Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-10-10 -- 1732.zenb

ABIAN JARRI DIRA IPARRALDEKO HERRITARRAK

Mikel Asurmendi

Urte honen hasieran Iparraldean bizi izan ziren mobilizazioek, frantses estatuaren harroinak amini bat durduzatu zituzten lehen aldiz, 1790ko Iraultzaz geroztiko historian. Urte honetako martxoaren 5ean, Jaime Mayor Oreja eta Jean Pierre Chevenement-en arteko bilera leluko. Frantziako barne ministroak, gobernuaren izenean, Euskal Departamenduaren kontrako jarrera agertu zuen publikoki, baita Pirinioak Balkanak bihurtzeko arriskua aipatu ere.


EHUNEN DEIA.

Iparraldeko gizarte eragileak ez ziren kokildu, ordea. Hilabete berean, ehun arduradun publikok Euskal Departamenduaren aldeko deia egin zuten, baita «Ehunen Deia» agiria gizarteratu ere. Fronte Nazionala eta Alderdi Komunista izan ezik, gaineratiko alderdi eta ideologia politiko guztien ordezkariek sinatu zuten manifestu historikoa. Euskal Departamenduak bitarteko hauek ekarri beharko lizkioke euskal gizarteari: garapen ekonomiko propioa, zerbitzu publikoen demokratizazioa, barnealde eta kostapartearen arteko harmonizazioa, mugaz gaindiko harremana eta euskararen estatuaren ezarpena —«Ehunen Deia» ekimena, gizarte eremu ezberdinetan ari diren ehun eragileen sinadurak bilduz aritu da oraingutxi arte—. Anartean, ekainean, lehen ehun eragileen ekimenaren deiari jarraikiz, larunbat honetako manifestazioarako antolaketa plana abian jarri zuten hogei erakundek. Plataforma horretan, Iparraldeko elkarte, alderdi eta sindikatu gehienak bildu dira. AED —hautetsien elkartea— eta AND —sozioprofesionalen elkartea— dira plataforma honen eragile eta elkarte nagusiak. Lepenistak eta komunistak salbu, gaineratiko ideologien ordezkariek sostengatu dute Euskal Departamenduaren aldeko manifestazioa. UDF eta RPR alderdiak nahiz FNSEA eta CGT sindikatuak ez daude horien artean nolanahi ere.


GEHIENGOA BAINA ZATITUTA.

Euskal Departamenduaren auziak gizartearen gehiengoa biltzen du bere alde. Alabaina, ez du biltzen alderdi politiko edo sindikatuen gehiengoaren aldekotasuna. Izenetik beretik hasten da kontrobertsia. Abertzaleek Euskal Departamendu izendatzen duten bitartean, gaineratikoek Euskal Herria Departamendua hobesten dute. Kolore politiko nahiz sindikalista guztien sostengua biltzen du, baina ez daude osoki kolore guztiak presente. Badaezpada ere, frantses alderdi edo sindikatu guztietan Euskal Departamenduarekiko disidentzia eraginkorra pratikatzen duten kideak badaude egon: RPRn Alliot-Marie, UDFn Borotra eta Grenet, edota Alderdi Sozialistan Jean Espilondo. Alderdi (AB eta EAJ) eta sindikatu (ELB) abertzaleak lirateke teorikoki Euskal Departamendua aldarrikapenaren aldeko batasun bakarrak. Badago, ordea, Enbata mugimendua sortuz geroztik, Departamendua ez dela abertzaleen mugimenduaren jomugen ardatza dioena. Alegia, irudi luke, Euskal Departamenduaren ideiak ez dituela militante abertzale guztien gogoa asetzen.


GIZARTEA POLITIKOEN ORDEZ.

Politikoek auzi historikoei konponbiderik ematen ez diotenean, gizarte jalgi ohi da karrikara. Euskal Depatarmenduaren auzian halako zerbait gertatzen ari bide da egun ere. Abertzaleen Batasuna (AB) desmartxa honen aitzindaria izan da. Bere ekimenak gainontzeko alderdi politikoak posizioa hartzea behartu ditu, eta gizartea, alde egotetik mobilizatzera pasa dadin lan izugarria burutu du. Hala ere, urtarrilean ez bezala, AB bigarren plano batera pasa da, eta gizarte elkarteak eta eragileak eskakizunaren protagonista nagusiak bihurtu dira. Iparraldean organu politiko erabakitzailerik ez dagoenez, gizarteak hartu du iniziatiba politikoa. Iparraldeko eremuan ari diren kargudun hautatuek, edozein dela beren maila, ez dute ahalmenik Pirinio Atlantikoak Departamenduaren egitura deusezteko eta hiru lurralde historikoak bilduko lituzkeen Euskal Departamendua indarrean ezartzeko.


GIZARTE KOHESIOA GEROAN.

Departamenduaren aldeko ekimenak ugaldu dira irailean, baita gizartearen aurrean azken ahaleginak eta deiak burutu ere. «Ehunen Deia» mugimenduak honela adierazi du: «

Botere publikoek, departamendua ukatuz, demokrazia ukatzen dute. Gobernuak herritarren nahia errepetatu behar du, eta hautetsiek hautesleena
» Anartean, Euskal Konfederazioak —euskaraz diharduten elkarteen bilgunea— pentsaurreko bat burutu zuen Euskal Departamenduaren bere jarrera argitzeko. Michel Oronoz idazkariak honelako hauxe adierazi zuen: «

Euskal Departamendua ez da gure gaia. Kulturgintza eta politikagintza ez dira nahasi behar Euskal Konfederazioaren ustez. Alabaina, kultur eragile garen aldetik Euskal Departamenduari buruzko gure iritzia dugu. Bereziki euskararen garapenean bete behar duen funtzioari buruz. Gure iritziz, euskararen ofizialtasuna premiazkoa da eta Departamendu propioaren eraketak bidea erraztu lezake. Hizkuntz Kontseiluaren antolaketa lehen betekizuna izaki
». Euskal Konfederazioko elkartekideek Pirinio Atlantikoak Departamenduak euskal nortasuna ukatzen duela salatzen dute orobat, euskara baztertzen baitu deblauki. Euskararen ofizialtasunaren inguruan hainbat kontrobertsia jalgi dira azken asteotan, ordea. "Euskararen ofizialtasuna" aldarrikapena —iragan urtarrileko manifestazioan ez bezala— ez baitoa oraingo manifestazioaren lelo nagusiarekin batera. Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldearen izenean Amaia Beyriek argitu zuen auzia: «

Hori gure kide baten jarrera pertsonal izan da. Gure betekizuna ez da manifestaziora deitzea, ordea
» Manifestazioak ekarriko dituen ondorio politikoek erakutsiko dute gizartearen kohesioa

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan