Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 16:35:30
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-10-03 -- 1731.zenb

Iruñeko San Fermin Ikastolako zuzendari izandako Jesus Atxak ikastolen historia landu du kaleratzear den liburuan. Nafarroa Oinezen karietara argitaratuko dute eta bertan dokumentazio lan interesgarria topatuko dugu. Finean Euskal Herriko ikastola guztiek historia bera dutela atzean, lege eta oztopoen gainetik azaleratu diren errealitateak direla, hori da bertan jorratu duen tesia. Gaztelerazko bertsioa ere karrikaratuko da, Kike Diez de Ultzurrunek egina. Pamiela arduratu da argitalpenaz.

Espainiako Kongresuak onartu egin zuen iragan astean CIU, BNG eta EAJk egindako legez besteko proposamena. Kongresuak Espainiako Gobernuari eskatu zion neurriak har ditzala autonomietako hizkuntza ofizialak benetan erabil daitezen Justizia Administrazioan. Hala, funtzionarioak, epaileak eta Administrazioaren menpe dauden beste langileak «egoki prestatzeko» eskatu zion Gobernuari.

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua jarriko du abian ikasturte honetan HABEk. EAEko 140 euskaltegitan ipiniko dute martxan eta ia 50.000 ikasleren euskalduntzea gidatuko du. Euskaltegi horiek hiru urteko epea izango dute beraien kurrikulua zehazteko. Bost urte eman dituzte HABEko teknikariek kurrikulua prestatzen.

Iruñeko Udalbatzarrean PSNko zinegotziek Mendillorrin eskola elebiduna izatearen alde bozkatu zuten duela bi aste. Nafarroako Haur Eskolen Patronatuko Juntak ez zuen onartu ordea. Zergatik? PSNk iritzia aldatu eta kontra bozkatu zuelako —UPNrena argi zegoen—. EHk eta IUk gogor kritikatu dute bi alderdion jarrera.

Radio Paraison hasi zen euskarazko saioak egiten 16 urte zituela. Eguzki irratian denetarik egin ondotik, Euskalerria irratian laguntzaile gisa sartu zen 33 urteko iruinsemea. Bidean geratu zen lagun batekin batera, hiru urtez «Barra barra» tertulia egiten zuen astero.

«Gero, gaueko banda indartzearren, tertuliak eta gazteentzako saioak egiten hasi nintzen, beti ere jendearen esku hartzea bultzatuz
». Orain, Juan Kruz Lakastarekin batera, arratsaldeko 6etatik 8ak arte, aktualitatearen arrastoa jarraitzen dute, irudimena landu eta kolaboratzaile sare handi bat erabiliz.

«Mikro aitzinean jardutea errazena da; lan zikina ongi egitean dago koska. Kolaboratzaile sare on batekin lanaren % 80 egina baitago. Guk sare hori txirikordatu eta gasolina bota baino ez dugu egin behar»

«LEVANDO ANCLAS»EN AINGURA MUGITU DUTE
Bidaiazaleon hitzordu sakratua gauerdira atzeratu digute. Ausardia halakoa! Entzuleen iritzia eskatu gabe Roge Blascori aingura aldatu diote Radio Euskadikoek, haren ordez kirol saioa jarriz. Jakin badakite, 15 urte daraman irratsaioa atzeratzeak ez dituela entzule fidelak uxatuko; betiko irrati eredutik ateratzen baita turista izan nahi ez duten bidaiarien ostatua. Itzulerako txartelik ez duten horiek, bakardadean usu, itsasoz, trenez edo Amazonian barrena, beti ere agerian uzteko, bidaia guztiak barne bidaiak direla. Bitartean, gu irrikitan loak har ez gaitzan urruneko lurraldeekin amets egin aitzin

PAILAZOAK ETA ORKESTRA
Txirri, Mirri eta Txiribitonek
disko berria jarriko dute aurki
kalean. Baina, oraingoan, lan
berria Euskadiko Orkestra
Sinfonikoarekin batera grabatu
dute. Datorren hilabetean
IZ disketxeak merkaturatuko
duen disko berriko kantuak
pailazo hirukotearenak dira,
baina orkestrarako moldaketak
Tomas Aragües eta Jose Luis
Grecok burutu dituzte. Disko
honetarako, Juan Jose Oconek
jardun du Euskadiko Orkestra
Sinfonikoaren zuzendaritzan
Haurren ahotsa, berriz,
Billabonako Eresargi koralak
jarri du.

Lazkao Txikiren bertsoak Amurizaren ahotik.

«Euri kontuak» idatzi du Jose Luis Otamendik.


CORREO TALDEA EUSKARAZKO PRENTSARA

CORREO taldeak euskara hutsezko astekari bat jarriko du kalean udazken honetan. «Zabalik» izena jarriko diote komunikabide berriari eta Nerea Azurmendi kazetaria izango da bertako zuzendari. Hastapenetan astero plazaratuko bada ere, egunkari bokazioz sortutako ekimena da «Zabalik». 98ko udazkenean egunkari gisa kaleratzea izan zen Correo taldearen lehen asmoa, baina Garzon epaileak «Egin» itxi zuelarik, egitasmoa atzeratu egin zen.


EUSKADIKO ORKESTRA LANEAN

IRAILAREN 25ean eman zion hasiera Euskadiko Orkestra Sinfonikoak denboraldi berriari. Txirri, Mirri eta Txiribitonekin diskoa kaleratzeaz gain zer eginik izango dute Orkestrako kideek. Izan ere, orotara 100 kontzertutik gora eskainiko dituzte hasi berri den denboraldian. Emanaldiak ez dira, noski, Euskal Herrira mugatuko eta, besteak beste, Amerikan zehar bira bat dute aurreikusita, Joakin Atxukarro piano-jolearekin batera burutuko dutena.


AMURIZA ETA LAZKAO TXIKI

IRAGAN astean, irailaren 24an hain zuzen eta «Enaz banaz» bere azken liburua aurkeztu berritan, Xabier Amurizak estreinako aldiz eskaini zuen «Lazkao Txiki, bat-bateko sorgina» emankizuna. Lehendabizikoz Lazkaomendin bertan buruturiko emanaldia Lazkao Txikiren bat-bateko bertsoetan dago batez ere oinarritua. Hemendik aurrera beste hainbat herritan izango da ikus eta entzungai emanaldi hau. Gainera, ez da hau Amurizak tankerako ekimena abian jartzen duen lehen aldia. Izan ere, duela hilabete batzuk Xalbadorren bertsoekin osatutako ikuskizuna eskaintzen jardun zuen.


EUSKO IKASKUNTZAREN BIOGRAFIAK

EUSKO Ikaskuntzak «Eusko Ikaskuntzaren Hiztegi Biografikoa» izeneko lana argitaratu berri du. Bertan Eusko Ikaskuntzako kide izan direnen bizitza eta lanen berri ematen da. Eta elkarte honek iaz 80 urte bete zituela kontutan hartuta ulertzen da biografiak hainbeste eta hain anitzak izatea. Jose Maria Agirre Egañatik hasi —Xabier Lizarditik, beraz— eta Iñaki Zumaldera bitarte, liburuan topa daitezke, besteak beste, Sebero Altube, Jesus Altuna, Telesforo Aranzadi, Joxemiel Barandiaran, Arturo Campion, Julio Caro Baroja, zendu berri den Bernardo Estornes Lasa, Manuel Lekuona, Jesus Maria Leizaola, Jose Maria Jimeno Jurio edo Serapio Mujika.
Ez da hau Eusko Ikaskuntzak egunotan argitara eman duen liburu bakarra, Carlos Roldanen «El Cine del País Vasco: de Ama Lur a Airbag» ere kalean ipini baitu dagoeneko.


OTAMENDI NARRATIBARA

BERE lehen narratiba lana aurki ipiniko du kalean Jose Luis Otamendi idazleak. 1980an plazaratu zuen bere estreinako lana, «Egunsenti biluzia» poema bilduma. Ordutik hona beste hainbat liburu argitaratu du, guztiak poesia bildumak eta azkena bere lanari errepasoa egiten zion «Bakarrik bahago neguan» izan zen. Bada, Susa argitaletxearen eskutik laster «Euri kontuak» lan narratiboa aurkeztuko du, 20 ipuin laburrez osatutako sorta.

Jose Luis Etxeberriak honela zioen «Gara»n: «Gotzon Garateren nahia `gure gurasoen eta oraingo baserritarren euskarara bihurtu behar dugu' betetzea ez da ametsa, ez eta utopia ere, ezinezkoa baizik».

Eneko Olasagastik zera esan zuen «Euskonews & Media»n: «Arazo nagusia ETBk dirua lortzeko eta banatzeko duen politikan dago (...) Hemengo ekoizpenak ez dira kanpora saltzen kalitatea falta zaielako (...) Ondorioz, produktua ez da lehiakorra (...)».

Xabier Lete kantaria honela mintzatu zen «Gara»n: «Badakit agertokiak exibizioa eta histrionismo puntu bat exijitzen dituela. Nik ere izango dut zerbait horretatik, beharrezkoa ere bada seguru asko, baina erakutsi behar horrek urduri jartzen nau eta fribolitateak ez du niretzat zentzurik. Zerbaitek zentzua izatekotan, komunikazioak du eta horretan saiatuko naiz, barruan pilatu dudan esperientzia trasmititzen».

