AXULAR
Ibaizabal/Kriselu
127 orrialde
870 pta.
Ibaizabal & Kriselu firmak Labur izeneko antologia-bildumako liburu berri bat jarri du kalean, hirugarrena hain zuzen. Juan Antonio Mogel eta Ramon Saizarbitoriaren inguruko liburuen ondotik, Axularren txanda iritsi da. XVII. mendeko idazlearen biografia eskaini ondoren, Patxi Salaberrik bere obrako pasarte adierazgarrienak hautatu ditu. Salaberri lanaren prestatzaileak hainbat argibide eskaini eta obraren azterketa ere egiten du. Irakaskuntzara zuzenduriko liburua izaki, amaieran Axular eta bere obra lantzeko hainbat proposamen egiten da, irakasleak erabil ditzan. Hortaz, irakurle gazteek, eskolan zein eskolatik kanpo Axularren obra modu errazean ezagutzeko aukera dute antologia honi esker
EGUZKILORE
Mariano Errasti
EFA
105 orrialde
2.000 pta.
Mariano Errasti frantziskotarra Aramaion jaio zen, baina Karibeko hainbat herrialdetan eman ditu azken 50 urteak, bere apaiz lanak eta idazle jarduna tartekatuz. Bere lan berri honetan, ordea, Euskal Herria du hizpide. Euskal Herriko baserri eta nekazaritza munduaren inguruan dihardu, modu literarioan, bere oroitzapen eta bizipenak oinarri hartuta. Esaterako, atal bat eskaintzen die logelei eta hango usain bereziei eta sastrakari buruzko ikerketa sentimentala egiten du. Jatorrizko gaztelerazko testuarekin batera, Anastasio Esnaolak eginiko itzulpena ere jasotzen da liburuki berdinean. Gainera, euskarazko zein gaztelerazko bertsioak Jokin Mitxelenaren irudiz hornituak daude, azala bezala
BRINKOLA GOGOAN
Hainbaten artean
Eusko Ikaskuntza
281 orrialde
2.300 pta.
Jose Luis Ugarte, Tere Madinabeitia eta Maria Jesus Ugaldek osatu dute Legazpiko Brinkola auzoari buruzko azterketa historiko eta etnografiko hau. Brinkolako kantuak bildu dituzte, bertakoen gaztaroko oroitzapenak jaso dira, baita auzoaren inguruko pasadizoak ere. Pertsona izenek eta izengoitiek atal bat dute eta amaitzeko lanaren iturriak ere aipatzen dituzte. Baina liburuaren zati nagusia Brinkolako 47 etxe eta baserriren inguruko informazioa biltzen duen «Etxez-etxe» atalak betetzen du. Brinkolazar baserritik hasi eta Loitzaetaraino, etxez-etxeko ibilbide honek auzoaren iraganeko hainbat ezaugarriri errepaso egiteko aukera ematen du, gainera
EGUZKIA PUXTARRIAN
Karlos Santisteban
Ibaizabal
71 orrialde
940 pta.
Matxinsalto bildumako liburuxka honetan Karlos Santistebanek Etxahun izeneko haurraren abenturak kontatzen ditu. Behin, protagonista gaztea bihurrikeria bat egin eta gela huts batean sartu zuten, bakar-bakarrik. Aspertuta, jolasteko zerbaiten bila hasi eta ustekabean puxtarri bat aurkitu zuen patrikan. Ez zen hura ohiko puxtarria, ordea, barruan argi-izpi batek dir-dir egiten baitzuen. Eguzkia puxtarriaren barruan zegoen eta Etxahun harekin hasi zen hizketan, bidaia magiko bati hasiera emanez. Matxinsaltoko liburu guztiek bezalaxe amaieran ariketa sorta bat du, haur irakurleen ulermena bultzatzeko. Marrazkiak Jon Zabaletarenak dira
BALIOAK, AZKON-ARAUAK, HIZKUNTZAK, SEXUALITATEA, FAMILIA...
Gaiak
205 orrialde
1.600 pta.
Balioak, ezkon-arauak, hizkuntzak, sexualitatea, familia... gizarte desberdinetan» da Gaiak etxeak Oinarrizko Liburutegian argitaratu duen liburu berriaren titulu osoa. Azpititulua, berriz, «Gizarte-antropologia». Eta gai honen inguruko sarrera da nolabait liburua: bertan, teoria antropologiko desberdinak aurkezten dira, kulturak zertan diren anitzak eta zertan unibertsalak adierazten da. Gainera, azpimarratu egiten da zein diren gizarteak eta kulturak moldatzen dituzten elementuak. Gizarte-estratifikazioa noiz eta zergatik azaltzen den, gainetik bada ere, azaldu egiten da edota hezkuntzak (kulturak alegia) gizabanakoarengan duen eraginaz eztabaidatzen da... Hau guztia irudiz, grafikoz eta ariketaz hornitua dago
PAKO BELEAREN BIHURRIKERIAK
Iñaki Zubeldia
Ibaizabal
79 orrialde
940 pta.
Matxinsalto bildumako 10. liburu hau, gainontzekoak bezalaxe irakurterraza eta koloretako ilustrazioz hornitua da; zortzi urte inguruko haurrentzako egokia, beraz. Oraingoan, eta tituluak ederki islatzen duen moduan, Iñaki Zubeldiak Pako belearen bihurrikeriak kontatzen ditu. Aurreko abenturan jasandakoetatik sendatuta, umeekin gustura ibiliko da jolasean. Haurrak oporretan dira eta honek aukera emango dio Pakori hainbat bihurrikeria egiteko —gero damutuko bada ere—. Pasadizo ugari bizita, ordea, CD-ROM bat ikusi eta bere bizimodua goitik behera aldatuko da
CHANTS DE FEMMES DU PAYS BASQUE
Sergent Major Co.
2.795 pta.
Euskal musika, atzerrian ere salgarria omen da. Horrela erakutsi zuten duela pare bat urte Oldarra abesbatzekoek, euren diskoko milaka ale merkatu frantsesean salduz. Elkarlanean etxeak ere euskal kantu ezagunenekin bilduma kaleratu zuten iazkoan kanpoko merkatuetan saltzeko asmotan. Ez da denbora asko, adibidez, Alaitz eta Maider bikotea Japonian izan zela euren azken lanaren promozioan. Eta orain, Sergent Major Company handiaren Major Tom azpi-disketxeak «Chants de Femmes du Pays Basque» hau jarri du kalean. Euskal Herriko emakumeen kantuak bildu dituela, alegia.
Kantuen zerrendari erreparatuz izen garrantzitsuak kanpoan geratu direla ikusiko du euskal entzuleak, lau kantariren abestiak besterik ez baitituzte bildu. Non da Amaia Zubiria, esaterako? Produktua, ordea, kanpoan saltzeko egina da.
Amaia Uranga, Caroline Phillips, Maite Idirin eta Olatz Zugasti izan dira hautatuak eta orotara hamabi kantu biltzen dira. Amaia Urangaren «Amodioa», «Maite nauzula» eta «Txalopin txalo» laburra topa daitezke diskoan. Caroline Phillips eta Michel Ducauren errepertoriotik, aldiz, «Haurtxo txikia», «Eiheralarre» eta diskoa ixten duen «Munduko errege» aukeratu dituzte. «Xorietan buruzagi» eta «Txantxangorria» dira Maite Idirinen ahotsean entzun daitezken abestiak eta Olatz Zugastiren «Neguko arratsalde batean» eta «Dua nere aurrean» ere entzungai dira