AUDIENTZIA LORTZEKO EDABEA


1999ko irailaren 12an
Gazte nahiz helduentzako moduko magazina izango da «Sorginen laratza». Antza, «Crónicas Marcianas»en eredua baino gehiago, Kataluniako TV-3en gauero egiten den magazin bat hartu dute eredutzat. Horretarako, ETB 1-ek saio baterako inoiz izan duen lantalderik zabalena bildu dute: telebista barruko jendea, erredaktoreak, laguntzaileak, idazleak eta zinegileak; guztiak batuta, 25 lagunera iritsi dira. Zuzendari ordea Jon Lamarka izanen da eta, gidoilarien artean berriz, «Bai zera!»n aritu den Jasone Osoro idazlea eta Asier Altuna «Txotx» film laburraren zuzendarietako bat.
Sorginak direnik ez dugu uste, baina ez direnik ere ez da esan behar. Lema horri helduko diote saioa taxutzeko. Erritmo arina ezarrita, ausartenen izpiritua jasoko omen du egunero magazinak, gizartearen ikuspegi berezia eman nahian. Gonbidatuek garrantzi handia izango dute, batzuk ospetsuak direlako, ezagunxeak bestetzuk, ezegazunak izan arren zer kontatua dutenak, edota kosta ahala kosta ezagunak izan nahi dutenak. Denek izango dute parte hartzeko parada. Are gehiago jakinki, euskal hiztunen Euskal Herri txiki honetan ospetsuen zerrenda urria dela; ezagunak ere ez dira askoz gehiago. Horren ondorioz, bide berriak urratu beharko dituzte, hori dute erronkarik handiena, telebista aurrean lotsarik izango ez duen jendea atzematea.


IKA MIKA ATSEGINAK.

Fikzioa eta errealitatea neurri berean landuko dira puri purian dauden gaiak baliatuz. Kalapita atsegina sortuko duten benetako kasuak plazaratuko dira, hala nola: paparazzien gaia, ezaguna izanik intimitaterako eskubidea ba ote dagoen; betiko izenak edo modernoak?; garai batean mutilzahar edo neskazahar geratzeak zentzu txarra zeukan, ea gaur egun hori aldatu ote den, eta abar. Halaber, fikzioari gagozkiola, maiz errealitatearekin nahastuko da hiru minutuko esketx laburren bidez, beti ere umorea nagusi delarik. Niko Lizeaga eta Asier Hormaza, aktoreek Eneko Olasagasti eta Karlos Zabalaren laguntza edukiko dute. Noizean behin, Elena Irureta eta Jose Ramon Soroizen esketxak izango dira, zorionekoak gu! beraiek baitira gurean ditugun aktore finenak. Ixiar eta Estitxu Eizagirre Hernaniko ahizpa bertsozaleek ere parte hartuko dute.
Gainontzean, jokoan aritzeko beta ere izango da. Lau joku prestatu dituzte, horietako bi aurrera ditzakegu. Lehenengoan, kutxa batean zenbait objektu ezkutuan egongo dira, eta parte hartzaileek ukimenaren bidez zer den asmatu beharko dute. Beste joku batean hiru pasadizo kontatuko dira eta zein den benetakoa igarri beharko dute. Pertza irakiten jarriko da musika zuzen zuzenan jotzen hasiko direnean, Mari Fe Nogales eta Miren Fernandezen eskutik. Musika ere datozen gaiak girotzeko erabiliko da. Tarteka Edu Muruamendiarazen dantza taldearen emanaldiak izango dira, hasierako karetaren koreografia ere bere gain egongo da. Bestalde, kalean egindako bideoak izango ditugu. Irene Etxeberriak (telefono mugikor baten iragarkian Julen Guerreroren ondoan ageri den neska) karrikari usaina har diezaion, astero eginbehar bat emango dio Euskitzek, Zinemaldira joan dadila aktore batekin solastatzeko eta abar. Konsultorio moduko bat ere egingo da, non Euskitzek telefono deien bidez plazaraturiko arazoei konponbidea ematen saiatuko den. Hauek, eta ezkutuan gelditzen diren beste hamaika konturekin harrituko gaituzte.
Kolaboratzaile zerrenda gotorra osatu dute. Txutxumutxuen atala Klaudio Landaren eskutik. Astean behin futbol gertakizuen balantzea egingo da bi kolaboratzaileren laguntzaz. Kolaboratzaile mordoa etorriko denez, hainbeste aurpegi ezberdin egonik ordea, beldur dira jendea ez ote den nahasiko saioarekin identifikatzerakoan.


GIZON LASAIA.

Hasieran zurrumurrua zabaldu zen Andoni Aizpuru izango ote zen saio berri honen aurkezlea. Gabiriarrak ordea, nahiago izan du «Bertatik bertara» egiten jarraitu, hagitz gustura baitago bertan. Azkenean, Euskitzek hartu du erantzukizuna. Azpeitiarra Euskadi Irratian hasi zen 17 urte zituela. Bere lehenengo esperientzia ordea, Loiolako Herri Irratian izan zen Ikastolarekin egin zuen saio batean. Ia segidan, telebistako casting batean hautatu zuten gazteentzako saio bat aurkez zezan. Horren ondotik, telebistako kirol eta informatiboetan sartu zen buru belarri, bere bertsolari ibilbideari muzin egin gabe. Aspaldidanik, pilota partidetako emanaldien esataria da, Joxean Tolosarekin batera. Azkenaldian «Goenkale mila esker» saioan ikusi izan dugu Izaro Iraetaren ondoan. Bertan aritu izana lagungarri izango zaio magazin berri honen tamaina hartzeko.
Batzuek diote esaldi bukaerak gehiegi ahoskatzen dituela, edota mingaina hainbeste ateratzen duela non kraskitin suge bat ematen duen. Kontuak kontu, ezin uka Euskitze komunikatzaile ona dela, adin multzo guztien artean tiradizoa duena; bertsolari eta kirolzale izatea mesedegarri bazaio ere, pantaila aitzinean badu berezko xarma bat, behar denean serio edo giroak eskatzen duenean, xaxatzaile. Elkarrizketatzaile izateak sikologo ona izatea eskatzen du, maizenik gonbidatuaren izaerara egokitu beharra baitago ahal den zuku gehien aterako bazaio. Baita erreflexu azkarrak edukitzea ere, bereziki gonbidatuaren erantzunak hurrengo galdera hankaz gora jartzen duenean, eta idatzia ez dagoen beste galdera sorta bati bidea ematen badio. Zer esanik ez, gonbidatua platora apetatsu agertzen denean edota beste bat nerbioak edo pipiak jota baldin badator.


ERRONKA AITZINDARIA.

Apustu handia da «Sorginen laratza», orain arte ez baita sekula «prime time»n halakorik egin. Gehienera, astean behineko saioak izan dira, «Sikofonia» edo «Aire Aire» kasu, audientzia aldetik, emaitzak aski kaskarrak lortuz, gainera. Hain zuzen, beti esan izan da, futbolik ezean, ETB-1eko audientzia Goenkaleren ondoren desagertu egiten dela. Konkurrentzia itzela dela eta ia egunero ordu t' erdi bete behar dela kontuan harturik, lantaldekoen irudimena eta gonbidatuen grazia egoki uztartzean egongo da koska. Badaezpada, platoko atean guk eguzkilore bat jarriko genuke


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar Korea
Ipar Koreak ez du Olinpiar Jokoetan parte hartuko pandemia dela-eta

Ipar Koreak ez du Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartuko kirolariak koronobirusaren arriskuetatik babesteko.


2020-06-16 | Mikel Eizagirre
Tentsio-gorakada bi Estatu korearren artean

Ipar Koreak mugako lotura-bulegoa eraitsi du, azken asteotan Hego Koreatik jaso dituen “probokazioei” erantzuteko asmoz.


2018-06-12 | ARGIA
Kim Jong-un eta Donald Trumpek egindako bileran adierazpen bateratua sinatu dute

Penintsula korearraren desnuklearizazioa bultzatzeko xedea dauka adierazpenak.


Ikara Pazifikoan: eraso atomikoa iragarri dute Hawaiin... ez kasualitatez

Urtarrilaren 13an, larunbata, beren bizitzako estutasunik larriena jasan zuten Hawaii uharteetako herritar askok, Ozeano Barean. Ipar Koreak bere mehatxua gauzaturik misil atomikoa bidalita, Hawaiira bidean zela abisatu zieten agintariek. 30 minutuz iraun zuen alarmak, harik eta... [+]


2018-01-03 | ARGIA
Arma nuklearrak eta erreferentzia falikoak: kontua ez da Trump-en txioekin hasi

“Nire botoi nuklearra askoz handiagoa eta ahaltsuagoa da”, adierazi du Twitter bidez Donald Trump AEBetako presidenteak, Kim Jong-un Ipar Koreako liderrari erantzunez. Askoren arreta deitu du Trumpen jarrerak, baina Anoosh Chakelian-ek New Statesman-en nabarmendu... [+]


Eguneraketa berriak daude