Felipe Izagirrek zera zioen A ereduari buruz «Gara»n: «(...) Ereduetaz hitz egin beharrean, eskola bakoitzak bere Eredua, bere proiektua egin eta garatu behar duela uste dut».

Euskaldun askok erabiltzen dute euren bidaietarako Gasteizen egiten den karabana edo erremolke bat, «Hergo» markakoa. Web gunea (www.hergo.es) estreinatu du duela gutxi eta espainol, frantses, ingeles, portuges eta italianoz bisita daiteke, bertan ikusgai dauden banderek erakusten dutenez. Ikurriña falta da... eta euskara.

OTSOEN ISILTASUNA
Hasier Etxeberriak irailaren 18an «El Mundo» aldizkarian UEMA, euskara eta administrazioaren inguruan idatzitakoak dira honakoak:
«
Lehengo batean Iñigo Santxok, UEMA Udal Euskaldunen Mankomunitateko abokatuak esan zuenez, ez diote jaramonik egingo Madril eta Bilboko Auzitegi Gorenetik etorritako abisuari. Entzungorrarena egin eta atzera itzuliko dituzte, orain arte bezala, gaztelania hutsez etortzen diren agiri eta dokumentu guztiak. Baita Auzitegi berorietakoak ere. (...) eta ez naiz harritzen UEMAkoek batere kasurik ez egitea, errekurtsorik ez jartzea. Absurduaren absurdua baita, Euskararen Legea txikitxo geratzen zaigun honetan halako pitokeriekin etortzea epaile jauna. Gainera lehenago beste zentzurako erabakiak, administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubideak, onartu izan dituen Auzitegi batetik. Lotsa beharko luke Euskal Herriko deitzen epaitegi horrek eta lotsa behar luke agindu hori sinatu duenak epaile deitzen.
Biarritzeko festibalekoek ere izugarri maite dituzte Ameriketako Aimarak eta Ketxuak (...) Baina eskaiezu euskaraz prentsari banatzen dioten dossierra, edo galdeiezu ia, espainolez eta frantsesez bezala, euskaraz ere egongo ote den bat-bateko itzulpen zerbitzurik. Martziano bati bezala begiratuko dizute. Erraza baita urrutikoa maitatzea bertakoa ahaztuta».

Xabier Mendiguren Elizegi
k aurki emango du argitara Elkarlanean argitaletxearekin, bere liburu berria, «Nerabearen biluzia» izenekoa. «Gure barrioa 1975» azken lanaren ondoren, orain 1978-1982 urte bitarteko oroitzapenak kontatuko ditu Mendigurenek, oraingoan fikziorik gabe.

Bernardo Atxaga
k «Hans Christian Andersen» saria irabaz dezake. Izan ere, IBBY Haur Liburuaren Nazioarteko Erakundeak bi urtetan behin ematen den sari honetarako hautagai izendatu du asteasuar idazlea.

Pi.L.T
musika talde mungiarrak bere hirugarren lana jarriko du aurki kalean, Tio Pete estudio berrietan grabatu ondoren eta Esan Ozenkiren eskutik. «3» titulu esanguratsua izango du eta taldearen ohiko metal doinuak bilduko ditu.

TAU-BASKONIA ZUZENEAN IGANDETAN
Zorionekoak saskibaloizaleak, Tau-ren norgehiagokak zuzenean ematen hasiko baitira ETB-1ean, igande eguerdietan eta Xabier De la Fuenteren eskutik. Nahiz eta Canal +ek ACBko saskibaloi partidak emateko eskubideak dituen, ETBk baimena lortu du. Bazen garaia, orain arte Europa eta Korac kopako partidak baino ez ziren ematen-eta

«1000 Y UNA GENTES» SAIOA LARUNBATETAN
Ruth Martinezek aurkeztuta, «Esta es mi gente» saioaren luzapen modukoa abiaraziko dute ETB-2an. Orain arte, jende bitxiari buruzko saioa bertako nahiz kanpoko bideoez hornitzen zuten. Orain aldiz, behin «Esta es mi gente» egunerokoa bilakaturik, berri hau atzerriko bideoekin osatuko da. Antza, formula agortu arte xurgatuko dute

«IKUSGELA» URRIAN HASIKO DA OSTERA
Ume eta gazteentzako saio hezigarriak aro berriari ekinen dio urriaren 6tik aurrera. Asteazkenero emango da goizeko 11'40an hasita; errepikapena berriz, larunbatetan. Funtsean aldaketarik ez badago ere, orain Izaro Iraeta bakarrik izango dugu aurkezle lanetan, Jokin Oregi, beste aurkezlea, «Egin kontu» saioko arduraduna izatera pasa baita

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan