Euskal itsasgizonak aspalditik ditu ezagun Atlantikoko urak. Balea edo atunaren bila jardun du mendetan. Eta izan da arrain handiagoen atzetik ibili denik ere; Ameriketatik urrez beterik zetorren untzi ingelesa ez zen haientzat harrapakin makala. Euskal piratak ere izan badirela, alegia. Legearen babesa ere bazuten sarritan, Euskal Herrian kortsarioa izan baita nagusi, hots, Estatu baten kontura jardun duen itsas-lapurra.
Lapurdiko portuetatik irten dira euskal kortsario ezagunenak, nagusiki Frantziaren babesean —ingeles etsaien ehizan, beraz—, harik eta 1856. urtean Errestaurazioak kortsarioen jarduna bertan behera utzi zuen arte. Garai horretan, kortsarioen abenturak oraindik ere Baionako marinelen gogoan zeudela, Edouard Lamaignère (1805-1861) kazetari eta idazle baionarrak horien testigantzak jaso zituen, gazteleratu berri den «Corsarios de Bayonne» liburuan. Garrou, Jorlis, Soustra, Darribau edota Hendaiako Pellot handiaren gorabeherak entzuteko aukera izan zuen Lamaignèrek, sarritan protagonisten ahotik.
Lehenago ere, XVI. mendetik hasita, badugu hainbat euskal kortsarioren berri. Lehen datua 1551. urtekoa da, hiru kortsario Donibane-Lohizunetik Kanarietarako bidean abiatu zirenekoa. XVII. mendean, Jean Bart, Harismendi eta Johanes Suhigaraitxipi, besteak beste, ahalegindu ziren ingelesen bizkarrera aberasten.
Baina, XVIII. mendea izan zen zalantzarik gabe kortsarioen mendea. Zazpi Urteko Gerrak merkataritzaren paralizazioa ekarri zuen eta honek kostaldeko hiri eta herrientzat galera handiak. Ameriketatik Europara azukrea, kafea, kotoia, urrea, ehunak eta espeziak ekartzen zituzten untziak menpean hartzeak eta portuetara eramateak galera horiek arintzeko aukera ederra eskaintzen zuen. 1757. urtean soilik, Baiona eta Donibane-Lohizunetik 45 kortsario abiatu ziren, 750 kainoiez babesturik eta 7.000 gizon inguru eramanez.
Kortsarioen aktibitateak eragina zuen, noski, portuko giroan eta Lamaignèrek bere lanean, untziko gorabeherez gain, lurreko kontuak ere ederki islatu zituen.
FILMETAN BEZALA.
Orduan, abordatzeko erabakia hartzen zen, maniobra egokia egin eta gorputzez gorputzeko borrokari hasiera emanez. Arrakastaren gakoa, zenbakietan baino tripulazioen ausardian kokatzen du Lamaignèrek. Baliabidez txikiagoak izanik ere, garaipena lortzen dute maiz kortsario lapurtarrek haren kontakizunetan. Garaipenik ezean ere, lapurtarrak ez omen ziren kokiltzen. Jorlis kapitaina, Invincible Napoleon untzia 24 kainoieko korbeta ingeles baten eskutik galdu zuenean, ez zen azken momentua arte errenditu, erabaki horrek gizon askoren heriotza ekarri zuen arren. Ingeles fragata batek Gironde untzia ezustean erasotu eta, bala batek jota, Soustra kapitaina hilzorian zela, Brisson lagunari errenditu baino lehen untzia hondorarazteko eskatu zion. Esan beharra dago, hala ere, ausardia hori sarritan alkoholak ematen ziela gizonei; Jorlis kapitainak ron razio bikoitza eskaini ohi zion tripulazioari borrokarako prestaketari ekin aurretik. Portuan ere ez zen alkoholik falta. Zorigaitzeko borroka baten ondoren untziak konponketak behar zituenean, itxaronaldia ronez laburtu ohi zuten gure piratek. Hala gertatu zitzaion Invincible Napoleonen tripulazioari, Pasaiako portuan, untzi
zauritua
Euskal kortsariorik ezagunena Hendaian jaio zen 1763ko irailaren lehen egunean. Hamabost urte besterik ez zituela Marquise de Lafayette kortsarioan itsasoratu zen. Abentura entzutetsuenak, ordea, bere aginduetara zegoen Général Augerau bergantin azkarrarekin burutuko zituen. Ingalaterran preso zegoela, ihes egitea lortu, bakar-bakarrik bergantin ederra lapurtu eta Boulogneko portura eramatea lortu zuen, han izen berriarekin bataiatu zuelarik. Pelloten arrakasten artean Bordeleko portuan Ingalaterrako 10 merkauntzi eta 2 gerra fragatekin sartu zenekoa aipatu behar. Général Augerauk 12 kainoi besterik ez bazituen ere, 20 kainoieko bi guda untziak menperatzea lortu zuen, ondoren beste hamar untziak ere menpean hartuz.
Bizimodu arriskutsua izanagatik, bere gorpuak ez zuen Atlantikoko uretan amaitu. Izan ere, 1812an, dagoeneko aberastuta, bere karrerari amaiera eman eta jaioterrira itzuli zen, Hendaiako alkate izatera ere iritsi zelarik. 90 urte zituela hil zen ohean
![]() |
|
||||
1728 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa