Txistulari Elkarteak bere gunea sortu du sarean, kuxkuxeroen jakinmina ase asmoz. Bertan elkarteak hiru hilabetez behin kaleratzen duen aldizkariaren bertsio laburtu digitala aurki dezakegu. Horrez gain, txistuaren laberintoan zehar mugitzeko ate ezberdinak zabal ditzakegu: historia, teknika, musikariak eta abar. Eta txistu soinuaz gozatzeko aukera ere bada, berta entzungai baitaude txistuz jotako piezak. Guri txistua ulertzen lagunduz, atzerrian bere doinua entzutera emanez eta kanpoan direnei euskal aireak helaraziz, txistunautak, sarean katiatutako txistuzaleak alegia, ugaritu ditzake formula berri honek.
Txistulari Elkartea 1927. urtean sortu zen, eta egun bi mila bazkide inguru ditu. Txistularien jardunaren ardatz izan da, alarde, kontzertu, hitzaldi eta ikastaro anitz antolatuz. Lan hauetaz guztietaz gain, «Txistulari» hiruhilabetekaria kaleratu du bere sorreratik, eta dagoeneko 173. alera iritsi da. Txistuaren inguruko azken gertakarien berri eman eta bestelako jakintza musikala zabaltzeaz gain, garrantzitsua da aldizkari honek egiten duen doinu bilketa lana, bost mila musika orritik gora inprimatu baititu.
Orain, aldizkari zaharrak teknologia berrietan ikusi du bere islada. Ez da aldizkari osoa digitalizatu, hautatutako artikulu batzuk baizik: honako honetan Zangozako kaleetan zehar txistulariek egindako bidearen kronika egiten du bertako gizon batek, bere sentimentuak eta oroitzapenak doinuekin nahasiz. Eta Carlos Sanchez musika irakasle iruindarrak idatziriko «Del danbolín al silbo» liburuaren berri dakar beste artikulu batek. Webgune honi esker, azken aldizkariko apurrak dastatzeaz gain, aurreko aleetan maisiatzen aritzeko aukera ere badu arratoiak.
SAGUAREN ESKURA DAGOEN MENUA.
Aldizkaria, ordea, webguneko txoko bat baino ez da. Horrez gain, txistuari buruzko era guztietako informazioa aurki dezakegu sareartean nabigatuz. Txistuaren munduko azken gertakarien berri izan edo gutxi barru antolatuko diren ekitaldi, hitzaldi eta abar aurrikusi ditzakegu agendan. Teknika sailera sartuz, musika tresna honen ezaugarriak, oinarriak, musikologia eta jotzeko teknika ikasi ahal izango ditugu. Txistularirik ezagunenak berpiztu (hauen artean Isidro Ansorena, Etxahun Iruri eta Pablo Sorozabal) eta beraien bizitza eta obrak berreskuratzeko, hor dugu «musikariak» atala. Txistuaren historiak eta gaur egungo egoerak ere badu txoko bat webgunean, eta agian zaletuegiak ez direnek gehien gozatuko duten bitxikeria, musika hautatuaren saila da: oso ezberdinak diren lau abesti daude entzungai, saguaz klikatuz gero. Aldiz txistularientzat lagungarrien izango den zerbitzua «Gure txokoa» atalak eskainiko du, bertan ekitaldiak antolatzeko erraztasunak emango baitira.
Ilustrazio garaiko monografia honek txistuak izan duen aldaketarik nabarmenenaren zergatiak argitu nahi ditu. Hau idatzi duen Carlos Sanchez Historian lizentziatua da, Etnomusikologian diplomatua eta Bigarren Hezkuntzako musika irakaslea.
Ilustrazio garaian eman zuen txistuak, hain zuzen, oroimenetik partituretarako jauzia. Eta era berean gaizki ikusia izatetik moralki zuzen izatera pasa zen. Ordurarte dantza lizunak jotzeko eta matxinadak laguntzeko erabili zen danbolina, moralki onartua zegoen eta boterearekin harremanetan jarri zen silbo bihurtu zen. Prozesu hau aztertu du Carlos Sanchezek etnomusikologia ikuspegitik, emaitza musikala baino, sujetuak (danbolineroak) abiapuntu hartuz, alegia. Eta garaia ulertzeko gizartearen historia, musikaren historia, estetika eta antropologiaz jantzi ditu azalpenak. Liburu honek eraman du gainera txistua unibertsitatera, hau baita ingurune horretan txistuaz egiten den lehen ikerketa sakona
Zortzikoa euskal musikako ikurretako bat da. Iparragirre eta beste musikari batzuei esker, ia mito izatera ere iritsi zen. Bere erritmoa barruan daramagu, ezpata-dantza eta beste dantzetan ikasita. Ordea, Carlos Sanchez Equizak webgunean zortzikoaz idatzitako artikulua irakurtzean, esanahi eta historia berezia duenaz jabetzen gara.
Zortzikoa, hitzak esaten duenez, zortzi konpaseko esaldi musikalak dituen pieza da. Noiz sortu zen ez badakigu ere, zortzikoa bere jatorrian kanturako abestia izan zen. Egungo erritmoarekin oso antza gutxi edukiko zuen eta neurria kontuan hartuta, gutxi gorabehera bertsotako zortziko txikia eta zortziko handiarekin bat zetorren. Kanturako abestien eta instrumentuz jotzekoen artean bada alde nabarmenik: lehenengoan erritmoa askoz libreagoa izaten da, eta esaldiak askotan elkarlotu egiten dira, edo irregularrak dira (bertsotako anka-luze eta hanka-motzak kasu), kantariaren arabera asko aldatzen delarik. Instrumentuz jotzeko piezek, berriz, erritmo zehatzagoa izaten dute, eta are gehiago dantzarako izango badira. Hasera hartako zortzikoa askoz libreagoa izango zen, beraz. Baina XVIII.mendean hartu zuen zortzikoak gaur egungo jitea. Erabat aldatu zen, eta ez kasualitatez, gizarteak hartu zuen norabide berriaren ondorioz baizik: gizarteak ahozko tradiziotik idatzira jo zuen, eta honekin bat zortzikoak kantatzeko doinu izatetik instrumentuz jotzera, alegia, idatzia izatera. Koblakarietatik atabalari eta dantzarietara pasa zen zortzikoa, eta horrela bereganatu zuen egungo erritmo zurrun eta kolpatsua, dantzariek behar duten doinu erregular eta errepikatua, alegia.
Aldaketa hau Gipuzkoan eman zen batik bat, bertan izan baizuen eragin gehien Peñafloridako Konteak zein beste noble batzuk Ilustrazioa eta orokorrean idazketa bultzatzeko egin zuten lanak. Nafarroa eta Bizkaian aldiz gaur egun ere neurria libreagoa da, eta kanturako egindako zortzikoren bat gorde dute
![]() |
|
||||
1728 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa