Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Ihesi >
  • Zazpi buruko Herensuge Azalegiko harpean

1999-10-10 -- 1732.zenb

Zazpi buruko Herensuge Azalegiko harpean

Asier Agirresarobe

Herensuge ez zitzaigula agertuko jakitun, lasai asko hurbildu ginen Irati eta Arbaileta bitarteko paraje horiek ezagutzera. Azalegiko harpea, Herensugeren bizileku ohia, Ahüzkiko aterpetik gertu zegoela entzuna genuen. Ez genekin zehatz-mehatz non, baina han abiatu ginen, aste honetako haitzuloaren peskizan. Ahüzkira iristeko, Donazaharretik Iratira doan bidean, Lekunberri edota Bastida herrisken parean, Behorlegi gandorraren bi alboetatik igotzen diren errepideetako bat jarraitu behar da. Estu eta maldatsu biak, zenbait mendi lepo igarota, bat egingo dute, belardi finen artean. Zuberoa aldetik ere, badago gerturatzea, Altzai nahiz Altzürükütik abiatzen diren errepideak erabili behar izango ditugu horretarako.
Ahüzkiko aterpetxera daraman bidegurutzean utz daiteke autoa (968 metro). Aterpetxea bere mineraldun urengatik da sonatua eta jende andanak bisitatu ohi du, udan batez ere. Neguan, ordea, itxia egoten da Ahüzki, elurteak direla eta, zaila baita mendi bide horietatik igarotzea. Gu iritsi ginenean ere, udagaraia izaki, jendez gainezka zen Ahüzki; egun hartan, abuztuaren 22an hain zuzen ere, ospatzen baitzen Artzainen festa. Hala, aterpetxe ondoko pilotaleku tipian, Zuberoako dantzariak nahiz haur talde baten ahots lirainak kantuan ikusi eta entzuteko abagunea izan genuen.
Aterpetxetik ehunen bat metro gora, Bohokortiaren magaleko iturrirainoko joan-etorria ere egin dezakezue amaieran, bertako ur garbi eta freskoak ordurarteko neke guztiak sendatuko baitizkizue. Baina Herensugeren harpea aurkitzera irten beharra dugu lehenik. Horretarako, Lomendi edota Ertzaganiako kaskoa hego mazela belartsutik barna, alderik alde zeharkatzen duen zidor lauso bat hartu behar da, zidorraren hasieratik edo guk egin moduan kaskoaren ondorengo lepora igaroz. Ez pentsa, baina, zidor honetatik harpearen aho handia berehala ikusiko duzuenik, bertaratu arte, ez baita agerian geratzen. Kaskoaren parean gaudela, zidorra goian utzi eta belar luze eta sasiz beteriko maldan behera, ehunen bat metro jaitsi beharko dugu, ondoren, uhinez beteriko hegiaren sartze batean, zuhaizti baten adaburuak antzemango ditugu. Adaburu horiek ezkutatzen digute Ertzaganiako karbia, Herensugeren bizilekua izan zena (800 m).
Gerturatu ahala, ganaduaren ibiliak sorturiko zidor horietako bat nabarmenago bilakatuko da eta berari jarraituz, harpearen ahora eramango gaitu. Osin ugari artean, kontu handiarekin igaroz, 30 metro zabal eta 10 metroko altuera duen ahoa zabalduko zaigu begi aurrean. 40 metroko sakonerarekin, plaza galanta sortzen da lurrazpian. Baina plaza honetan aurki daitekeen freskotasunak erakarrita, ganaduaren oin arrastoak nabari dira lurrean, gangatik behera datozen ur tantekin batera, plaza izugarrizko lokaztegi bihurtu dutenak. Ez dugu ahantzi behar ere, bertan Herensuge bizi izan zela, eta honelako sugetzarraren astindu eta mugimenduak jasateko, zer hobea lokaztegi handi bat baino. Halaber, bertan topatu genuen garezur eta usteltzen hasitako ganadu hilak, Herensugeren kondaira ez ote zen egi izango pentsaraztera bultzatu gintuen. Ez dakit... baina badaezpada berehala alde egin genuen toki beltz eta triste hartatik.
Kontaketa gutxi batzuetan, zazpi bururekin irudikatzen dute, beste askotan, bakarrarekin. Euskal Herrian ugari ditu bizilekuak. Hona hemen aipatuenak: Ertzaganiako karbia, Aralarko San Migel (santutegia eraikia dagoen lekuan zegoen leize sakonean), Murugain (Arrasate) eta Urduñako haitzak. Kokapen geografikoaren arabera ere, izena aldatzen zuen, Erensugue (Sara eta Zugarramurdi), Herensugue (Ezpeleta), Errensugue (Gamere), Iraunsugue (Ataun) edota Dragoi (Arrasate).
Itzulera joandako bidetik egin dezakezue. Baina ez bazarete nekatu, guk egindako itzulia burutzea proposatzen dizuegu. Hau da, maldan behera Azalegiko errekaraino jaitsi lehenik eta Zuhureko baso bikainean gora, Ahüzkiraino eramango zaituzten pistara irten ondoren. Ez du zailtasun handirik, eta astia baduzue merezi du

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan