Eta berriz konbinazio xelebre horren garaia iritsi da, hilaren 6tik 14a arte (azken egunetan koloreak bere arrastoak galduko baditu ere).Korbata eta blusa garaiak ere bizi izan dituzte ordea, Sanferminek. Jaietako programa frantsesez argitaratzen zeneko urteak ere bai. Mende bateko Sanfermin ezagutu nahiz gero, programak begiratu besterik ez dago.
Iruñeko populazioak 200.000 biztanle eskas ditu eta lau bider eginen du uztailaren 6tik aitzina, eta zortzi egunez (zortzi gauez ere, noski). Atzerritarren kasuan gainera, Ernest Hemingway idazlearen izpirituaren lorratzetan etortzen direnen sokak ez du etenik. Idazleak 1923 urtean bisitatu zuen aurrenekoz Iruñea, «Toronto Star» egunkarirako idazlan batzuen aitzakian. 1926 urtean «Fiesta» elaberri entzutetsua izkribatu zuen Iruñea eta bere jaiak izanik protagonista nagusiak. Aurten, gainera, bere sorreraren urteurrena ospatzen delarik, beldur dago gehiegizkoa ez ote den izanen australiar, kanadiar eta amerikarren uholdea, garagardo merke eta sangriakoa gehienbat. Euren jarduera izendatu dute: zikina eta merkea. Horrenbertzez, turismo bulegoetan egin galdetegi baten arabera, 30 urte izan ohi dute batez bertzekoan eta 5.000 pezeta inguru gastatzen omen dituzte eguneko. Ostatuaren preziorik ez dute hemen sartzeko joerarik, bisitarien erdiak baino gehiagok hiria bera baitu goatze mesanotxetzat. Bisitaren zergatiaz galdegiten duen itaunak hitz bakarra izaten du erantzun modura hiru kasutatik bitan: «
Fiesta
MIKEL MARKEZ, RUPER ORDORIKA ETA FERMIN MUGURUZA.
Berdina erran genezake musikari dagokionez, musikaren zalapartarik gabe balio murritzeko jaiak ukanen genituela, alegia. Horrela, eskaintza zabala egituratu dute jai egunetarako eta izen handien zerrendan Tahures Zurdos ibiliko da uztailaren 7an, Ruper Ordorika 8an, La Decada Prodigiosa 10ean eta Serafin Zubiri 11an. Modu berdintsuan Fermin Muguruza 10ean edota Drogasen gidaritzapean osatu duten La Venganza de la Abuela uztailaren 11an ahaleginduko dira, bertzeak bertze, hiriko zokoak harrotzen.
Bertzalde, euskal giroko Euskoplaza atondu zuten joan den urtean estreinako aldiz Iturrama auzoaren inguruan. Aurtengoan egitasmoaren bigarren edizioari ekinen zaio, baina Medialuna inguruan zutituko dute eskenatokia, Alde Zaharretik bada gertuago.
Taldeen zerrendari dagokionez Behin Betiko eta Betagarri egonen dira uztailaren 9an, ortzirala. Larunbatean, uztailak 10, Gozategi eta Ihetza taldea agertuko dira. Eta azkenik igandean, uztailak 11, Mikel Markezen emanaldia batetik eta Gaueko taldearen agerpena bertzetik izanen dira Euskoplaza delako honetan. Guztiak, hori bai, gauerdiko 12etan hasiko dira, goizalderaino euskal giro aparta ziurtatuta. Halaber, eta modu orokorrean aipatuta, erromeri giroko berbenak Gurutze Enparantzan kokatu dituzte urterokoa lez. Rodezno Kontearen Plazan berriz, gaztetxoendako musikaldiak eta Antoniutti pasealekuan orkestra handiko emanaldiak, azkenekoz.
Baina beti izan ohi dira berrikuntzak eta aurtengoak zinetoki erraldoi baten itxura dauka: zortzi metrotako luzera duen pantaila paratuko dute San Frantzisko plazaren inguruan, honen oinetara 80 metro karratutako eskena hedatuz. Guztiari so egoteko, azkenik, 600 aulki. Guztiak zinetoki erraldoi baten planta hartuko du, bertan egonen baitira ikusgai gainontzeko hiri zokoetan gertatzen diren kontu eta kantuak. Noski, txupinazoaren tenorean murritza izaten da hagitz udaletxearen ingurua eta zuzenean eskainiko dute pantaila honetan horrelako momentua. San Fermin irudiaren prozesioa eta «Pobre de Mi»aren azkeneko uneak ere ikusgai izanen dira bertan. Horrela, jaiaren bertze topalekua izan nahi du inguruak.
FESTEN ARIMA: PEÑAK.
![]() |
|
||||
1722 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa