Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-10-03 -- 1731.zenb

Carlos Iturgaitz Eusko Legebiltzarrak, kurduen Legebiltzarrari egoitza uzteari buruz: «Hori da Turkia edo Finlandiako Legebiltzarrak ETAri bere egoitzak utziko balie bezala».

Victor Suances Teniente Koronela, Espainiako Erregio Pirinearreko buruzagiak instituzioei egindako deialdia Iruńean: «Espainiaren defentsa guztion lana da eta ez militarrena bakarrik».

Julio Anguita, Izquierda Unidako Koordinatzaile Orokorra: «Lizarrako Ituna uzteko aukera aztertzen ari gara».

Julia Madrazo, IU-EBko zinegotzia Bilbon, udal hartako EAko zinegotzia talde mistora pasatu izanaz: «EAk barre egiten die bere botu emaleei; EAJ-EA koalizioaz baliatu da bestela lortuko ez lukeen zinegotzia izateko».

Jonan Fernandez, Elkarriko Koordinatzailea: «Guztiok mugitu gara zerbait Gobernu espainiarra ezik, eta horrek aurrerapauso handiagoak ematea ezinezkoa egin du».

Sabin Intxaurraga, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburua: «Justizia Administrazioan hogei urteko atzerapena daramagu, adibidez Hezkuntza Sailarekin alderatuta».

Karmelo Sainz de la Maza
Leioako alkatea da EAJk Eudeleko lehendakaritzarako aurkeztuko duen hautagaia. Urteroko bilkura ostegun honetan izango da Durangon.

Michele Alliot-Marie
Donibane-Lohizuneko auzapez eta RPReko diputatuak Frantziako RPReko lehendakaritzarako hautagaitza aurkezteko asmoa agertu du. Dagoeneko, Iparraldeko RPReko buruzagi garrantzitsuenen sostengua jaso du.

Jose Luis Castejon,
Nafarroako Legebiltzarreko Lehendakariak iragarri duenez, Nafarroa Oinezeko jaian izango da aurten, Iruńean, urriaren 17an. Horrez gain, Nafarroako Legelbiltzarra eta Eusko Legebiltzarraren arteko harremana sendotuko dela iragarri du.

Jakoba Errekondo

Mahastiak gorriztatzen hasi dira, udazkenean sartu gara eta negua aurretik hostoetan dagoen jaten apurra mordoetan pilatutako fruituetara eta enborra eta zainetara bideratzen hastean hostoetako klorofila berdea desagertu eta ezkutuan azpi-lanean ari diren beste pigmento batzuk azaltzen dira, gorriak, laranjak, horiak etab. Eguraldiaren bedeinkazioarekin fruituak gozo-gozo helduko dira.
Ardotarakoa bezela badira beste mahats batzuk ere. Azeri-mahatsa edo otso-mahatsa —

Arctostaphylos uva-ursi
— eta asta-mahatsa edo apo-mahatsa —

Tamus communis
— izen bereziak dituzten landareak adibidez.
Asta edo apo-mahatsa baso ertzetan edo zuhaitz tarte argi samarretan hazten da. Igokaria izaki, bihotz antzeko hosto berde bizi-bizi distiratsuak itxitura, zuhaiska eta zuhaitzetan gora zabaltzen ditu. Urte-garai honetan urtean hazitako zurtoina erabat soiltzen da eta fruitu gorri tortokak, zintzilik erakargarri agertzen dira. Fruituak diosgenina deituriko pozoin bat du eta hor egoten da luzaz inor jaten ez duela. Lurpeko zain potoloak bai ordea, horiek airera ateratzen dira. Kare oxalatozko kristal ugari du eta ubeldu eta odol-bilduak sendatzeko erabili ohi da. Frantzian «herbe aux femmes battues» deitzen zaio, kolpatutako emakumeen belarra, alegia, eta batez ere begiondokoak bereoneratzeko ona dela zabaldua da han. Panorama ikusita, bada ezpada, hemen ere landarea non dagoen ezagutzea hobe

Jabier Agirre

Arantzazuko Ospitaleko mediku Juan Ignacio Arenas doktoreak esan zuen Donostiako Udako Unibertsitateak antolatutako ikastaroan 10 urte baino lehenago lortuko dela C hepatitisa sendatuko duten hiru botiken konbinazioa bilatzea. Oraingoz hepatitis-mota horrek ez dauka sendabiderik, baina dagoeneko aurrerapausoak lortu dira, batez ere Interferol eta Ribabilina izeneko botikak elkartu direnetik: horrela % 11-12 kasu sendatzetik eritasuna kasuen erdian erabat desagertzea lortu izan da (% 50eko sendaketak). Hasieran botika bakarrarekin tratatu arren, azkenean hiru farmakorekin tratatzen baitira.
Arenas-ek esan zuen bezala, kontuan hartu beharra dago botika, janari eta infekzio guztiak gibeletik pasatzen direla. Medikamentu guztiek ekar ditzakete gibeleko erasanak; penizilinak, adibidez, sor ditzake kalteak gibelean. Bestalde, alkohola ere kontuan eduki behar da. Arenas doktoreak 40 gramo alkohol jo zuen eguneroko muga bezala, hau da egunero-egunero 300-350 zentimetro kubiko ardo edan daitezke ondorio kaltegarririk gabe, pertsonak gibela erabat ongi baldin badauka (ia litro-heren bat egunean).
Bukatzeko, Arenas doktoreak esan zuen gazteei ematen zaizkien txertoak erabat gomendagarriak direla eta A eta B hepatitisen kontra ume guztiak txertatzea gomendatu zuen


ESPAINIAKO GOBERNUAREN JOLASA

KUKUGORDEKA ari bide da Espainiako Gobernua euskal kontuei dagokienez. Presoak direla eta, ETA eta HBrekiko bilerak, Kontzertua... eta orain Kurduen Legebiltzarraren aferan ere bai. Eusko Legebiltzarrak kurduei Legebiltzarrean biltzeko emandako bahimenaren ondoren, Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalaren aurrean, «atzerriko harremanak» bereak direla argudiatuz. Turkiako kurduek bizi zuten egoera dela eta, Biltzarrik ez egitea erabaki zuten kurduek eta orain Espainiako Gobernuak helegitea erretiratu du. Helegitea trikimailu gisa erabili zuela begibistakoa da; horren begibistakoa ez dena, ordea, Auzitegi Konstituzionalak zer erabakiko lukeen; ez dago horren argi, eta hori ere izan daiteke atzera egite horren arrazoietako bat.


LEHENDAKARITZARAKO HAUTAKETA
PROZESU BERRIA NAFARROAN

ASPALDITIK dira Nafarroako Lehendakaria hautatzeko sistema aldatzekotan baina oraindik ez da ezer gauzatu. Nafar Gobernuko Lehendakari Rafael Gurreak aditzera eman duenez, ostera, aldaketa Madrilekin negoziatu behar da eta hori Espainiako legealdi hau amaitu aurretik egingo da. Nafarroako Legebiltzarrak aspaldi eman zuen agindu hau baina oraindik hor dago gaia irtenbiderik gabe. UPN izan da Lehendakaria prozedura automatikoz hautatzeari etekin handiena atera diona.


IBARRETXEREN FOROA

PRESTAKETA lanek aurrera darraite eta apurka foro berriaren beharra gizarteratzen ari da Ibarretxe Lehendakaria. Eusko Legebiltzarreko iragan osoko bilkuran Lehendakariak argi utzi zuen ekimenarekin jarraituko duela mahai berria eratu arte. Foro bat izan liteke baina bi mahai izan dezake, bat Nafarroan eta bestea EAEn. Ostegun honetan, Ibarretxek bere hirugarren bilera izango du Aznar Espainiako Gobernuburuarekin eta bertan —Kontzertuaren defentsa egiteaz gain—, foroaren ideiarekin aurrera jarraitzeko asmoaren berri emango dio Aznarri. Pique Espainiako Gobernuko bozeramaileak, aldiz, adierazia du jada, Ajuria Eneko Mahaiak jarraitzen duen bitartean ez dela horrelako fororen beharrik. PSE-EEk, bestalde, Ajuria Eneko Mahai beste behin bildu beharko litzatekeela adierazi izan du, hori bai, beroni finikitoa duintasunez emateko.


HB ETA EZKER ABERTZALEKO
EZTABAIDA PROZESUA

URRIAREN hasiera aldera ekingo dio HBk bere eztabaida prozesuari. Batetik, Oldartzenek markatu izan duen ildo politikoaren balantzea egingo da eta ildo politiko berria abiarazi; bestetik, Mahai Nazional berria hautatuko da. Abendurako amaituta egongo da prozesu hau. Ondoren, ordea, ezker abertzale mailako beste eztabaida edo berregituraketa fase bat irekiko da, 79ko izpirituari berrelduko dion herritar batasuna nola eratu behar den eztabaidatzeko, eta fase honek ekainera arte iraungo du gutxi gora-behera. Euskal Herritarrok erakundean bildutakoak izango dira protagonista eztabaida prozesu honetan baina esparru zabalagoetara ere zabaldu nahi da prozesua. Jadanik, iragarritako izendegi berriaren dantzari hasiera eman zaio eta izen berri bat atera da plazara: Ekin. Erakunde horretan ari direnen esanetan, eraikuntza nazionalerako lanean jardungo dute. Zeru berrietara egokitzeko lehenbiziko urratsak dira.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan