zikloa prestatzen. Eskainiko dituen sei kontzertuen artean bi bereizi daitezke: Donostiako Musika Hamabostaldiko inauguraziokoa eta Mikel Laboaren doinuekin eskainiko duena.
Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) Zestoako Bainuetxean burutu ohi duen udako lanaldia uztailaren 18an abiatu zuen eta abuztuaren 8a bitartean luzatuko du. Izendatu berri den Enrike Ugarte zuzendari artistikoaz gain, atal desberdinetako irakasle handiak daude bertan, horietako batzuk Europako orkestra handienetako kide titularrak: Londreseko Royal Philarmonic Orchestrako Jonathan Carney bibolinjolea, Robin del Mar biolajolea eta Martin Owen perkusiojolea, Municheko Orkestra Filarmonikoko Dorin Marc kontrabaxujolea eta Eric Terwilliger tronpajolea (metal haize tresnak), Madrileko Orkestra Sinfonikoko Cayetano Castaño oboejolea (zurezko haize tresnak) eta Asier Polo biolontxelojole bakarlari euskalduna.
Lanaldi honetan Gazte Orkestrak Rossiniren «Guillermo Tell» obertura, Mozarten «5. kontzertua biolin eta orkestrarako» eta Dvoraken «9. sinfonia» prestatuko ditu ondorengo kontzertuetan eskaintzeko. Lan honetaz gozatu ahal izateko, sei kontzertu eskainiko ditu udan: uztailaren 29an Bilboko Euskalduna Jauregian, abuztuaren 2an Gasteizko Principal Antzokian, abuztuaren 4an Donostiako Koruko Andra Mari Elizan (Musika Hamabostaldiaren inaugurazioa), abuztuaren 5ean Mikel Laboaren musikaren inguruan (Donostiako Orfeoiarekin batera, Musika Hamabostaldiaren barne), abuztuaren 6an Debako Santa Maria Parrokiako arkupetan eta abuztuaren 7an Zarauzko Kiroldegian.
ENTSEGU IREKIAK.
jam session
Eusko Jaurlaritzarekin batera EGO Fundazioa osatzen duten EAEko hiru kutxek (BBK, Kutxa eta Caja Vital) 21 milioi pezetako (840.000 libera) laguntza eman dute aurten. Jaurlaritzak jarritako kopuruarekin, 50 milioi pezetako aurrekontua du aurten EGOk. Orkestra honen helburua euskal musikari gazteei orkestra formazioa erraztea da, profesional munduan sartzeko zubia izan dadin. Aste Santuan entzunaldiak egin ondoren, uda eta Eguberrietako oporretan biltzen da entsegatzeko, eta ondoren kontzertuak emateko
Euskal Herriko Gazte Orkestra duela bi urte sortu zenetik, Juan Jose Mena gasteiztarra izan da zuzendaria, baina Jaurlaritzako Kultura Sailak Enrike Ugarte tolosarra izendatu berri du postu horretarako. Txikitan akordeoia jotzen hasi eta txapelketa ugari irabazi dituen zuzendari gazte honek urte dezente daramatza Munichen. Konposatzaile eta instrumentista alorrak ez ditu alde batera utzi Ugartek.
Balleterako piezak, orkestrarako obrak eta kamarako musika konposatu ditu. Orain «Milurterako sinfonia» ari da konposatzen, hurrengo Urte Zaharrean estreinatuko duen
suite
a, eta film alemaniar batentzako musika ari da prestatzen. Akordeoiarekin Chick Corea lagundu du eta Alemaniako kantzelari ohi Helmut Kohlen aurrean jo du. English Chamber Orchestra, Txekiako Filarmonikoa, Nazioetako Philarmonia, Deutsches Filmorchester Berlin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Brnoko Orkestra Filarmonikoa, Kammerensemble Münich, Radio Sinfonie Orchester Pilsen eta Granada Hiriko Orkestra zuzendu ditu. Bere azken lana Euskal Herrian Benito Lertxundiren kantak moldatu eta abeslariak berak Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera eskainitako kontzertua eta grabazioa zuzentzea izan da.
Ugartek ez ditu alde batera uzten pop eta jazz doinuak. Askotan adierazi du musika jolas gisa hartzea gustatzen zaiola, eremurik baztertu gabe. EGOrekin Zestoan eman dituen entsegu ireki horiek bide horretan kokatu behar ditugu. Ilusio handiz hartu du Gazte Orkestra zuzentzeko eskaintza, nahiz eta konpromiso batzuk baztertu behar izan, gazteekin emaitza hobeak lor daitezkeela iruditzen baitzaio. Berak duela 20 urte horrelako aukerak ez zituelako alde egin behar izan zuen Euskal Herritik. Orduan orkestra sinfonikorik ere ez zegoen. Udako kontzertu ziklo honetarako egitarau estua aukeratu du gazteak motibatzeko
![]() |
|
||||
1726 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa