Zinemaldia eta euskara
Urtero, Donostiako Zinemaldia bukatzen denean, Bagera elkarteak ekitaldi honetako euskararen erabilpenaren balantzea egiten du. Ez ditut aurtengo ondorioak ezagutzen, baina, azken urteetan gertatu bezala, emaitzak ezkorrak izango direla pentsatzen dut. Nik ez dut zenbaki eta portzentaiarik atera, baina pasadizo esanguratsu bat azaltzeko asmoz idazten dut.
Zinemaldiaren inaugurazio gauean, koktel bat izan zen Kursaalean. Bi solairu ezberdinetan tabernak paratu zituzten. Beheko solairuko tabernari bati «Txanpainik ba al duzue?» galdetu eta asmatu zer erantzun zuen: «what?». Tabernariaren alde egin behar dut orain, Sevillakoa baitzen eta hitz solteak ikasten laguntzeko ere eskatu zigun. Antolatzaileei egingo nieke kritika, Zinemaldian lanean jarduten dutenen artean, ingelesa jakitea hobesten baitute, euskara jakitea baino.
Sigourney Weaver-i eginiko elkarrizketa batean, «Gara» egunkariak harro esaten zuen zinema izarrak «kaixo» esaten bazekiela eta kazetariaren laguntzaz «eskerrik asko»ren tankerako zeozer esaten ere asmatu zuela. Igoko al du horrek Zinemaldiaren euskararen erabilpen portzentaia?
Hala balitz, beharbada, Fiennesen filmak «Onegin» titulua izateak ere bere balioa izango du horretan, ezta?
NEREA AIZPURUA
DONOSTIA
Bidegorriak
Duela aste batzuk ARGIAn bidegorrien inguruko erreportaje zabala argitaratu zen. Bidegorri gutxiegi zegoela, autoak arrisku handia direla... eta beste arazo batzuk aipatzen ziren bertan. Donostiako Urumea ibaiaren ertzetik pasatzen den bidegorria erabiltzen duenak ederki daki, bidegorri horretan behintzat arazoa nagusia zein den: oinezkoak.
Amaratik erdigunera doan bizikleta bideak aldamenean oinezkoentzat hamar aldiz zabalagoa den beste bat du. Gainera bizikleta bidean joanda autoak pasatzen dira aldamenetik. Oinezkoen zonaldean berriz, autoak urrunago geratzen dira. Lasaiagoa eta garbiagoa da, beraz. Oinezkoen paseo zabala eserlekuz eta zuhaitzez beterik dago eta iturriren bat ere badu noizean behin.
Baina, hala eta guztiz ere, hainbat eta hainbat oinezkok nahiago du bidegorrian paseatzea —aukera horren arrazoiak inondik inora buruan sartzen ez bazaikit ere—.
Horrek arriskua ekartzen dio bai bizikletan dabilenari eta baita oinezkoari ere. Eta gainera, oinezkoen erretolika entzun behar izaten da askotan: abiadura horietan ezin dela ibili, kontu gehiago izateko eta tankerakoak.
Ez al dago isunik bidegorrietan ibiltzen diren oinezkoentzat?
MIKEL GONZALEZ
DONOSTIA