Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Ihesi >
  • Lesakatik Igantzira; herri apainetan, baso oparoetan

1999-09-26 -- 1730.zenb

Lesakatik Igantzira; herri apainetan, baso oparoetan

Lierni Arrieta

Aste honetan Lesakatik Igantzira joango gara eta hemen San Juan Xar basoa ikusi ondoren Lesakarako itzulera Frain auzoan zehar egingo dugu, Larrun, Mendaur eta inguruak ikusiz.
Lesakako herri dotore honetan (gure abiapuntuan) etxeak jauregi dira eta kaleak erreka bide bihurtuz zubitxoz josiak daude. Ospetsua da, besteak beste, herriko jaietan, San Ferminetan, zubi hauen petril gainean egiten den dantza. Herriak patxada osoz ikustea merezi du, baina hori txango amaierarako uztea hobe izango da. Igantzirako errepidean ezkerrera, zutoin adierazgailuarekin ondo azalduta dagoen bideari ekingo diogu. Arginen errekan barna haltzadietako landarediaren hezetasunarekin, haltza eta hurritzez gain, goroldio eta iratzeak ugaldu egiten dira eta erreka zuloaren ederrak liluratuta utziko gaitu. Bi errekak bat egiten duten puntuan (1,5 km) ezkerreko errekan apur bat aurrerago maldan gora eginez sasiarkazi landatu berrien artean, baserri bidea topatu arte jarraituko dugu. Sasiarkazia Ameriketatik ekarritako zuhaitza izan arren, jada naturalizatua dago eta bera bakarrik ugaltzen da. Ondoren, baserri inguruan fruitu goxoa ematen duten madariondo eta mertxikondo artean errepide nagusira helduko gara. Hemen maldan gora egingo dugu hilerriaren alboan Errukiñeko amaren ermitara iritsi arte (2 km).
Igantzira jaitsieran, frontoia baino lehenxeago ezkerretara, baserri artean doan bidea jarraituko dugu. Ezkerreko bidezidorra hartuz, bi harresik inguratuta dagoela ikusiko dugu eta harri arteko zulotxoetan sugandil eta marraskilo ugari topa dezakegu. Halako batean, harrobira helduko gara eta errepide nagusira irtenez, Arantzara doan norabidean San Juan Xarreko sarrera dotorearekin topo egingo dugu (4 km).
San Juan iturriaren inguruan hainbat mito eta usadio dago: iturri honetako urak azaleko gaixotasunak sendatzen omen ditu eta iturri ingurua zapi zuriz betea dago. Baina lekuko altxorra San Juan Xar basoa da. Kare-harritan xarmak, karpe edo pago-lizar ere deitu izan diren zuhaitzak ageri dira, ohikoak bailiran. Ez da batere ohikoa ordea gure inguruan xarmak izatea eta horregatik Nafarroako Gobernuak basoa babestu nahi izan du Natur Erreserba izendatuz. Lur eskasia oihukatuz kare-harri gainean xarmak altxatzen dira eta gaztainondo zaharren enborren azalak zutik diraute kimu biziak emanez.
Iturrian azala ondo garbitu ondoren Igantzirako itzulera etorritako bidetik egingo dugu eta herria ikusiz San Migel arkanjeluaren eliza, pilotalekua eta beste hainbat txoko polit topatuko dugu. Aurrera jarraituz Errukiñeko amaren ermitan panel adierazgailua jarraitu eta Frain mendixka zeharkatuz Lesakara itzuliko gara.
Bidean, pagadi eta harizti kandudunak eta haritz amerikarrak igaroko ditugu garo-zelai artean. Errepideak mendia apurtzen duen guneetan txilarrak eta oteak agertzen zaizkigu. Oteen artean armiarmak eraiki du onil formako amarauna... intsektuen harrapakari patxadatsua zain dago. Saiak aldiz goitik hegalaldi luzeak eginez sarraskiren baten bila dabiltza. Honela, Frain mendixkara (8,5 km) igoko gara eta bertatik Larrun eta Mendaur mendiak ikus genitzake.
Frain jaitsiz malda gogortzen hasiko da. Lesakaren alderdi ez hain erromantikoa erakutsiz, Acenor enpresaren poligono erraldoiak herri erdia betetzen duela ikusiko dugu. Hilerri albotik (10 km) igaro ondoren Lesakako elizara helduko gara. Toursko San Martinen eliza XIV. mendekoa da. Elementu errenazentista eta barrokoak ditu eta rococo estiloko erretaula zoragarria ere bai. Organu erromantikoari begirada bat botatzea ere ez ahaztu. Ibilalditxoak gehiegi nekatu ezean, arte zaleek badute zer ikusirik Lesakan

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan