Guztira EAEko hamar Lanbide Eskoletako 13 zuzendari eta ordezkari izan ziren Holandan. Lau ikastetxe eta Ingeniaritzako beste bat ezagutu zituzten, denak pribatuak.
Gaur egun Holandako Lanbide Eskoletan %80a pribatua da eta %20a publikoa. Bi sareek tratamendu bera jasotzen dute Gobernuaren aldetik. Hau da, jasotzen duten dirulaguntza emaitzen eta ikasle kopuruaren araberakoa da guztietan.
Bestalde, hemen gertatzen den antzera, Lanbide Heziketak Batxilergoak baino pisu gutxiago du. Ikasleen %80ak Batxilergora jotzen du eta %20ak Lanbide Heziketara. Hala ere, aipatzekoa da hemengo eta hango unibertsitateak ez direla berdinak. Hemen zientifiko, kimiko, biologo eta psikologoak dauden bitartean, han karrera teknologikoek pisu gehiago dute. Hori da gizarteak eskatzen duena eta horri erantzuten saiatzen dira.
Lanbide Heziketako sisteman zentratuta, berriz, hemen baino aukera gehiago dago. Iraupen eta maila ezberdineko kurtsoak daude eta batetik bestera igarotzeko aukerak erraztuak daude. Horixe da HETELeko ordezkariek ikusi duten abantailetako bat. Baliozkotzeak eginda daude eta ez dago inolako oztoporik ikasketa batzuk bukatu ostean beste batzuekin jarraitzeko. Batetik besterako zubiak oso ongi lotuta daudela aipatu dute guztiek. Mikel Balerdi HETELetik joandako ordezkarietako batek eta Andoaingo La Salle-Berrozpe ikastetxean zuzendari denak ere erraztasun horiek aipatu dizkigu.
«Bigarren mailako Lanbide Heziketa egin ostean hirugarren mailakoa egin nahi badu norbaitek, behar duen azterketa publikoa egin eta urte batzuk baliozkotzen zaizkio. Horrela, hiru urtetan egin beharrean batean egiteko aukera du»
ERAIKUNTZEN GARRANTZIA.
AUTOIKASKETA DA MUINA.
Eraikuntzaren eta zentroaren antolaketan ikaslea oso kontuan hartzen dute eta horrek jarraipena du heziketa sisteman. Alde horretatik begiratuta, hemengo sistemarekiko ezberdintasunak ikusi dituzte bisitari euskaldunek. Autoikasketa erabiltzen dute metodologia bezala. Leideneko Unibertsitateak bultzatzen duen ikas- irakas-sistema da. Irakasleek ez dituzte klase magistralak ematen, ez dira beraiek gidariak, laguntzaile eta orientatzaileak baizik.
«Irakasleek azalpen xume bat ematen die ikasleei, eta hortik aurrerako lana bakoitzak bere erritmoan egiten du»
«Hamar minutuko azalpena izeneko klaseak daude. Hauetan irakasleek hamar minutuko azalpena baino ez dute ematen, eta hortik aurrera ikasleek taldeka zein banaka lantzen dituzte gaiak».
«Horrek arreta deitu digu, bai. Dena goitik behera zehaztuta daukate. Programak prestatuta eta landuta daude eta ikasle bakoitzak badaki zer egin behar duen. Programa horiek gida moduan harturik, ikasle bakoitzak bere kabuz eta bere erritmoan burutzen du bere egitekoa. Bakoitzak kontrolatzen du egiten ari dena eta ez da irakaslea etorri zain egoten hemen gertatzen den moduan».
«Alde horretatik ere, dedikazio handia ikusi dugu. Irakasleek astean 40 ordu egiten dute lan: 28 inguru klaseak ematen eta gainontzekoak prestakuntzarako»
«Dena dela, ordu kopuruari baino garrantzi gehiago ematen diete helburuei. Ez da hain garrantzitsua zein ordutan sartu eta irteten diren, baizik eta zein prozesuren jabe diren eta prozesu horiek nola garatzen diren».
IRAKASKUNTZA ETA GIZARTEA.
«Lanbide Eskolek harreman onak dituzte enpresekin. Badakite enpresen etorkizuna Lanbide Heziketarekin lotuta dagoela eta horregatik, proiektu komunak garatzen dituzte elkarrekin. Ikasleek enpresetan egiten dituzte praktikak eta enpresetarako proiektuak garatu ere bai. Adibidez, Ingeniaritza eskolako ikasleek enpresek eskolari eskatutako ikerketak egiten dituzte. Beraz, praktikotasun guztia duten ikerketak dira, gero enpresetan aplikatuko direnak. Esperientzia interesgarria da oso».
Bisita honen ondoren hausnarketarako unea iritsi zaie hara joandakoei. Ikusitako hainbat gauza hemen martxan jartzeko modukoa dela esan daiteke, nahiz eta erraza ez izan. Balerdik, adibidez, autoikasketa metodologia defendatzen du eta Holandan bezalaxe, hemen ere ezarri daitekeela uste du.
«Horrelako sistema batekin etorkizunari izugarrizko aportazioa egin geniezaioke. Izan ere, jasanezina da Euskal Herrian ikasleen erdiak DBH ez gainditzea. Argi dago hor zerbaitek gaizki funtzionatzen duela eta horren aurrean irakasle talde bat ezin da lasai gelditu».
«Boluntarioz osatutako irakasle talde bat bildu gara eta nola antolatu pentsatzen ari gara»
«Taldearen gestio akademikoa eta funtzionamenduaren antolaketa dozena erdi bat irakasle, ikasle eta gurasoren eskuetan egongo da. Proiektuaren muina, berriz, ikasleen partehartze aktiboa izango da. Bakarrik edo taldeka egingo dute lan eta irakaslea laguntzaile edo aholkulari izango da».
«Kontuan izan behar dugu Holandan astean 40 ordu egiten dituztela lan eta horrek prestakuntzarako denbora ematen diela. Hemen ere aukera hori izango bagenu, edo gutxienez 35 ordu izango bagenitu, beste antolaketa bat egin ahal izango genuke».
«Irakasleon arteko koordinazioa oso garrantzitsua da sistemak ongi funtziona dezan eta koordinazio hori bideratzen jakin behar da. Guk orain arte arratsalde bat libratzen genuen gure artean elkartzeko, baina irailetik aurrera bi arratsaldetan elkartuko gara. Bestela ezin da talde-lana bultzatu eta jendea animatu, eta hori oso garrantzitsua da».
![]() |
|
||||
1724 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa