Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-08-01 -- 1726.zenb

ZEBERIOKO KANTAK
Juan Manuel Etxebarria Ayesta
Sendoa
238 orrialde

Juan Manuel Etxebarria Ayestak, liburu honetan, bere herrian, Zeberion, eta Gorbeia inguruan jasotako kanta zaharrak bildu ditu. Era askotako kantak agertzen dira, hauen arabera, liburua sei ataletan banatzen delarik: koplak, ume-kantak, bestelako kantak, Santa Ageda abestiak, kopla solteak eta bertsoak. Abestiak estilo literarioan daude idatziak, errazago uler daitezen eta euren musika dute lagun. Bilduma Zeberiokoa izan arren, baliteke askorentzat bilduma honetako kantu bat baino gehiago ezaguna izatea, Euskal Herrian abestiak haizearen modura baitabiltza batetik bestera. Etxebarria Ayestak oraindaino Etnografia alorreko hainbat lan burutu du. Kantu bilduma hau lan hauen barruan bide batez eginiko bilketa da

ZIRKULAZIO HIZTEGIA
HAEE
Eusko Jaurlaritza
103 orrialde
790 pta.

Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak zirkulazio eta trafikoaren arloko hitzen itzulpena jaso du hiztegi honetan. Baita euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara jaso ere. Auto-eskolek, Herrizaingo eta Garraio sailak, komunikabideek eta, oro har, herritarrek euskara erabiltzeko dituzten oztopoei aurre egiteko helburuz sortu da «Zirkulazio Hiztegia». Horretarako, egun dagoen arautegiaren multzo nagusia euskaratzea izan da lehen urratsa. HAEEko Itzulpen Zerbitzu Ofizialeko itzultzaile eta terminologoek, EAEko auto-eskoletako profesionalek eta Espainiako Gobernuko eta Jaurlaritzako trafiko-zuzendaritzetako teknikari eta itzultzaileek adostutako terminologiak osatzen du hiztegia

LEZOKO EUSKARAREN HISTORIA SOZIALA
Imanol Esnaola
Lezoko Udala
300 orrialde


Herritarrek bere herriaren historiaz zerbait ikasteko idatzitako lana da hau. Aukera ugari eskaintzen du bere banaketak. Lehenik historia lau arotan banatzen du, ondoren aro bakoitzak lau atal dituelarik: Euskal Herriaren historia, Euskararen historia soziala Euskal Herri mailan, Lezoko historia eta Lezoko euskararen historia soziala. Beraz, irakurleak bere interesaren arabera hauta dezake nahi duena. «Euskal Herriaren historia menperatzaileek idatzi dute (...) Poliki bada ere, historiaren bertsio horren ondoan kateaz lotu gabeko historia egiten hasi gara», horixe da Imanol Esnaolak liburu honetan egin duena: «lezoar batek lezoarrentzat idatzitako historia»

INVESTIGACION BIOANTROPO-
LOGICA EN LA POBLACION DE BIZKAIA
Hainbaten artean
Eusko Ikaskuntza
112 orrialde
2.300 pta.

Antropologi-Etnografia Saileko Koaderno Monografiko honek, 1994-1997 bitartean egindako ikerketa bioantropologiko sail baten emaitza nabarmenenak biltzen ditu. Lehen lanean zeharkako metodologiaz, Bilbon denboran zehar gertaturiko aldaketak aztertzen dira, haziera somatikoaren adierazle diren neurri antropometrikoen bidez. Ondoko hiru lanek zerikusia dute gantz ehunaren garatzearekin eta gorputz osakerarekin. Azken bi azterketak 80ko hamarkadaz geroztik Bizkaiko biztanlerian egiten ari den larruaren pigmentazioaren antropologiari buruzko ikerketa sail baten barne daude. Esther Rebatok zuzenduriko taldeak burutu ditu ikerketak

EUSKAL HERRIKO KLIMA PRENTSAREN BIDEZ
Hainbaten artean
M.E.Z
212 orrialde

Meteorologi Euskal Zerbitzuko zenbait partaide Klimat XX datu basea sortzen dabil. Honek klimaren arloko jakitunentzat informazio erabilgarria jasoko du. Horretarako EAEko egunkari zaharrenetatik hasi eta 1950. urtera arte EAEko klimarekin zerikusia duten albisteak biltzen ari dira. Liburu honek oraindik burutzen ari den datu basearen datuak argitaratzen ditu. Ez ditu albiste guztiak jasotzen, baina bai esanguratsuenak, txuri beltzezko argazki eta guzti. Datu basearen deskribapenaren ostean, hiru atal nagusi ditu: eguraldi iragarleei buruzko albisteak, elurte ikusgarrienetakoak eta uholde eta ekaitzei buruzkoak. Irakurri ostean, irakurleak argi ikusiko du egungo klimari buruzko sinismenak, gure arbasoen berberak direla

ALEXANDER TAPIA PERURENA
Joxemiel Bidador
Iruñeako Udala
116 orrialde

Aurtengo abuztuan ehun urte betetzen da Joxemiel Bidador euskal olerkaria jaio zenetik. Iruñean ezezaguna bada ere, Navarreria auzoan sortu eta bertako bizilaguna izandakoa da berau. Olerkari handi honen lana bi arrazoiengatik ahantzia izan da. Batetik, Lizardiren moduko olerkari handien garaian idatzi zuelako. Bestetik, 36ko gerrateak isilarazi zuelako. Poema antologia honetan, Alexander Tapiak 1925etik 1956ra arte sortutako hainbat olerki biltzen dira. Atarikoa Joxemiel Bidador Iruñeko euskal filologoak idatzi du. Epilogoa berriz, Jose Mari Satrustegi, euskaltzainak

SAKANATIK ARBAILA TTIPIRA
Hainbaten artean
Elkarlanean
2.195 pta.

Txalapartaren bide berriak jorratuz eginiko bilduma dugu hau. Txalapartak berak du diskoaren protagonista papera. Baina berarekin batera beste hainbat doinu eta instrumentu ditu laguntzaile. Oraingo honetan Jexux Artze, Pello de la Cruz, Mikel Artola eta Iker Muguruza txalaparta joleek perkusiozko instrumentu honen doinuak beste hainbatekin nahastu dituzte. Tomas Ganboak Sakanako Arruazuko elizan zuzenean grabatutako ezkila soinu paregabeak eskaintzen ditu. Iñaki Salvadorren piano soinuek ere hartu dute tokia disko honetan. Eta hauekin nahasturik agertzen dira hainbat abestitan Mixel Etxekoparren txirula eta ttun-ttuna, flauta tenor, aho-txistua eta txori txor-txorra.
Txalapartak badu, Jexux Artzeren esanetan, beste perkusiozko instrumentuek ez duten osagarri bat: besteetan batek bakarrik jotzen badu, txalapartan bat baino gehiago dira joleak. Bata bestearen aurka ari da eta aldi berean, batak egiten duena besteak osatu behar du. Txalaparta saioetan beti egon behar du halako elkar-osatze, joko, borroka, arrisku, berrikuntza bat... Sentipen horiek dira bilduma honetako kantek plazaratu dituztenak.
Diskoak gainera kanta instrumentalekin batera, letra duten bi abesti ere bildu nahi izan ditu. Horretarako paregabeko bi ahots aukeratu dituzte: Mikel Laboarena, «Loha-Loa» kantuan eta Zumarte Abesbatzarena «Eperra» kantuan. Imanol Elizasuk zuzendu du koru hau

hemeroteka

1725. zenbakia | 1999-07-25
1724. zenbakia | 1999-07-18
1723. zenbakia | 1999-07-11
1722. zenbakia | 1999-07-04
1721. zenbakia | 1999-06-27

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan