Ordenadore eta programa egileen negozioa?
Hiru hilabete barruko 2000 efektuaren jatorria ordenadore eta programa egileek negozioa egiteko duten filosofian al dago? Duela urte batzuk, gure ordenadoreak egiten zituzten garaian, ba al zekiten 2000. urtean arazo tekniko larri hori gertatuko zela? Nola liteke sistema informatiko baten osagarri txiki baten huts egiteak negozioak hondamendira eramatea eta gobernu eta multinazionalak larriaraztea? Baina, batez ere, sistema informatiko horien egileek nolatan onartu dute horrelako zerbait gertatzea? Orain, enpresak, erabiltzaileak eta aztertzaileak hondamendi horren erantzulea nor denari buruzko eztabaidan murgildurik dabiltza, eta arazoa gainditzeko gastatzen ari diren milaka milioi dolarren onura hori batzuen eskuetara dihoala ikusten dute.
Ez dago garbi nork duen erantzukizuna. Nolanahi ere, arazoaren muina sistemen memorian datza. Ordenadorearen zatirik garestiena memoriari dagokiona da. 60ko eta 70eko hamarkadetako programatzaileak irizpide finko bat zuten: ahalik eta gehien aurreztea byte-etan, eta horretarako, behar ziren trikimailu guztiak bilatzen saiatu ziren. Horrela, hartu zen erabakietako bat, datak idazteko zortzi digitu ordez sei digitu erabiltzea izan zen. Hau da: 99-09-09 eta ez 1999-09-09. Erabaki hori industria, programa, ekipo elektroniko eta sare guztietan zehar zabaldu zen. Inor ohartu gabe —edo jakinaren gainean?— 2000 efektua hedatzen hasi zen.
Lehenengo alarma-hotsak 90eko hamarkadan entzun ziren, hipotekak edo kreditu txartelak egiterakoan 2000. urtetik aurrerakoei sistemak uko egiten ziela ikusi baitzuten bankuek. Hortik aurrera 2000 efektuaren kontura negozioa egiten zuen saltoki informatiko ugari sortu zen. Egiaztaturik dago 1998. urtean Espainian gehien handitu zen sektorea zerbitzuena izan zela: zehazki esateko, % 32an, 320.000 milioi pezetaraino (12.800 milioi libera) iritsiz. Eta, sektoreko iturriek aitortzen dutenaren arabera, zati handi bat euroaren eta 2000 efektuaren ondorioz izan da
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.