazioaren zutabeak informatiboak eta hiru magazin dira; baita musika ere. Angel Faus zuzendariak adierazi digunez, programazioaren % 20 euskaraz edo euskarari eskainia dago. Dena den, euskarazko eskaintza zabaltzen joatea espero dute

IRUN HIRIAREN JABE BERRIAK
Urriaren 16an, larunbata, Irun
Hiria literatura sariak banatu ziren
Gipuzkoako herri horretan. Nobela
saria Iñaki Mendiguren ezkiotarrak
eraman zuen «Ilunkerako xuxurlak» lanarengatik. Poesia arloko saria,
aldiz, Patxi Ezkiaga legorretarraren «Udazkenerako hamar kanta» poema bildumarentzat izan zen. Gaztelerazko
sariak Monica Isabel Prat eta Jose Ramirezentzat izan ziren. Ekitaldi
berean, iazko irabazleek (Hasier
Etxeberria, Joan Mari Torrealdai,
Isabel Diaz, Fernando Luis Chivite eta
Concha Fernandezek) urrezko gaztelu
bana jaso zuten. Aurtengoan
orotara 361 lan aurkeztu dira,
inoiz baino gehiago; euskarazko
lanen kopuruak, ordea, txikia izaten
darrai gaztelerazkoen aurrean:
aurkeztutako guztien artean 26
baino ez dira euskaraz bidali.

Ekainean grabatu zuen Oskorrik diskoa.

Kontseiluko zuzendaritzako kideak.


KULTUR BIRA NAFARROAN

NAFARROAKO Udazkeneko Biraren hamaseigarren edizioa hilaren 15ean hasi zen eta abenduaren 11 arte luzatuko da. Epe honetan 200 biztanletik 775era bitarteko Nafarroako 51 herritara iritsiko da aurtengo bira. Egitarauaren barruan, musika, dantza, antzerkia eta zinema arloko hainbat ekitaldi dago antolatuta.


ASTEARTERO MUSIKA GASTEIZEN

«ASTEARTE Musikalak» areto emanaldien lehen ekitaldia hilaren 19an eskaini zuen Pragako Ganbera Orkestrak, Mozart, Shubert, Fils eta Tchaicovskyren obrak interpretatuz. Edizio honetarako guztira 26 kontzertu daude antolatuta, horien artean, Pablo Sarasate lehiaketan saritutako Mikhail Ovrutskik eskainiko duena.


OSKORRIREN LAN BERRIA

«IPARRAGIRRE bueltan etxera» izeneko lana plazaratu berri du Oskorrik, Elkarlanean argitaletxearen eskutik. Ekainaren 26an Urretxuko herri osoa bildu zuen kontzertu batean grabatu zen honako disko hau. Hain zuzen, urretxuarraren 23 abestiren moldaketa bildu du Oskorrik lan honetan. Horietatik hamar ezezagunak dira. «Xardina berriak» 1890eko «Euskaltzale» aldizkariko ale batean topatu zuten. «Mairuen Bandera» berriz Antzuolan soilik abesten zen eta «Aloña Mendi» Oñatin. Aldi berean, gure garaira musikarik gabe iritsi diren zenbait abesti bildu dituzte.


LANBIDE HEZIKETA INTERNETEZ

INTERNET bidez Lanbide Heziketaren munduko ikasketak egitea bideratuko duen enpresa berria, ZabalNet, aurkeztu zuten hilaren 18an Gasteizen. Hainbat erakunde publikok, enpresa pribatuk eta ikastetxe batzuk sustatu dute enpresa berriaren sorrera. Momentuz proba moduan 150 ikasle aritu dira ZabalNeten bitartez ikasketak egiten. Datorren urtean 10 modulo eskaini nahi dituzte eta 2.800 ikasle izatea dute helburu.


KING VIDOR EUSKARAZ

KING Vidor zinemagilearen inguruko zikloari urriaren 20an eman zitzaion hasiera, Donostiako Nosferatu denboraldian barruan. «Jendetza» izenburuko filma euskarazko azpitituluekin eskaini zuten eta beste bi filmek ere euskarazko azpitituluak izango dituzte. Guztira, zikloaren barruan, King Vidorren 10 pelikula ikusi ahal izango dira abenduaren 22a bitartean.


KONTSEILUAK ZUZENDARITZA BERRIA

EUSKARAREN Gizarte Erakundeen Kontseiluak bere zuzendaritza berritu du. Orain arte Ikastolen Elkarteko ordezkaria, Paulo Agirre, izan da lehendakari lanetan eta Elkarlanean-Zabaltzeneko Mikel Arrizabalaga lehendakariorde moduan. Hemendik aurrera «Euskaldunon Egunkaria» izango da Kontseiluko lehendakaritzan, Iñaki Uria ordezkari duelarik eta Topaguneko Fernando Muniozguren lehendakariorde izendatu dute. Idazkari lanak Inaki Irazabalbeitiak beteko ditu Elhuyarren izenean eta diruzaintza UEUko Iñaki Markoren esku geratu da. Aipatutakoez gain Paulo Agirre, Mikel Arrizabalaga, AEKko Erramun Osa, IKAko Asis Arbide, EHEko Gabi Basañez, «Jakin»eko Joan Mari Torrealdai eta Euskal Konfederazioko Alberto Atxotegi ere zuzendaritzako kide dira.

Lore Erriondo Korostolak honela zioen «Euskaldunon Egunkaria»n: « (...) Euskal irakaskuntza sistemarik existitzen ez dela diodanean, honi egozten diot gure seme-alabek, etorkizun hurbileko gizartean eraikitzaileak, euskaldun edo erdaldun izateak alderik ez duela pentsatzea (...)».

Iñaki Zubizarreta honela mintzatu zen «Euskaldunon Egunkaria»n: «Euskararen kontuak, ondo joatekotan, ezinbestekoa du egunkari eta aldizkarietan, irrati eta telebistetan, zinean eta interneten oparo sartu eta bizkor ibiltzea (...) Komunikabideak dira gaurko munduan hizkuntzaren autobideak (...)».

Patxi Iraolak hau esan zuen «Goierritarra»n: «Goi mailan dabiltzan bertsolari gehienak txapelketatik ateratakoak dira. Lehen beharrezkoak ziren eta orain ere bai (...)».

Jose Luis Larrea Cenozek honako hausnarketa egin zuen «Gara»n: «Nire ustez, modu sinplista batean, euskara ikastola pribatuarekin identifikatu izan da askotan (...). Askoz ere konpromiso handiagoa da euskararen alde apustu garbia eta tajuzkoa egitea sare publikoan».

Salbuespenak egon badauden arren, etxeetara heltzen zaigun publizitateak euskarari eskaintzen dion tartea ez da zabala izan ohi; askotan, gainera, akatsez jositako tartea izaten da. Pryca merkatal guneak «Las sorpresas continuan» izenburupean bidalitakoa adibide tamalgarria da. Akatsik ez da, ez baita euskararik. Zoritxarrez, ezustea euskara agertzea izango zatekeen.

GEURE HEZKUNTZA
Inaxio Oliveri Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua honela mintzatu zen «Euskaldunon Egunkarian»:
«
(...)Hasteko, Hezkuntza Sistema Propioa zer den zehaztu beharko genuke. Nire ustez, egitura, antolaketa, edukiak, irakasleak eta abar botere legegile propioak erabakitzen dituen lege eta arauekin erregulatzen direnean dugu Hezkuntza Sistema Propioa. (...)
Bistan da gaurko euskal hezkuntza sistema ez dela geure Sistema Propioa. (...) Ezin dugu hauetako bakar bat ere geure-geurea edo propioa denik esan, izan ere EAEkoa eta Nafarroakoa (Iparraldeari bere lurraldetasuna ere ez zaio aintzatesten) Espainiako gorteek emandako oinarrizko legeek mugatuta baitaude. (...) Argi dago arazo hau Hezkuntza Sailaren jarduketa-esparrua gainditzen duen arazoa dela, arazo politikoa da (...). Nire ustez aurrerantz egin daiteke eta egiten ari gara. Sistema zeharo arrotza izan genuen abiapuntu. (...) Sistema hartatik, gure herria euskalduntzeko dugun bitartekorik garrantzitsuena den sistema honetara igaro gara. Hau lortu izanak jada merezi du autonomialdia baikortasunez baloratzea(...). Ez dugu geure-geuretzat har dezakegun hezkuntza-sistema bat, baina halere badugu euskal sistema berezi bat (...)».

Juan Martin Elexpuruk
bere ardurapean dagoen Literotura bildumarako titulu berri bat prestatzen ari da. Azaroaren amaiera edo abenduaren hasierarako izango da kalean eta «Euskal lizunkeriaren antologia» izenburua izango du. Tituluak dioen moduan, euskal literaturan topatu dituen pasarte erotikoen antologia da lan berria.

Eduardo Txillida
eskultoreak Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Giza, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien V. saria jaso zuen iaragan astean, kulturaren garapenean egindako lanagatik.

Inazio Mujika Iraolak
liburu berri bat kaleratuko du egunotan Alberdania etxearen eskutik. «Gerezi denbora» du izena eleberriak eta gerra denborako kontu eta gertaerak, benetazkoak nahiz alegiazkoak, ditu ardatz.

FILM LABURRAK EUSKARAZ
ETBn ez zaie oharkabean pasa Espainiako telebistetako film laburrak eskaintzeko moda. Betegarri gisa izanda ere, gau erdi aldera euskaraz egindako laburrak, «Anabasa eremua» eta «Laugarren galeriatik» kasu, eman dituzte. Txalogarria da, nahiz eta euskarazko aukera hagitz urria den. Ondo legoke ETB-2n ere hasiko balira gaztelerazkoak botatzen

KALE INKESTEI BURUZKO SAIO BERRIA LASTER
Baleuko ekoiztetxeak prestatzen diharduen saio berri honetan, hiru aurkezle karrikaratu eta mota guztietako galderak egingo dizkiote jendeari, politika, sexua edo txutxumutxuak direla. Albistegi baten tankera hartuta, bideoei emango zaie bide. Oraindik zehaztu ez badute ere, azaroaren hondarrean hastea espero dute

SCORSESEREN «ZEZEN BASATIA» ZINE ORON
Gazteleraz hamaika aldiz eman dute, euskaraz berriz, gutxitan. Zenbait Oscar irabazi zuen film gordin honetan, Jack la Motta boxeolariaren igoera eta infernurako jauzia gordinki erakusten zaigu. Robert de Nirok 40 kilo gizendu zuen. Joe Pesci ere anaiarena egiten bikain dago. Hitzordua, azaroaren 7an, igandea, gauerdia pasatxo

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan