Beñat Doxandabaratz
Furgoneta batekin hasi ziren harat honat joaten; garai hartan puntakoak ziren efektu digitalak Eurovision eta TVErentzako alokatzen baizituzten, golf txapelketa, motor lasterketak eta futbol partidak zirela. Digital Mobiles izan zen, duela 11 urte, Josu eta Martin Erguin anaia beasaindarrek ekoiztetxe sortu berriari eman zioten izena. Orain ordea, ez dira hainbeste mugitzen, 1996az geroztik, Lasarten baitute estudioa, (ARGIAko egoitza ondoan hain zuzen), kamera eta edizio digitalez ongi hornitua. Madrilen ere badute beste estudio bat, non erredakzio taldeak Canal Digitalerako hamar minutuko saioak egiten dituen, hala nola: Cinemania, Taquilla, Album TV eta abar. Informatika katerako zazpi programa, baita Local Media telebista lokalen elkartearentzako eginikoak ere. Hasieran Argiñanoren lehenbiziko 300 programak bertan grabatu zituzten; gero, Subijana eta Castillorenak. Azkenaldian, Portugalgo SIC telebista katearentzat sukaldaritza saio sorta egiten dihardute. Carlos Capote sukaldaria hilean behin hona etorri izan da, beharrezkoak zitzaizkion elikagaiak aldean zituela. Hemendik aitzin, programa honen itxura aldatzearren, Portugalgo hainbat jatetxetan grabatuko dute. Halaber, Capoterekin bi orduko bideoa amaitu berri dute Txinako Macaun, kamera digital bakarra erabiliz. Horren kariaz, aipa dezagun 2.000. urtean Macaok Portugalgo lurraldea izateari utzi eta Txinarena izatera itzuli beharko duela. Erreportajean ere hiriko erritmo bizia irudikatzen da, mundu guztia presaka, karrikan dauden ehundaka «take away» janari azkar postuetan nabarmenduz. Ondotik, Capotek jaki horiek hartu eta patxadaz egiten ditu Macaoko sukaldari baten laguntzaz. Orobat, Canal Surrerako Pablo Amate sukaldariak ere Lasarteko estudioan egin izan ditu bere saioak.
MINUTU BATEAN PREST.
Berritasun nabarmenena beraiek asmatu errezeta bisualen eskutik etorri da, betegarri nahiz etxerako bideo gisa saltzeko modukoak. Minutu baten buruan, errezeta bat osorik azaltzen da, aurkezle eta ahotsik gabe, esku batzuen bidez bakarrik. Ziztu bizian baina behar adinako tartea emanez prozesua ongi ikus dezagun, hizkiez lagundurik, tokian tokiko hizkuntzan. Hemengo jakiak baino gehiago, nazioarteko sukaldaritza landu dute, 120 errezetara helduz. Eta jadanik badituzte erosleak, Portugal, Suedia eta Kanadako telebistak, alegia. Urrian hasiko dira Suedian ematen, eta Kanadan aldiz, laster batean.
«Antena 3n erakustean, gustatu bai baina komentarioak eranstea proposatu ziguten, guk ezetz esan genien, dagoen moduan gure ustez, argi eta garbi azaltzen baita zein den plater bat egiteko prozesua» azaltzen digu Martinek. Aldi berean, formato hau baliagarria dela erakutsiz, beste saioak prestazen ari dira, alegia, pintxoak (hemengoak ez ezik, Japonia eta Hego Amerikakoak ere), koktelak, landareak nola zaindu, eta beste sorta bat, txirringa konpontzeko aholkuak emanez. Hurrengo egitasmoa altzarien zaharberritzeari buruzko saio sorta bat egitea da, baita informatikari buruzko beste bat ere, luzexeagoa ordea, hamar bat minutu ingurukoa. Aipatu saio laburrak nola grabatzen dituzten galdetuta, ez dute xehetasun handirik eman nahi, bestenaz, sistema hori kopiatzen hasiko bailirateke.
Digitalizazioa ahal den gehien ustiatzeko, post produkzioa egiten ere hasiak dira. Berriki, esaterako, «Ione sube al cielo» filmaren muntaia digitalki egin dute. Joseba Salegi altsasuarra eta Madrilgo ediziogilea aritu dira hiru hilabetez buru belarri. Bobina bideora pasatu eta, kodigoez baliatuz, filma editatu dute. Bestalde, perretxiko eta onddoen inguruko liburu bat oinarri hartuta, saio bat egin zuten, 60 aletik gora agertuz. Ez dute haatik, inork eros diezaien lortu.
Erguinen arabera,
«lehen 40 milioi pezeta behar baziren, orain 10 milioirekin edizio digitala egiteko tresnak badituzu. Askoz azkarrago, gainera. Ordenagailu bat programa on batekin eta bere disko gogorra. Etorkizuna ildo horretatik doa. Kamera digitalak askoz merkeagoak izateaz gain, kalitate ona ematen dute. Betacam analogikoaren ondoan askoz «drop» gutxiago dauka. Kolorea zertxobait kaskarragoa dela badiote ere, beste kopia bat egitean kalitatea ez da lehen bezala generazio bat galtzen».
ESPEZIALIZATU ALA HIL.
Azaldu bezalaxe, ETBn berezko azpiegitura egonik, beste modu batera ekin dio bideari Digital Mobilesek. Martinen esanetan
«orain arteko gure proposamenak ETBkoei ez zaizkie egokienak iruditu. Beraz, beste bide batzuk urratu behar izan ditugu; merkatua non, gu han. Merkatu horiek landu egin behar dira, batzuetan haien beharretara egokituz eta besteetan gure produktuak eskainiz. Madrila edo Lisboara joan behar bada gustura asko goaz eta bide batez, beste lekuetako jendea ezagutzeko parada ematen dizu. Oso aberasgarria gertatzen ari zaigu. Hala ere, berriro ETBrekin jarri gara harremanetan informatikari buruzko saio bat prestatu nahian».
Telebista modernoan, gero eta gehiago, pantaila arrain ontzi edo sugarrez betetzen da betegarri gisa. Horren haritik, Digital Mobilesen zenbait saiakera eginak dituzte; esaterako, kamera bat autoan jarri eta hemendik Miarritzera joan, errepide galdu bat jarraituz; emaitza ikusita ondo geratzen da, efektu lasai bezain dinamikoa baitu.
Agerikoa da, emeki-emeki, digitalizazioa, satelitea eta kablearen etorrerak telebista ulertzeko modua aldaraziko duela. Egin kontu, programak publizitatearekin batera saltzeko joera gero eta nabariagoa da. Martinen irudiko gaikako kateetan egongo da koska,
«saio mordoska errepikatu egingo dira, ikuslea nolabait programatzaile bilakatuko da. Telebista publikoek ere beren kate tematikoak sortu beharko dituzte, baita ETBk ere, kultura eta kirolak adibidez, euskara hutsean. Kate tematikoak gainera, orokorrak baino merkeagoak dira. Politikarien borondatea falta da orain».
Bitartean, egitasmo berriak aurkeztea xede dutela, saio pilotoak egiten segituko dute. Gertu da urteko hitzordurik inportanteena: Canneseko ikus-entzunezko azoka, alegia. Urrezko aukera munduan gaindiko telebista erosle eta ekoizleekin biltzeko. Baietz Digitalekoek programa bat baino gehiago aise saldu Cannesen!
Daniel Udalaitz
Azken hilabeteotan «2000 efektua»z hitz egin izan da, baina duen garrantzia eman gabe, agian. Batzutan 2000 efektua milurteko berriaren inguruko mitoekin bateratu izan da, eta beharbada ez da benetako eta egiazko arazo gisa hartu izan. Baina egia biribila da 2000 efektua benetako arazo teknologikoa dela, eta berehalakoan topo egingo dugula berarekin gure ordenadoreetan eta, batez ere, enpresetan. Batzuk diotenez, 2000. urterako geratzen zaizkigun hilabete gutxiak —hiru— kontuan izanik, berandu da gure sistema informatikoei gainera datorkien arazo larriari aurre egiteko.
