Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Ihesi >
  • Ossauko Midiren magalean, Pombieko itzulia

1999-09-05 -- 1727.zenb

Ossauko Midiren magalean, Pombieko itzulia

Iņigo Txintxurreta

Kartelak eta seinaleak jarraituz, Sosqueseko parkingetik Brousseteko erreka zeharkatuz, Pombierako bidea hartuko dugu. Hasieran basoan barna ibiliko gara, baina behin erreka iraganik, zonalde ireki bezain ederrera aterako gara, «Glère de Pombie» deitzen denera. Bertan, bidea protohistoriako baratz ederren ondotik igaroko da, hauek izanik ibilbide honetan topatuko ditugun lehenengo garai hartako oroitgarri misteriotsuak.
Aurrerago ikusiko dugun bezala, protohistoriako artzainek Ossau bailara aukeratu eta batez ere bailarako goialdea, alaleku gisa eta baita haien hildakoak lurperatzeko ere, gaur egun megalito gisa ezagutzen ditugun oroitgarrietan. Ossau bailarako megalitoen kopurua eta ezaugarriak azpimarragarriak dira.
Ondoko kuadroan azaldu dugunez, aste honetako ibilaldia prestatzerakoan, Glère de Pombie eta bertako aterpearen arteko tartean, aterperako bidearen aldapatxoan, mendiko trikuharri berri bat aurkitzeko parada izan genuen.
Pombieko aterpeak, Ossauko Midi itzelaren magalean eta 2.031 metrotan kokaturik, ikusmira paregabea eskaintzen digu. 55 lo egiteko tokiz horniturik, leku estrategikoa da Midi igo nahi duten eskalatzaileentzat. Nor izan zen Ossauko Midia igo zuen lehenengo pertsona? Dirudienez artzain bat, Mathieu izenekoa, 1797an Delfau paristar kirolaria igoaldian lagundu zuena. Sarda taldeko «Pirinioetako sumendiak, hartzak, mendi-gidariak eta beste hamaika istorio» liburuan aurkitu dugu igoera bikain haren pasarte zail baten kontakizuna:
«Ia bertikal zegoen haitz-zerrenda batean pasatu behar genuen, konfiantza haundirik gabe oso irtenune txiki eta bakanei helduz, eta horrela zintzilik ibili behar izan genuen amildegi beldurgarrian. Mathieu bi aldiz saiatu da pasatzen. Bigarrenean lortu du pasatzea. Nik berriz, saio huts batzuk egin ditut. Saihetsa haitzari itsatsia, gorputz osoa luzatzen nuen oina ipintzeko nuen euskarrira iritsi eta egoera larri hartatik irteteko. Horrela aurrera joan ondoren, atzera jo behar izan nuen eta zintzilik nengoen. Maniobra hartan indarrak akitu egin zitzaizkidan eta eskuak askatu egingo nituela uste nuen, baina azkenean, nire gidariak makurtuta erori behar nuen zintzur estura etortzea lortu zuen, eta bizkarraz zein belaunaz bere buruari eutsita, eskua luzatu eta hankari helduta egoera latz hartatik atera ninduen».
Pombieko aterpea utzi eta bere lakua hegoaldetik zeharkatu ondoren, Peyregeteko leporako bidea jarraituko dugu. Ossauko Midi eta Peyreget (2.487 m.) banatzen dituen lepora igo eta berehala, harri itzelen artean, kaos batetik jaitsiko gara Peyregeteko lakura. Hemendik berriro igoera, Iouko leporaino oraingoan. Bertatik, Aneou zirko aldeko ikusmira zoragarria izango dugu: belardi zabalak, Pourtaleteko lepoa eta Aragoiko muga diren mendi zorrotzak.
Berriro jaitsiz, Senescauko bordarako bidean Aneauko baratzetako batekin eginen dugu topo; harrespil handi eta ederra da hau. Aneauko zelai zabaletan antzeko historiaurreko oroitgarri ugari aurki daiteke. Ibilbidea jarraituz, Senescauko borda iragan eta Tourmonteko mendizintzur aldera hurbilduko gara. Amini bat aurrerago, Touroun-Bouchouseko Eneolitiko Garaiko trikuharria ikusiko dugu bidearen alboan. Handik gutxira, Brousseteko errekako ezkerraldea jarraituz, hastapeneko tokira, Sosquesera iritsiko gara

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan