Ezer esatekorik ez dagoenean ere, eguraldiari beti egiten diogu aipamen. Egunkariek betidanik jaso izan dituzte klimari buruzko aipamenak. Horrela, gure artean beti euri kontuak aipatu izan ditu prentsak, baita arrantzarekin zerikusia duten kontuak ere, eguraldiaren arabera itsasoko etekina aldakorra izaten baita. Nahiz eta Euskal Herrian beti euria presente izan, falta izan denean egunkarietan beraietan, ondasun miragarri hori eskatuz makina bat erregu agertu izan dira. Horren adibide garbi bat 1864. urteko maiatzaren 26an «Euscalduna» egunkarian agertutako bertso hau dugu, hemen euskaratua jasotzen duguna:
Eguraldiak lainoturik darrai,
eta euria ez da inondik ageri,
eta Jainkoaren zelai horietan
hautsa lokietaraino iristen da
Corpus bakean igaro dezagun
lohiak gogaitu gabe,
eta ekaina aldera
etor dadila etorri behar duena!
...Avenidan hurakan indartsuak emakume batzuk lurrera bota zituen. Bretxako azoka plazan haizeak Pozo kalearen parean dagoen leiho handi bateko pertsiana eta beiratea hautsi zituen...
Donostia. Lurrikara. Goizeko hiruak eta laurdenetan lurrikara txiki bat nabaritu da. Gertakaria Gipuzkoako hainbat herritan ere sumatu da, horien artean Arrasaten, Ońatin eta Bergaran
ELURRAK MARKESINA BOTA ZUENEKOA.
...herenegun (hilak 26) Nafarroako Leiza mendatean elurra egin zuen, zenbait baserritarrek adierazi dutenez
Aipagarria den beste elurte bat 1913. urteko abendua eta 1914. urteko urtarrilaren artekoa dugu. Nahiz eta elurra 1913ko abenduaren 20 eta 21ean agertu Gasteizen, benetako ekaitza abenduaren 28an hasi zen. Bi egun beranduago Donostiaraino iritsi zen elurtea eta udalak arrantzaleen artean 450 errazio banatzeko agindua eman zuen. Hiru urte ziren Gipuzkoako hiriburuan elurrik egiten ez zuela. Nafarroan berriz, urteko azken egunean elurraren altuera metro erdikoa zen jadanik. Urtarrilaren 2an Gazteizen Abastoz plazako markesina bat erori zen elurraren ondorioz. Hain handia izan zen elurtea, ezen Gasteiz Ipar Poloarekin eta Siberiarekin parekatzen baitzuten kazetariek.
Orohar, Gerra Zibila eta guda ondorengo urteak tristeak bezain hotzak izan ziren, baina bereziki 1945. urteko urtarrileko adierazpenetan aurkitu daitezke aipamenik harrigarrienak:
«
Salazar eta Burguete herrietan behin ere ezagutu ez den bezalako elurra erori da. Azken leku horretan elurra bi metro eta hirurogei zentimetrotako altuera izatera iritsi da, etxebizitzetako lehenengo solairuraino iritsiz. Arrazoi horregatik biztanle askok beraien etxeetara leiho edo balkoietatik sartu beharra daukate
100 ZUHAITZ ERROTIK ATERATA HAIZEAREN ERRUZ.
Gure artean gaur egun Pello Zabala apaiza dugu eguraldi iragarlerik jarraituena. Pasa den mendean eta bukatzear dagoen mende honen hasieran ordea, bazen eguraldiaren iragarpena egiten zuen hainbat lagun, eta egunkariek beraien berri ematen ziguten. XIX. mende amaieran esaterako Castillo jauna oso famatua zen. Berak epe luzerako aurreikuspenak egiten zituen, eta zonalde zabal baterako gainera:
«... Castillo jaunak, Zaragozako astronomo famatuak iragarri du hilabete honetan euria eta haizea ohikoak izango direla Zaragoza, Madrilen, Bartzelonan, Zamoran, Sevillan...
» («El Noticiero Bilbaino», 1875eko otsailaren 10a).
Baina Castillo jaunaz gain, baziren astronomo izeneko beste hainbat gizon: Yagüe, Lapiedra, Herrera, Alvarez edo Noherlessom jauna esaterako.
Hala ere, mende honen hasieran Orkolaga apaiza edo «Zarauzko parrokoa» izan zen eguraldi iragarlerik famatuena, nahiz eta Arrinda jaunak edo «Durangoko apaiza»k ere ospe handia izan. Orkolaga izan zen Igeldoko behategia eraiki zuena. Gainera, behategi hori izango da, Madrilekoarekin batera, 20ko hamarkadatik aurrera eguraldiari buruzko informaziorik gehiena emango duena. Garai hartako beste eguraldi iragarle ospetsu bat Bernardino Ochoa izan zen.
Hala ere, egunkariek «jakintsu» horien ezagupenak alde batera utzi eta herriaren jakituria behin baino gehiagotan azpimarratu izan dute. Horren adibide bat honako hau dugu:
«
Bart gauean kurrilo multzo handiak pasa ziren. Eguraldi hotzak gainera datozkigun seinalea da hori
» («La libertad», 1891ko maiatzaren 5a).
Iragarpenak iragarpen, betiko esaerak eta kontu zaharrak edozein estatistika edo behaketen aurretik doaz oraindik ere
Orkolaga pasealekuan, gaur egun oraindik martxan darrai Juan Miguel Orkolaga Zarauzko parrokoak sortutako Igeldoko behategiak. Nahiz eta egun Espainiako Ingurugiro ministerioaren ardurapean egon, aipaturiko behategia hasera batean Gipuzkoako Foru Aldundiarena zen. 1901. urtean parrokoak eguraldi kontuekin zerikusia zuten auzienganako interesak bultzaturik, behin behineko eraikin bat sortu zuen Mendizorrotz mendiaren inguruetan. Garai hartan nahiz eta jendearen artean eguraldiarenganako interes nabarmena egon, inork ez zuen egiten jarraikortasun bat zuen datu bilketa zehatz eta sistematikorik. Edonola ere, mende hasieran jada tokian tokiko iragarpenak egiten zituen Orcolagak, nahiz eta titulu ofizialik ez izan. 1905. urtean behategia gaur egun dagoen kokagunetik kilometro batera lekualdatu zen, eta 1914. era arte bertan egon zen. Momentu horretan, Orcolagaren heriotzarekin batera, behategia gaur egun ezagutzen dugun tokian kokatu zen. Zarauzko parrokoak egin zituen lanen artean aipagarria da Espainiako erregeari egin zion galerna iragarpena. Horren trukean erregeak Igeldoko behategira leku desberdinetatik telegrama meteorologikoak bidaliz laguntza eskaini zion.
Baina nahiz eta Igeldoko behategiaren aitzindaria Orcolaga jauna izan, bere ondoren datu meteorologikoen bilketan aritutako beste zenbait izen aipagarri ere aurkitu daiteke. 1912. urtean parrokoaren osasun egoera eskasa zenez, bere anaia Pedro Orcolagak ordezkatu zuen. 1928. urte inguruan berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldoko eraikuntzaren buru meteorologo profesional bat jartzea erabaki zuen, Doporto jauna hain zuzen, zeinak 1936. urtean errejimen politikoarekin zituen desatostasunak zirela-eta Espainiatik alde egin behar izan zuen. Doporto jaunak behatzaile postua oposaketa bidez irabazi zuen. Azterketa horretako froga batean honako eskaera hau egiten zitzaien oposaketa egileei: hamar egunetan zehar goizeko hamaikak baino lehen postetxera hurrengo eguneko eguraldiaren iragarpena bidali behar zuten. Dirudienez, Doporto jauna izan zen iragarpenik zehatzenak egin zituena.
Ordutik hona ordea, behaketak egiteko teknologia asko aldatu da. Gaur egun lan egiteko oso modu sistematikoa jarraitzen da: hiru ordutik behin behaketa sinoptikoak egiten dira eta sei ordutik behin behaketa klimatologikoak. Lehenengoen helburua iragarpenak egin ahal izatea da, mundu osoan berdinak diren ordu batzuetan jasotako datuak erabiliz. Datuok Madrilera eta handik Parisera bidaltzen dira. Horrela munduko behategien artean informazioaren joan-etorria etengabea da. Sei orduro egiten den behaketarekin berriz, Donostiako klima ezagutu nahi da.
Normalean egunero jasotzen diren datuak ez dute aldaketa nabarmenik isladatzen, baina noizean behin ohiko neurrietatik aldentzen direnak jasotzen dira, uholde eta antzerakoak gertatzen direnean. Euskal Herriko meteorologi zentruko Jose Ignacio Usabiaga eta Oinarrizko Sistemen Saileko buru Benito Vargasek adibidez, 1997ko ekainaren 1ean izandako uholdeak gogoratzen dituzte, bi ordutan metro karratu bakoitzeko 193 litro jaso zirenekoa; baita urte batzuk lehenako Beasain eta Ordizian erori zen harria ere: zortzi zentrimetrotako diametroa eta 200 gramotako pisua zuten harriak zirela, gogoratzen du Vargasek
![]() |
|
||||
1728 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa