MARAGALLEN ALTERNATIBA HUTSA ETA PUJOLEN OHIKOTASUNA LEHIAN
Paco Soto
CiUko Jordi Pujol da Generalitateko lehendakari azken hogei urteetan eta beste legealdi batez iraun gura du. PSNko Pascual Maragall gertu ibiliko zaio, hori diote behintzat inkestek.
Ez da ezusteko handirik gertatzen ari kanpainan, baina akaso inoiz baino gehiago ikusten ari da konbergente eta sozialisten arteko lehia. Behingoz Maragallek Pujol garaitzeko aukera ei du. Lehia gogorra izango da, baina inkestek Jordi Pujolen alderdiari ematen diote garaipen estua.
Zazpi dira egun Kataluniako Legebiltzarrean dauden indar politikoak eta zazpiak aurkeztuko dira urriaren 17ko hauteskundeetara: Convergencia i Unio (CiU), Kataluniako Alderdi Sozialista (PSC)- Aldaketaren aldeko herritarrak, Kataluniako Ezker Errepublikarra (ERC), Alderdi Popularra (PP), Ezker Batua eta Alternatiboa (EUiA) eta Berdeak.
Inkesta guztien arabera, CiU da seigarrenez hauteskunde hauetan garaile aterako dena, hori bai, oraingoan tarte txikiarekin. Honek esan nahi du Jordi Pujol izan daitekeela berriz Kataluniako lehendakari; hala ere, alderdiko buruzagiek ziurtatu dutenez, hala balitz ere hauxe litzateke Pujolen azken agintaldia. CiUk, beraz, indarrez jarri du abian hauteskundeetarako bere tresneria guztia, beren garai onenetan mendebaldeko alderdi komunistek egiten zuten legez: «
Diziplina handiz, pairamenez eta kontu txikiena ere ahaztu barik», hala adierazi dio Bartzelonako analista politiko batek ARGIAri.
Oraingoan CiUk ekimen ugari jarri ditu abian, horietako batzuk nahiko kutsu demagogikoarekin. Esate batera hirugarren adinarekin egindakoak; lehenbiziz, halaber, gaztelania ari da erabiltzen hauteskunde kanpainan. Helburua argia da, detailerik txikiena ere kontuan hartzea, ahalik eta boto gehien lortu —baita bereak ez ohi diren sektore nazionalistetan—, eta irabaztea.
MARAGALL, AMERIKARRA.
PSC-Aldaketaren aldeko herritarrak indarraren hautagaia den Pascual Maragall izango da Jordi Pujolen lehiakide gogorrena. CiUko buruzagia garaitzeko xedearekin, oraingoan sozialistak Iniciativa per Catalunya-Berdeekin bildu dira Tarragona, Lleida eta Gironan. Maragallek ilusio handia piztu du zenbait sektoretan, asko baitira dagoeneko nekatuta direnak 20 urteko pujolismoarekin; bere kanpainaren estrategia, ostera, kontraesankorra eta nahasgarria izan da, oihartzun mediatiko handiko jardueretan eta molde amerikarreko kanpainetan oinarritua: globoak, txikleak, gozokiak, kamisetak eta eduki politiko gutxi.
Hau guztia aurrera eramateko EEBBetako Alderdi Demokratikoko talde baten aholkularitza izateaz gain, Maragallek esan eta egin beharreko guztia azken muturreraino zaintzen duen hauteskunde batzordea du. Baina kanpainaren amerikanizazioa ez da denen gustukoa izan eta PSCko sektore batzuk deseroso agertzeaz gain, ez dute estrategia egokitzat jotzen. Proposamen zehatzik ez egitea eta CiUrenaren programa alternatiboa ez izatea leporatzen dio askok lehendakarigai sozialistari; egun batean nazionalismorantz jotzen duela eta hurrengoan espainolismorantz ere bizkarreratu zaio.
Jendeak, halaber, ezin du ahaztu eztabaidagarri izan den zenbait ekimen, adibidez enpresariekin izandako afaria, non bakoitzak 100.000 pezeta ordaintzen zuen platerreko; Maragallek agindutako gardentasuna eta ikuspegi aurrerakoitik nahiko urruti ikusten ditu jende askok tankerako ekimenak. Baina ez da bere ingurunean bakarrik, Kataluniako beste sektore aurrerakoi askotan ere egoneza ukitu bat ekarri du Bartzelonako alkate ohiaren estrategiak; hauetan Kataluniako ezkerraren esperantza zuri gisa ikusi izan da hautagai sozialista, Kataluniako aldaketa politiko, sozial, kultural eta generazionalerako pieza garrantzitsua.
BESTE HAUTAGAI BATZUK.
Pujol eta Maragall dira hauteskunde hauetako hautagai nagusiak, baina besteak ere hor dira herritarren botoak erakarri nahian. Ohiko kanpainarekin ari dira oro har, baina apurka beraiengan ere eragina dute publizitate eta eragin sozial handiko teknikek, egistasmo eta proposamen politikoei gero eta tarte txikiago uzten dieten teknikak.
Bi alderdi ari dira lehian, irabazleen zerrandako hirugarren lekua hartzeko, PP eta ERC. Alberto Fernandez da kontserbadoreen Generalitaterako hautagaia eta alderdiari kutsu modernoagoa eta moderatuagoa ematen asmatu du. Esquerrari dagokionez, botuen % 10 lortzeko ahalegin bizia egiten ari da; gizarteko beste sektore batzuetara heltzea da bere erronka nagusienetakoa. «Nazionalisten gehigikeriei aurre egiteko» indar erabakior moduan aurkezten dute beren burua popularrek, batez ere nazionalki espainiarrak sentitzen diren sektoreen aurrean; elebitasuna da beren kanpainaren ardatza. ERCko independentistak, aldiz, sinesgarritasunaren irudia saltzen saiatzen ari dira, arduratsu jokatzeaz gain, gobernu proiektua duen indarrarena; CiU, PSC eta ERCren arteko koalizio gobernua defendatzen ari dira.
Oso bestelako egoera bizi du Rafael Ribok, IC-Berdeak koalizioko lehendakarigaiak: sozialisten atal txiki gisa ikusten zaio orain eta, Diego Lopez Garridoren PDNIri PSOErekin gertatu zitzaion legez, PSCk guztiz zurrupatzeko arriskupean dago. Horrez gain, Iniciativa (IC) Bartzelonan soilik aurkezten da bera bakarrik eta gainera bere zatiketetatik ateratako beste bi erakunderekin lehiatu beharko da: batetik, EUiA —molde zaharreko komunistak eta ezker erradikaleko sektoreak biltzen dituena— eta, bestetik, Els Verds-CEC. Bi erakunde hauek beren Legebiltzarreko ordezkaritzak galduko dituzte seguruenik, baina Riboren eremuko boto mordoxka ere eraman dezakete.
Orain arte bezala, hauteskundeak eta egoera politiko honen aurrean, herritarrek ez dute erakutsi poztasun handirik eta jarrera abstentziozalea indarrez agertzen da Generalitateko lehendakaria eta diputatu autonomiko berriak hautatzerako orduan. Kulturalki beren burua espainiartzat hartzen duten sektoreetan da zabala abstentzioa eta, berriz ere, erabakiorra izan daiteke nazionalisten garaipena lortzeko
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.