Datorren urterako hitzarmena
sinatu zuten hilaren 8an AEK-ko eta
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko ardaradunek. AEK-k eta HABEk
1995ean sinatu zuten akordio esparrua,
eta urtero berritzen dute hitzarmen
bidez. Hilaren hasieran sinatutako
akordio honen bidez, HABEk 635
milioi pezeta (25,4 milioi libera) emango
dizkio koordinakundeari euskaltegiak
finantzatzeko, eta 3 milioi «Aizu!»
aldizkarirako. Gainera, hitzarmenean
jasotzen denez, AEKren 13 euskaltegi jarriko
dira aurten homologazio bidean. Bestalde, urriaren 24an ospatuko da Saran AEK
Egunaren hamaikagarren edizioa.
«Euskaraz jantzi hadi eta haugi!» izango
da aurtengo lema. Hainbat ekitaldiren
bidez euskararen ofizialtasuna Euskal
Herri osoan eta plangintza nazionalaren
premia aldarrikatuko dute bertan.
Antzerki Zikloa abendurarte luzatuko da.
Hernaniarrentzat amaitu da Txapelketa.
GETXOKO FOLKA EUROPAKO FOROAN
GETXOKO Folk Jaialdia munduko musika jaialdietako antolatzaileen Europako biltzarreko kide izendatu dute. Munduko Musika Jaialdien Europako Foroa 1991.urtean sortu zen eta Alemaniako, Holandako, Espainiako eta Frantziako musika jaialdi garrantzitsu batzuk biltzen ditu.
FREDDY KRUEGER DONOSTIAN
DONOSTIAKO Fantasiazko eta Beldurrezko Astea hilaren 28an hasi eta azaroaren 7an amaituko da. Aurten «A nightmare on Elm Street» pelikulako Freddy Krueger (Robert Englund aktorea) Donostiara etorriko da eta epaimahaikideetako bat izango da. Aurtengo ekitaldiak gainera omenaldia eskaini nahi dio fantasiazko eta beldurrezko zinema mexikarrari, «Mexikar zinema psikotronikoa»ren zikloa izango delarik. Lehiaketari dagokionez, hainbat herrialdeko 20 film laburrek hartuko dute parte agerraldian.
ANTZERKI ZIKLOA NAFARROAN
NAFARROAKO Antzerki Eskolak eta Nafarroako Gobernuak Udazkeneko Antzerki Zikloa antolatu dute, aurten hamalaugarren aldiz. Urriaren 12an hasi zen antzerki zikloa eta abenduaren 19rarte luzatuko da. Guztira 14 lan taularatuko dira zikloan. Parte hartzaileen artean Espainiako zein kanpoko taldeak daude. Eta txotxongiloek ere izango dute lekua. Aurtengo zikloaren ezaugarri nagusiak taldeen konpromisoa eta Latinoamerikako konpainien partehartzea dira.
ZUBEROAKO HERRI IZENDEGIA
EUSKALTZAINDIAK Zuberoako Herri Izendegia aurkeztu zuen urriaren 15an Iruñean eta 16an Maulen. Urtebete eman du Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak Zuberoako Herri Izendegia gauzatu ahal izateko. 1998an J.L. Davant euskaltzain osoak lan hau egiteko eskatu zion batzordeari, Zuberoako euskaltzaleen artean ez zegoelako adostasunik herriei jarri beharreko izenei buruz. Onomastika batzordeak Zuberoako euskaltzain osoen laguntza ezezik bertako euskaltzaleena ere eskatu zuen. Hiru bileren ondoren gauzatu zen proposamena. Onartutako irizpideen artean, kontsonante osteko h-ei eustea erabaki zen, h-a euskararen berezko ondarea baita.
ARTISAU AZOKA ORDIZIAN
ARTISAUALDIA 99, Gipuzkoako artisauen azokari hilaren 13an eman zitzaion hasiera Ordizian. Bigarren edizio honetan Gipuzkoa eta Nafarroako 50 artisauek hartu zuten parte. Artisaualdiaren barruan, marketingari eta negozioaren sorrerai buruzko bi hitzaldi ere eskaini ziren.
BIGARREN FASEA MARTXAN
Bukatu da Gipuzkoako herriarteko bertsolari txapelketako lehen fasea. Afalosteko saio hauek herri giro eta bertso on askoren zapore gozoa utzi digute, hurrengo faseetarako gosea eginez. Lehen kanporaketan hamabi talde bereizi dira, eta asteburu honetan hasita azaroaren 5 arte final laurdenerako txartela jokatuko dute. Txapelketak mahai ingurutik aretoetara egingo du jauzi, eta saio bakarrean elkarren aurka lehiatuko dira talde hauek: Erniope/Aia; Azpeitia-Urraki/Errenteria; Azpeitia-Oñatz/Zarautz-Jai Txiki; Oiartzun/Zumaia; Ordizia/Urnieta-Andoain; Azpeitia-Landeta/Toloxa.
Xabier Montoia honela mintzatu zen «Diario de Noticias»en: «Kantu literarioak ez zaizkit gustatzen. Musikak berez badauka poesia eta honexegatik ez du literaturaren makulurik behar. Nik, literatura egiteko liburuak idatzi ohi ditut».
Iñigo Camino Radio Euskadiko zuzendariak honela zioen «Euskaldunon Egunkari»n: «Euskadi Irratia hor dagoela, Radio Euskadin euskal kultura euskaldun ez den entzule bati transmititzen saiatzen gara. (...) Azkenaldian gure informatiboetan ahots 'corte' bat baino gehiago sartzen da euskaraz, baina beldur gara euskara ez dadin elkarrizketen agurretarako hizkuntza bilakatu».
Iñaki Muruak hau esan zuen «Gara»n: «Bertso eskolen arazo nagusia programaketa bateratuen gabezia da. Irakasle bakoitza askotan oso bakarrik ari da».
Jose Felix Azurmendik honela zioen EITBri buruz «Euskaldunon Egunkaria»n: «Gure lehentasuna da Euskal Herriko irudia guk eman ahal izatea kanpoan, eta ez, orain arte bezala, beste batzuen bidez heltzea».
Donostiako Alde Zaharrean paratu zuten duela hilabete gutxi Casino Kursaal berria, Londres Hotelean zuen egoitza laga ondoren. Sarreran honako hau irakur daiteke: «Azareko Makinak», eta azpian, gazteleraz eta ondo, «Maquinas de azar». Zori makinetan aritzen den askok ez zion erreparatuko beharbada, baina itzulpenak oker galanta duela begibistakoa da.
IPARRALDEA ZUTIK
Renaud Delizagarai Baionako zinegotzi zentristak urriaren 9an Baionan Euskal Departamenduaren alde eginiko manifestazioaren ondoren honako hitzok esan zituen «Ehunen Deia»ren izenean. «Euskaldunon Egunkariak» jaso zituen biharamunean:
«Ez badago erantzunik, edo ezkorra baldin bada, kontuz ibili jaunok, Iparraldeko biztanleek beren oinarrizko eskubide zibikoak zapalduak direla pentsatzeko eskubidea izanen lukete. Iparramerikarrek 50-60ko hamarkadan bizi izan zuten egoeraren antzekoa litzateke. Haiek egin zuten bezala, gure herritarrek beren eskubideak errespetarazteko etapa bat gaindituko lukete, erresistentzia zibilarena. (...)
Euskal Departamendua Ipar Euskal Herria zutik, mugimenduan eta elkartasunez beteko duen tresna izanen da. (...) Euskal kultura defendatzeko, noski, baita euskararen salbatzeko, koofizialtasuna emanik, nahi dutenek, eta soilik nahi dutenek, arlo guztietan erabiltzeko aukera ukan dezaten. Gisa berean orain arte ahantzia izan den gaskoi kultura defendatzeko tresna izanen da ere. (...)
Kontseilu Nagusiko lehendakari determinatua bagenu, bere pisu politiko guztia erabiliko lukeena euskararen alde, aspalditik lorturik izanen genuen egiazko Hizkuntz Kontseilua».
Tomas Zumalakarregi gerrillariaren biografia aurkeztu zuen Mikel Alberdi historialari irundarrak hilaren 8an Donostian. Liburua Elkarlanean argitaletxeak kaleratu du «Biografiak» bildumaren barruan.
Maria Bayo soprano nafarrak Jesus Aranbarri konpositore bilbotarrari dedikatutako disko konpaktua grabatu du Euskadiko Orkestrarekin elkarlanean.
Etxamendi eta Larralde euskal kantariak agertokietara itzuli dira sei urteko ixilaldiaren ondoren. Diksmuden agertu ziren berriz jende aurrera urriaren 15 eta 16an. Leku berdinean kantatu zuten orain 25 urte flandestarren Aberri Egunean. Bi kantariek urtarrilean Nafarroa Behereko ikastolen aldeko festan ere parte hartuko dute.
«SEÑORIO DE LARREA»REN BALENTRIA
Ausarta bezain arriskutsua da ETB-2ko telesail berria Teleberriaren aitzin ematea: astegunetan 20:25ean; familia osoaren txanda, normalean, gaueko 21:00ak aldera iristen baita. Alabaina, «prime time»an zer nolako konkurrentzia dagoen ikusita, ez da ideia txarra ikusleak erakartzeko. Ea ETB-2ko lehen telesail arrakastatsua den
«TELENORTE»REN EUSKALTASUNAAskoz sentsibilitate handiagoa erakusten du deskonexioetan TVEk Tele 5ek eta Antena 3k elkartuta baino. Titularren errepasoa euskaraz emateaz gain, kontrazalean, hiztunak egokituz gero, kazetaria euskaraz mintzo da, eta itzulpena, azpitituluekin. Pribatuetan berriz, «eguerdi on» esatea audientzia uxatzaile ote den beldur dira
«GARRASI» FILMA HALLOWEEN GAUEANArrakasta itzela lortu zuen Wes Cravenen «Scream» euskaraz emango da «Zine oro»n. Zer hobe horretarako Halloween gaua baino; urriaren 31ean, gaueko 21:20etan hasita. Beldurrezko filmen topikoez ongi baliatzen dira, ezusteak bata bestearen atzetik kateatzeko. Gazte jazarriak eta tentsioa amaieraraino. Lehen ordu laurdena da borobilena