Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-10-17 -- 1733.zenb

TARZAN
Aizkorri
112 orrialde
1495 pta.

Aizkorri etxeak, Disney Klasikoak sailari segida emanez, etxe estatubatuarraren animaziozko film ezagun baten paperezko bertsio berri bat kaleratu du euskaraz. Oraingoan, «Tarzan» filmaren eduki eta irudiak bildu ditu liburu batean. Irudiak dira nagusi liburu honen orrialdeetan, kolorezko kalitate handiko irudiak. Testua aldiz, irakurtzen hasi berriak diren haurrentzat dago paratua; laburra eta ulerterraza da, beraz. Afrikako oihanean, tximinoen artean hazi eta hezitako gizonaren istorio ezaguna dute filmak zein liburuak ardatz. Ehiztari maltzurra ez da hemen ere falta eta, noski, Tarzanek Jane ezagutzeko parada izango du, beti ere oihaneko animalien laguntza izango duelarik

OTSOGORRITXO
Pello Esnal
Ibaizabal
95 orrialde
990 pta.

Titulu berri bat eskaini die zortzi urtetik gorako haurrei Ibaizabal etxeak bere Matxinsalto bilduman. Txanogorritxoren istorioa du ardatz Pello Esnalen lan honek, ikastola bateko haur talde batek ikasturte berrian ipuin hori antzezteko asmoa baitute. Nahikari izeneko antzerkiko irakasleak badu arazo bat, ordea. Inork ez du Txanogorritxoren antzezpenean otsoa izan nahi, madarikazio bitxi bat dela medio. Irtenbidea ipuina bera aldatzea izango da, Txangorritxo eta otsoa, Otsogorritxo bihurtuz. Jokin Mitxelenaren irudiz dago hornitua Esnalen kontakizuna eta, bilduman ohikoa denez, irakurlearen ulermenerako lagungarri diren hainbat ariketa proposatzen da amaieran

BEHIN BATEAN
Karlos Santisteban
Aizkorri
60 orrialde
725 pta.

Aizkorri argitaletxearen Mendi Sorgindua haurrentzako bilduman argitaratu du Karlos Santistebanek bere lan berri hau. Belen Lucasen marrazkiez lagundurik, Ekiñe izeneko neskatoaren istorioa kontatzen du idazle karrantzarrak liburuxka honetan. Ekiñek oso gustuko du marrazkiak egitea. Irakasleak egunen batean margolari ezaguna izan daitekeela esan dio eta bere lanak Guggenheim museoan ipiniko dituztela. Baina, marrazkilari fina izanik ere, Ekiñe ez da hain ondo moldatzen idazketa lanetan eta klaserako ipuin bat idatzi behar du. Irakaslearen gomendioari jarraituz, bi hitz izango ditu abiapuntu Ekiñeren ipuinak: Behin batean...

OIHAN TTIKI BAINA TXUKUN BATEAN
Karlos Linazasoro
Aizkorri
60 orrialde
725 pta.

Liburu hau ere, aurrekoa bezala, Mendi Sorgindua bildumaren barruan argitaratua da eta zortzi urtetik gorako haurrentzat da egokia. Karlos Linazasoro egileak oihan ttiki baina txukun batean kokaturiko bost istorio kontatzen ditu bertan: «Jom tximino bihurrikaria», «Stanislaw kamalehoi lotsatia», «Caruso kilkerra», «Milos jirafa eta Litto Militto alkatea» eta «Lafcadio triste dago». Oihaneko piztiak dira, beraz, protagonista idazle tolosarraren ipuinotan, baina ez nolanahiko piztiak, egoera eta abentura harrigarriak biziko baitituzte oihan bitxi horretan. Jon Alonso irudigileak egin ditu marrazkiak istorio sorta honetarako

BILINTX
Anjel Mari Peñagarikano
Sendoa
155 orrialde
860 pta.

Bilintxen bizitza osoa izan zen pelikula bat egiteko modukoa. Txikitan erori eta sudurra itxuragabetu zitzaion, gaztetan zezenak harrapatu zuen, eta heriotza ere oso izan zen trajikoa, karlisten gerratean bonba bat sartu baizitzaion leihotik gelara. Agian pesadunbre horiek piztu edo eragin zuten bere sentiberatasuna, baina kontua da bere amodio zein umore fineko bertso idatziak ahoz aho iraun dutela gaur egunerarte. Gaztetxoengana gerturatzeko, Anjel Mari Peñagarikanok bere bizitzako pasarte eta bertsoak bildu ditu liburu honetan. Grazia handiz idatzia, bertsoei eta bertsolaritzari buruzko azalpenak ematen ditu. Gaur egungo bertsolariei gertatutako kontu batzu ere nahastu ditu, eta marrazki ugariz lagunduta dator

LA TELEFONIA EN GIPUZKOA: UN MODELO ORIGINAL
Maria Luisa Ibisate
Kutxa fundazioa
394 orrialde
2300 pta.

Maria Luisa Ibisate donostiarra Historian doktorea da. Gainera, 42 urtetan jardun zuen Espainiako Telefonica konpainian lanean. Pertsona egokia da, beraz, Gipuzkoako telefonia munduaren azterketa historikoa burutzeko. Lan honetan, Ibisatek Gipuzkoako ereduaren orijinaltasuna azaltzen du. Izan ere, 1921. urtean Gipuzkoak Espainiako dentsitate telefoniko handiena izatea lortu zuen eta garai horretan munduko seigarren postuan zegoen abonatuei zegokienez. Berrogeita hamar urtetan zehar Gipuzkoa komunikazio mailan Europako aitzindari izan zen

FIORDOAN
Jabier Muguruza
Esan Ozenki
2095 pta.

Dagoeneko hiru disko ditu bakarlari gisa Jabier Muguruzak. Eta Les Mecaniciens taldearekin beste hiru. «Fiordoan» izeneko disko berri honetan ere, ahotsaz gain, akordeoia ere jo du Jabier Muguruzak. Gainera, beste hiru taldekide izan ditu alboan: Mikel Azpiroz —pianoa, Hammond eta Fender Rhodes—, Txema Garces —baxua eta musika moldaketak— eta David Gomez —bateria eta perkusioak—.
Beste hainbat kolaboratzailek ere parte hartu du Katarain estudioan buruturiko grabaketan. Angel Katarainek berak egin ditu nahasketak eta Jonan Ordorikak grabaketak. Jean Louis Hargous aritu du saxo sopranoan, tenorean eta klarinetean diskoko bizpahiru kantuetan. Michel Longaronek bateria, Joserra Senperenak Fender Rhodesa eta Luis Gilek gitarra klasikoa jo dute kantu banatan. Garazi Muguruza, Lidia Pujol eta

Amparanoia
ren ahotsa ere entzun daiteke abesti batzutan.
Orotara, hamaika kantuk osatzen dute «Fiordoan» disko berri hau. Doinu gehienak Jabier Muguruzarenak berarenak dira, tartean bere hitzak sartu baditu ere, denetarik topa daiteke. Diskoari hasiera ematen dion «Fiordoa udaberrian» anonimo eskimal bat da, Bukowskiren poema batean oinarrituta dago «Pantera emea», Jackson Browne-rena da «Niño», Iñaki Irazuk pare bat kantutako hitzak egin ditu eta Pako Aristi eta Bernardo Atxagaren poemak ere musikatu ditu Muguruzak

hemeroteka

1732. zenbakia | 1999-10-10
1731. zenbakia | 1999-10-03
1730. zenbakia | 1999-09-26
1729. zenbakia | 1999-09-19
1728. zenbakia | 1999-09-12

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan