14.000 ikusle biltzea lortu dute aurtengo Donostiako Antzerki Ferian,
iaz baino 4.000 gehiago.
Ikusle hazkunde hau kale antzerkian
gertatu da. Aretoetan
gutxi gorabehera 6.500 pertsona
bildu dira eta kale antzerkian
egin diren 14 emanaldietan
7.000 inguru. Antolatzaileek,
hau ikusirik, datorren urteetan
landu beharreko atal bat
hori dela uste dute. Lanen kalitateari
dagokionez, oro har nahikoa
izan dela esan duten arren, denetarik
egon dela adierazi dute antolatzaileek.
Datorren urteari begira ez dute
aldaketa nabarmenik aurreikusten
baina Victoria Eugenia Antzokia
erabiltzea ala ez aztertu
behar omen dute.
EHUko ikasleek beka gehiago jasoko dituzte.
«Egan» aldizkariaren azken alea.
«TRANSFER» PROIEKTUA
EUSKAL Herriko zenbait artistak Renania Westfaliako (Alemania) Kultura idazkaritzak antolatzen duen «Transfer» proiektuan hartuko du parte. Artisten arteko elkarrizketa kulturala sortu eta talentu handiko artistak sustatzea da proiektu honen helburua. Proiektuko epaimahaiak aukeratu dituen 30 artisten artean Itziar Okariz, Ińaki Grazenea eta Sergio Prego aurkitzen dira. Artista hauek, Asturias eta Galiziako beste batzuekin batera, 2000. urteko martxoa eta apirilan Alemanian lan egiteko aukera izango dute.
IKASLEENTZAT DIRU LAGUNTZA HANDIAGOAK
INAXIO Oliveri Hezkuntza sailburua eta EHUko ikasleen Kontseiluko Javier Perezek uztailaren 16an tasa eta laguntzen inguruan akordio bat sinatu zuten. Inaxio Oliverik bertan adierazi zuenez datorren ikasturtean bere departamentuak bekatan aurten baino %3,35 gehiago emateko asmoa du, 4.500 milioi pezeta inguru.
Bestetik Mondragon Unibertsitateak bigarren zikloko bi titulazio berri izango ditu datorren ikasturtetik aurrera. Informatika eta Industriako ingenieritza izango dira titulazio berriak. Mondragon Unibertsitateko arduradunek adierazi dutenez, bi karrera hauen hirugarren zikloa eskaintzea ere aurreikusita dute, eta horrekin batera doktoretza eta master ikasketak.
PIZTIAK MUSIKA TALDEA
GRABAZIO LANETAN
ABUZTUAREN hasieran sartuko dira Piztiak taldeko musikariak estudioan beren hurrengo disko luzea izango den «Zero» grabatzera. Bizkaiko Tio Pepe estudioetan grabatuko dute lan berria Jose Lastraren zuzendaritzapean. Dena ondo badoa irailean kalean izango da diskoa eta urriaren 7an aurkeztuko dute Bilbon Gigolo aunts taldearekin batera.
JAUTARKOLEN SORTA MARDULDUA
ERRENTERIAKO udalak eman du argitara Luis Jauregi «Jautarkol»en idazlanen bilduma lana. Bilduma hau egitea 1996an erabaki zen. Elisabete Perez Gaztelu, lantaldeko zuzendariaren ustez, bilduma honetako nobedaderik handiena Jautarkolen prentsa artikuluak dira.
Idazle ezezagun honen idatziak egungo kultur zirkuituan sartu nahi izan dituzte.
«EGAN» ALDIZKARIAREN ALE BERRIA KALEAN
«Egan» 99 1/2 alea kaleratu berri dute aldizkari honetako arduradunek.
Aldizkariaren aurkezpena Oiartzunen, Pagoarte Kultur Elkartearen egoitzan egin zuten uztailaren 24an. Aurkezpenean Joxe Mari Urkia Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lehendakari berriak, Luis M. Mujika aldizkariko zuzendariak eta Gillermo Etxeberria aldizkariko idazkariak hartu zuten parte. Gainera Julen Lekuonak «Ez dok hamairu»ri buruzko solasaldia eta «Ganbelu Zaharra» kantaldia eskaini zuen.
«MUNDUKO HOTSAK» NAFARROAN
PRINCIPE de Viana erakundeak antolatutako Nafarroako Jaialdien ekitaldia hasi zen uztailaren 26an «Munduko hotsak» izenburupean. Jai-aldiko partehartzaileekin diskoa plazaratuko da.
Ińaki Zabaleta Urkiola «Euskaldunon Egunkaria»n: «Azken urteotan ETBk konpetentziatzat jo ditu herri-telebistak, baina hori estrategia erabat okerra izan da (...) Euskarazko telebistaren proiektuak `euskara oso gradu txikian dakitenak' ere bere baitan hartu behar lituzke, eta abian, estudiatzeko adibide soil modura, euskal kanal bat atondu horientzat».
Ramon Saizarbitoria euskal nobelen itzulpenen inguruan zioen: «Ez gara konturatzen euskal nobelak erdaratzen direla Euskal Herriko erdaldunek irakur ditzaten (...) Lehen euskararen arloan lan egiten zuen jendeak itzal morala zuen, aktibista zen. Hori normala da eta hala izan behar du, baina horrek dakar beste balore batzuk galtzea, euskara bere balio sinbolikoa ari da galtzen».
Mikel Aizpuru UEUko zuzendariak hala zioen «Euskaldunon Egunkaria»n: «Arazoa ez da finantziazioaren tamaina, diru laguntzen eredua baino. Diru laguntzak aldakorrak izan dira azken urteetan erakunde bakoitzaren ahalmenen arabera, eta maiz UEUren lanak kontuan hartu gabe».
Autopistas de Navarra S.A.k ez ditu euskal hiztunon eskubideak errespetatzen, ez bere bide seinaleetan, ez eta autopistan zehar diren ostatuetan ere. Vascuencearen legeak Nafarroan euskarari egiten dion aitortza murritza bera ere ez du errespetatzen autopistaren kudeatzaileak. Zuastiko ostatuan, adibidez, ez duzu euskararen arrasto bakar bat aurkituko.
ABOKATUAK
ZIGORPEAN
Jon Etxabe abokatuak honela idatzi du «Euskonews & Media»n, «Euskaldunok, botere judiziala eta justizia» artikuluan:
«Gure hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatzea dela eta, azken bi urte hauetan epaitegi aurrean azaldu diren gatazkak baloratzerakoan, oso garrantzitsuak izan direla esan beharra sentitzen dut. (...)
Akusatuek badute interpretari bat izateko eskubidea beraiek epaituko dituen Auzitegiaren hizkuntza ondo menderatzen ez badute. Ez da txantxetako ausardia onartzea euskararen ezofizialtasuna eta hori gutxi balitz, euskaldunoi atzerritarrei eskaintzen dieten tratamendu bera ematen digute, geure etxean itzultzailea alboan ipiniaz. (...) Epaileek, nahiz eta jende azkarra bezala kontsideratuak izan orokorrean ez dute denborarik hizkuntzak berriak ikasteko eta noski, nahiago izan dute abokatuok zigortu beraiek duten betebeharrez pentsatu baino. Izan ere, nahiz eta gehienok Justizia Administrazioa «zerbitzu publiko» bat bezala kontsideratu ez dugu ahaztu behar Estatuko hirugarren boterea dela eta beste lege guztiak interpretatzen dituela. Eta argi utzi behar da inori ez zaiola gustatzen bere buruaren lepotik harria zintzilikatzea (...) Funtsean, arazoa ez da konponduko epaile, idazkari eta funtzionari guztiei hizkuntza ezagutza maila duin bat esijitzen ez zaien bitartean».
Txillardegi, Jose Luis Alvarez idazlea UEUko ohorezko kide izendatu zuten Iruńeko Larraona ikastetxean eginiko omenaldian. Berak izan ezik denek zuten prestatutakoaren berri eta ezustean harrapatu bazuten ere pozik hartu zuen Txillardegik ongi merezitako omenaldia.
Petti Berako bakarlariak bere estreinako diskoa grabatu du. «Amets bat» du izenburua lan berri honek eta joan den astean aurkeztu zen Soraluzeko Gaztelupen. Diskoa irailean izango da kalean.
Mikel Markez ere udazkenean argitaratuko den diskoaren grabaketa lanetan murgildurik dabil. Betiko taldea da oraingoan ere musikari lanetan arituko dena, Ińaki Salvador, Luis Camino eta Pello Ramirez. Testuak berriz Urrestillako Pako Aristi idazlearenak dira.
TALK SHOW BERRIA EUSKARAZ IRAILERAKO
Aro berriaren ikurra izango omen da ETB barruko ekoizpen hau. Gauero astelehenetik ostiralera eta ordu t' erdiz, gonbidatu bereziak, elkarrizketak ukanen ditugu ikuspegi hiritar eta herrikoia uztartuz. Jakina denez, tankera honetako saioetan aurkezlearen tiradizoa erabakigarria da; Andoni Aizpuru izan ote litekeen zurrumurrua iritsi zaigu
MIKEL LABOAREN EMANALDI IKUSGARRIAJakina denez, abuztuaren 4an Donostiako hamabostaldiaren inaugurazio ekitaldian Mikel Laboak kontzertu berezia eskainiko du, Euskadiko Gazte Orkestra lagun duela. Benito Lertxundik egin zuenaren gisan, ikusmin handia dago. Hala, zuzenean ikusteko parada ez dutenek, aurki izango dute ikus eta entzungai ETB-1ean
«BAI ZERA» LUZATUKO OTE DUTELAKOANJarraituko ote duen ikuskizun badago ere, Kike Amonarrizen saioak itxuraldaketa nabarmena izan lezake udazkenari begira. Uneotan, negoziatzen ari dira programa ordu t' erdira luzatzeko bidea. Xehetasun handirik eman gabe, aurrera daiteke oraingo moldea mantenduz berezko irudiak eta kalean egindako bideoak gehituko liratekeela