2000 efektua txantxetako kontua ez dela garbi ikus dezakegu enpresa handietan egiten ari diren ahaleginari erreparatzen badiogu; duela urte batzuk geroztik milaka milioi dolar inbertitzen ari dira. Zehazki, munduan zehar, arazo hau gainditzeko 1,5 bilioi dolar inguru gastatu dela uste da. Eta Espainian 3.000 milioi dolar. Bi adibide: Banco Bilbao Vizcaya Taldeak 1996az geroztik 17.000 milioi pezeta (680 milioi libera) inbertitu ditu; Euskal Herrian ere aritzen den Repsolek urte horretatik bertatik 4.000 milioi pezeta inbertitu ditu, 2000 efektua gainditzeko eta informatika sistemak egokitzeko.
Zentzuzkoa denez, multinazional eta enpresa handiak dira ondoen prestatu direnak 2000 efektua gainditzeko. Aldiz, Euskal Herrian halako garrantzia duten enpresa txiki eta ertainak dira gutxien prestatu eta egokitu direnak. Espainian, uste da zazpi enpresatik bat ez dela garaiz iritsiko 2000 efektua gainditzeko. Enpresek, analistek eta gobernuek aurreikuspen kaskarra izatea eta izua bultzatzea salatzen diote elkarri. Baina arazo teknologikoa hortxe dagoela nabarmena da. Eta horretarako prestatu ez denak informatika arazo larriak izango ditu eta, ondorioz, enpresa antolamendu arazo larriak.
Zer da 2000 efektua? Azken batean, garaiz ibiliz gero nahiko erraz konpon daitekeen arazo teknikoa da. Sistema informatiko guztiek bi digitu erabiltzen dituzte urteentzako, eta ez lau digitu (99 erabiltzen dute 1999 ordez). Horrela txip batean oinarriturik dagoen, ekipamendu informatikoak erabiltzen dituen edo nolabaiteko softwarea behar duen edozein sistema elektronikok 2000. urteko urtarrilaren 1ean 1900. urteko urtarrilaren 1a dela «pentsatuko» du.
Gainera, 2000. urteak beste zenbait arazo dakartza berekin. 2000. urtea bisustua da: 1900. urtea ez zen hala izan, beraz, prestaturik ez dauden ekipamendu guztiak otsailaren 28tik martxoaren 1era igaroko dira zuzenean. Baina, gainera, 2000. urtea bisustu berezia da, 400 urtean behin bakarrik ematen den urte bisustu horietakoa. 2000 efektua duten aplikazioen % 10-12k ez dute hori kontuan hartzen, eta informatikako arduradunen % 17k ez zuen horrelakorik ezagutzen, Computerworldek egindako inkesta baten arabera.
Erantsi beharreko beste arazo bat: ekipo batzuk astelehenetik ostiralera erabiltzeko programaturik daude, eta 2000. urteko urtarrilaren 6a, osteguna, beraientzat 1900. urteko urtarrilaren 6a izango da, larunbata. Gainera, Espainian erabiltzen den softwarearen % 59 pirateatua eta, beraz, eguneratzeko edo erreklamazioak egiteko aukerarik gabea dela kontuan hartuz gero, arazo kopurua areagotuz dihoa.
Gauzak horrela, arazoaren konponketak ez dirudi oso zaila. Digitu horiek non dauden aurkitu eta lau digitu jartzea da egin behar den guztia. Baina, orduan, nolatan inbertitu behar da hainbeste milaka milioi dolar arazoa konpontzeko? Eginkizun teknikoa, berez, erraza litzateke, dauden gorabehera ugariek eragiten dituzten are zalantza ugariagoengatik ez balitz. Adituek diotenez ez da lan zaila, baina bai oso mantsoa eta neketsua. Berez, Microsoft Ibericako adituek diotenez, «
arazo bakarra arazoa non dagoen jakitea da. Programatzaileek konpainia bateko sistema guztiak begiratu behar dituzte, ekipoak eta programak, horietan daten bidez egiten den lana, eta hori edozein arlo eta sistematan gerta daiteke».
Zer gerta daiteke arazoa konpontzen ez bada? Inor ez da ausartzen aurrez iragartzen. Baina arlo batean ados daude aztertzaile guztiak. Lehenik, baztertu egiten dituzte datorren milurtekoaren inguruko hondamendien inguruko teoriak: esaterako, informatikak kaosa eta apokalipsia ekarriko diola mundu osoari. Bigarrenik, onartzen dute programa batzuk ez dutela funtzionatuko edo gaizki funtzionatuko dutela, era guztietako eragozpenak sortuz eta denbora asko galaraziz. Halaber, aurrez iragar daitezkeen hainbat akats txiki eta beste batzuk inork aurreikus ezin ditzakeenak izango direla diote. Baina enpresak, neurri handi batean, beren informatika sistemen menpe daude eta hauek huts eginez gero, negozioa erabat lur jota gera daiteke.
Europa nola ari da erantzuten arazo honi? Izen handiko «The Economist» ekonomi aldizkari britaniarraren iritziz, «
2000.eko lehergailuak eztanda egiten duenean, haren uhin hedakorrak ez du eragin berbera izango herrialde eta enpresa guztietan. Europako herrialde batzuk jarrera lasaiegia erakusten ari dira». Eta gertakari bat kontatzen du. Aztertzaile britaniar batek, Frantziako banku handi bateko aholkulari batekin hizketan ari zela, konpainia milurteko birusaren aurka nola prestatzen ari zen galdetu zion, eta honek zera erantzun omen zion: «
2000. urteko efektu hori amerikarren eta britaniarren konspirazioa da, ke-gortina bat zabalduz Europako moneta bakarrerako prestaketekiko arreta galarazi nahi dutelako». «The Economist»ek dioenez, «
Britainia Handia, Holanda eta Eskandinavia salbuetsiz, Europako gainerako herrialdeek, harrigarriki, jarrera lasaia hartu dute 2000. urtearekiko». «
Gainera —eransten du aldizkariak
—, Europako politikari gehienek ez dute ezer esan 2000. urtearen gainean. Informazioaren inguruko teknologiarekiko interes handirik gabeko belaunaldi batekoak dira, are amerikarrak beraiek baino gehiago»
Eriz Zapirain
alarma egoera piztu nahi izan dute askok: ez gaudela prest, hondamendia etorriko dela... Errealitateak besterik erakusten du; begira bestela eginiko inbertsioei.
guztia irakurri
Izaskun Jauregi
Jaurlaritzaren landa lan batek. Batez bestekoak, % 0,16tik % 4,92ra doaz. Datuok aurrekontu orokorrekin eta euskaldun kopuruarekin alderatuz, zenbaitetan lotsagarri gerta litezke.
guztia irakurri
Amaia Olano
antolatzen du jai hau ikastola errenteriarrak, 1984ko edizioa ere beraiek antolatu baizuten. Urriaren 3an herria jendez betetzeko egitarau zabala antolatu dute. Irabazten duten dirua Haur Hezkuntzako gelak atontzeko eginiko inbertsioari aurre egiteko erabiliko dute.
guztia irakurri
Amaia Olano
hamaika haur eta irakasle batekin. Gaur egun 1.100 ikasle eta 85 bat irakasle ditu. Haur hezkuntzarekin hasi zen baina ikastola hazi den heinean OHO eta Batxilergoa sortu dira. Egun 0 urtetik hasi eta 18 urte bitarteko ikasketak eskaintzen ditu.
guztia irakurri
Amaia Olano
historiko labur bat eman ondoren bakoitzaren barrura sartu eta ikasle eta irakasle kopuruak, ikasketa ereduak eta herrira begira egiten dutenaren berri jaso dugu. Ikastetxe hauetan B eta D ereduetan burutu daitezke 16 urte arteko ikasketak.
guztia irakurri
Amaia Olano
badiogu, hiru euskaltegirekin egingo dugu topo: Xenpelar AEK euskaltegia,Ortzadar euskaltegia eta Udal euskaltegia. Hiru izan arren, gauzabakarra dute buruan: Errenteria euskalduntzea.
guztia irakurri