ARAZO TEKNOLOGIKOA EGINIKO INBERTSIOAK SAIHESTUKO DU
Daniel Udalaitz
Azken hilabeteotan «2000 efektua»z hitz egin izan da, baina duen garrantzia eman gabe, agian. Batzutan 2000 efektua milurteko berriaren inguruko mitoekin bateratu izan da, eta beharbada ez da benetako eta egiazko arazo gisa hartu izan. Baina egia biribila da 2000 efektua benetako arazo teknologikoa dela, eta berehalakoan topo egingo dugula berarekin gure ordenadoreetan eta, batez ere, enpresetan. Batzuk diotenez, 2000. urterako geratzen zaizkigun hilabete gutxiak —hiru— kontuan izanik, berandu da gure sistema informatikoei gainera datorkien arazo larriari aurre egiteko.
2000 efektua txantxetako kontua ez dela garbi ikus dezakegu enpresa handietan egiten ari diren ahaleginari erreparatzen badiogu; duela urte batzuk geroztik milaka milioi dolar inbertitzen ari dira. Zehazki, munduan zehar, arazo hau gainditzeko 1,5 bilioi dolar inguru gastatu dela uste da. Eta Espainian 3.000 milioi dolar. Bi adibide: Banco Bilbao Vizcaya Taldeak 1996az geroztik 17.000 milioi pezeta (680 milioi libera) inbertitu ditu; Euskal Herrian ere aritzen den Repsolek urte horretatik bertatik 4.000 milioi pezeta inbertitu ditu, 2000 efektua gainditzeko eta informatika sistemak egokitzeko.
Zentzuzkoa denez, multinazional eta enpresa handiak dira ondoen prestatu direnak 2000 efektua gainditzeko. Aldiz, Euskal Herrian halako garrantzia duten enpresa txiki eta ertainak dira gutxien prestatu eta egokitu direnak. Espainian, uste da zazpi enpresatik bat ez dela garaiz iritsiko 2000 efektua gainditzeko. Enpresek, analistek eta gobernuek aurreikuspen kaskarra izatea eta izua bultzatzea salatzen diote elkarri. Baina arazo teknologikoa hortxe dagoela nabarmena da. Eta horretarako prestatu ez denak informatika arazo larriak izango ditu eta, ondorioz, enpresa antolamendu arazo larriak.
Zer da 2000 efektua? Azken batean, garaiz ibiliz gero nahiko erraz konpon daitekeen arazo teknikoa da. Sistema informatiko guztiek bi digitu erabiltzen dituzte urteentzako, eta ez lau digitu (99 erabiltzen dute 1999 ordez). Horrela txip batean oinarriturik dagoen, ekipamendu informatikoak erabiltzen dituen edo nolabaiteko softwarea behar duen edozein sistema elektronikok 2000. urteko urtarrilaren 1ean 1900. urteko urtarrilaren 1a dela «pentsatuko» du.
Gainera, 2000. urteak beste zenbait arazo dakartza berekin. 2000. urtea bisustua da: 1900. urtea ez zen hala izan, beraz, prestaturik ez dauden ekipamendu guztiak otsailaren 28tik martxoaren 1era igaroko dira zuzenean. Baina, gainera, 2000. urtea bisustu berezia da, 400 urtean behin bakarrik ematen den urte bisustu horietakoa. 2000 efektua duten aplikazioen % 10-12k ez dute hori kontuan hartzen, eta informatikako arduradunen % 17k ez zuen horrelakorik ezagutzen, Computerworldek egindako inkesta baten arabera.
Erantsi beharreko beste arazo bat: ekipo batzuk astelehenetik ostiralera erabiltzeko programaturik daude, eta 2000. urteko urtarrilaren 6a, osteguna, beraientzat 1900. urteko urtarrilaren 6a izango da, larunbata. Gainera, Espainian erabiltzen den softwarearen % 59 pirateatua eta, beraz, eguneratzeko edo erreklamazioak egiteko aukerarik gabea dela kontuan hartuz gero, arazo kopurua areagotuz dihoa.
Gauzak horrela, arazoaren konponketak ez dirudi oso zaila. Digitu horiek non dauden aurkitu eta lau digitu jartzea da egin behar den guztia. Baina, orduan, nolatan inbertitu behar da hainbeste milaka milioi dolar arazoa konpontzeko? Eginkizun teknikoa, berez, erraza litzateke, dauden gorabehera ugariek eragiten dituzten are zalantza ugariagoengatik ez balitz. Adituek diotenez ez da lan zaila, baina bai oso mantsoa eta neketsua. Berez, Microsoft Ibericako adituek diotenez, «
arazo bakarra arazoa non dagoen jakitea da. Programatzaileek konpainia bateko sistema guztiak begiratu behar dituzte, ekipoak eta programak, horietan daten bidez egiten den lana, eta hori edozein arlo eta sistematan gerta daiteke».
Zer gerta daiteke arazoa konpontzen ez bada? Inor ez da ausartzen aurrez iragartzen. Baina arlo batean ados daude aztertzaile guztiak. Lehenik, baztertu egiten dituzte datorren milurtekoaren inguruko hondamendien inguruko teoriak: esaterako, informatikak kaosa eta apokalipsia ekarriko diola mundu osoari. Bigarrenik, onartzen dute programa batzuk ez dutela funtzionatuko edo gaizki funtzionatuko dutela, era guztietako eragozpenak sortuz eta denbora asko galaraziz. Halaber, aurrez iragar daitezkeen hainbat akats txiki eta beste batzuk inork aurreikus ezin ditzakeenak izango direla diote. Baina enpresak, neurri handi batean, beren informatika sistemen menpe daude eta hauek huts eginez gero, negozioa erabat lur jota gera daiteke.
Europa nola ari da erantzuten arazo honi? Izen handiko «The Economist» ekonomi aldizkari britaniarraren iritziz, «
2000.eko lehergailuak eztanda egiten duenean, haren uhin hedakorrak ez du eragin berbera izango herrialde eta enpresa guztietan. Europako herrialde batzuk jarrera lasaiegia erakusten ari dira». Eta gertakari bat kontatzen du. Aztertzaile britaniar batek, Frantziako banku handi bateko aholkulari batekin hizketan ari zela, konpainia milurteko birusaren aurka nola prestatzen ari zen galdetu zion, eta honek zera erantzun omen zion: «
2000. urteko efektu hori amerikarren eta britaniarren konspirazioa da, ke-gortina bat zabalduz Europako moneta bakarrerako prestaketekiko arreta galarazi nahi dutelako». «The Economist»ek dioenez, «
Britainia Handia, Holanda eta Eskandinavia salbuetsiz, Europako gainerako herrialdeek, harrigarriki, jarrera lasaia hartu dute 2000. urtearekiko». «
Gainera —eransten du aldizkariak
—, Europako politikari gehienek ez dute ezer esan 2000. urtearen gainean. Informazioaren inguruko teknologiarekiko interes handirik gabeko belaunaldi batekoak dira, are amerikarrak beraiek baino gehiago»
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.