Astekaria

 Erreportajea 

BERTSO GUDUA

Iñigo Aranbarri

Iñigo Aranbarri


1734. alea
1999-10-24
alde 0    kontra 0

Denborari zipotza sartuta eta Jainkoari orduak ostuta ateratzen du Aitzolek Euskaltzaleak elkarteak antolatutako ekimen guztiak aurrera eramateko indarra. Seigarren Olerti Eguna izanen da aurtengoa. Bertsolaritzak ere beste horrenbeste merezi duelako antolatu du Euskal Herriko lehen bertsolari eguna, berak Bertso Gudua deitu nahiago duena:

«

Bertsolaria, geienean, ez da bakarrik yarduteko yaioa. Inguruan adiskidea bear du, arerio antzean, guda bizian aritzeko. Orduan sormena arrotu, adimena zorroztu eta irudipena aberasten zaizkio. Koplakarien arteko yardun oneri, antziñetik, gudua deitzen zaio. Etzaigu atsegin bertsolarien alkar yarduketari batzaldi, yokualdi eta kideko itzez ezagutzea, yatorrizko itz egokia dun ezkero; izen egoki bakarra bertsolari gudua bedi betirako

».

San Sebastian egunez, Donostian Eusko Gaztediak duen Poxpolin aretoan bildu ditu gudukariak eta entzuleak. Goizeko hamar eta erdietan, Aitzol, Zubimendi, Altzaga, Lekuona, Olaizola eta Olanok osaturiko epaimahaiaren aurrean daude bertsolariak. Hogei dira guztira, hamazortzi gipuzkoar eta bizkaitar bi.

Aulkietan eserita, elkarren artean oso bestelako bertsolariak dira jende aurrean agertu diren gizonak. Bruxaz jantzita batzuk, korbataz besteak, ez da soilik janzteko erak elkarren desberdin egiten dituena, bertsoetan, kantatzeko eran dira batez ere diferente. Esan beharrik ez dago, bi mundu dira soinez soin elkarren ondoan daudenak.

Larogei urte gainean ditut

nago anketako minez

Donostiara etorria naiz

erren andia eginez

bi bastoirekin txit larri nabil

pausorik eman ezinez

euskara ia aztu zait eta

erderarikan jakin ez

maixu batekin eskolan laster

asi bear dut latinez.

Kantatu dio Aitzoli jendearen barre algara artean Txirritak, buru eskuarekin hura erakutsiaz, maisutzat bera aukeratua zeukala adierazi nahian bezala. Ironia legez ulertzea badago. Aitzolek maite ez duen bertsolari erakoa da Txirrita, taberna zulokoa, upelzaleegia... Poesian bezala bertsotan ere, giro berrietara egokitutako bertsokera du nahiago, euskal bihotzak suspertuko dituen mezuak bortxa gabeko bertsotan emanen dituena, jantzia, dotorea. Eta hemen du.

Bertsolariak eman diote

txeko erriari gorantza,

Mireio batek edergallutan

yosia zuen Provenza.

ene Yainkoa egin zaiguzu

guri bear den laguntza,

al dan azkarren sendatu zagun

gaixo dan euskel izkuntza.

Txekiako herria, Mistralen Mireio, Provenza... Euzkadi eta El Día-n kolaboratzaile den Basarri gazteak erabili dituen erreferentziak bertso munduan zeharoan berriak izanagatik, Pizkundeak, eta batez ere Aitzolek propaganda legez prentsan egunero darabiltzanak dira. Gaiari heltzeko eragatik soilik, zuritik beltzerakoa da batetik bestera, Txirritaren bruxatik Basarriren korbatara dagoen aldea.

Aitzol abisatuta etorri da, gudua da batzaldi baino. Aitzolentzat, eta berez Pizkundearentzat ere bai, abertzaletasunak foralismoari gain hartu beharreko gudua da gaurkoa. Eta Aitzol buru duen epaimahaiak ez du Basarrik ematen dion aukera galdu nahi. Hiru ordu luzeko burrukaldiaren ondoren, eta aho batez, Iñaki Eizmendi, Basarri zarauztarrari eman zaio Lehen Bertsolari Eguneko txapela

1935

«Arrats Beran» Lauaxetaren olerki-bilduma argitaratu zen. Plazaratu ziren, gainera: Jokin Zaitegiren «Bide nabar» poesi lana; R. M. Azkueren «Euskalerriaren Yakintza»ren lehen liburukia; Txomin Jaka-Kortajarenaren «Irri bertsoak»; Jautarkolen «Maite opari» eta Jokin Zaitegiren «Bide nabar» poesi liburuak; Felix Markiegiren «Seme ondatzaillea» eta Tene Mujikaren «Gogo oñazeak» antzerki-lanak; Pablo Zamarriparen «Kili-kili» ipuina...


La Hoya Metal-Aroko aztarnategia aurkitu zuten Biasterin. 1973ra arte ez ziren indusketa-lanak hasi.


Sorginen Txabola trikuharria aurkitu zuten Bilarren. Joxemiel Barandiaranek aztertu zuen.


Jean Etxepare idazlea hil zen.


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1733
 
azala1732

1734 zenbakia.
1999ko urriaren 24a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza