JOAN DEN MENDEA EUSKARAZ ETA JOKOAN EZAGUTUZ
Nagore Irazustabarrena
mahai-joko bat ere karrikaratuko du, ARGIAren Mahai-Jokoa, euskalkultura euskaraz ezagutzea ahalbideratuko duen joku aitzindaria.
Nor izan da Zakilixut komiki-pertsonaiaren sortzailea? Mattin, Asisko Urmeneta ala Antton Olariaga? Edo zein talde abertzale bultzatu zuen Eli Gallastegik 1923an? Ekin, Jagi-Jagi ala EAE-ANV? Erantzunak Gure Mendean daude. Liburuan, CD-ROMean eta baita mahai-joko batean ere, ARGIAren Mahai-Jokoan. Bakoitzak bere funtzioa beteko du eta jokoak, bereziki, funtzio pedagogikoa betetzea du xede.
Galdera sorta du oinarri jokoak, euskal kulturaren inguruko galderak, beti ere. Galderoi zuzen erantzuten dionak du irabazteko aukera gehien. Baina, joku bat da, azken finean, eta zorteak —dadoak— zeresanik badu hemen ere; zorteak, eta tarteka azal daitezkeen tranpak.
Euskal merkatuan tankerako frantsesezko edo gaztelerazko joku anitz dago salgai. Euskarazko eskaintza, ordea, ezin esan daiteke oparoa denik.
Puzzleren batzuk badira, eta joko elektronikoei dagokienez, kasu, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen CD-ROMa hor da —ez dirudi, ordea, oraingoz segida handirik izan duenik—. Galderetan oinarritutako mahai-jokoei dagokienez duela urte batzuk euskarazko joko bat agertu zen merkatuan. Mahai-joko horrek, hala ere, ez zituen Euskal Herria edo euskal kultura oinarri.
Gabezia hori ikusirik, ekin zitzaion joku berri honi eta, hortaz, ARGIAren mahai-jokoa, joko aitzindaria dugu. Euskara erabili ez ezik, euskal kultura hartzen baitu aisaldiko entretenigarri honek gaitzat.
Jokoa eskuratzen duenak, taulan, txarteletan eta galdera sortetan sei kolore ikusiko ditu, sei gai edo esparru ezberdin finkatzen dituzten koloreak: lehenik geografia, gastronomia eta jaien inguruko galderak datoz; bigarrenik, historiari, gertakariei eta pertsonaia ospetsuei dagozkienak; hirugarren atalean gizarte gaiak, instituzioak eta erakundeak landuko dira; ondoren, hizkuntza; bosgarren atalean artea, literatura, bertsolaritza, musika eta antzerkia; azken atalak kirola du hizpide. Orotara, 1.500 galdera biltzen ditu jokoak, eta bitik zortzira jokalari onartzen ditu. Gainera, aurrera begira galdera sorta berriak argitaratzeko asmoa dago, elementu berberekin erabili ahalko direnak.
Azaroaren erdialdetik aurrera izango da ARGIAren Mahai-Jokoa salgai ohiko salmenta puntuetan. ARGIAren bidez erosita, harpidedunek prezio berezia izango dute, baita Durangoko Liburu eta Disko azokara berau erostera hurbiltzen direnek ere.
Jokoa euskal kulturaz ikasi nahi duen edonorentzat da baliagarri, eta euskara landu nahi duen edonorentzat. Horregatik bereziki aproposa da euskaltegi zein eskoletan erabiltzeko, euskal gaiak, euskaraz eta jolasean jorratzeko aukera eskaintzen baitu
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.