egindako txango batean? Ba horixe proposatzen zaizue erreportaje honetan uda honetarako, lau egunetan gure hamahiru faroak ezagutzea. Txangoak dituen 220 kilometroak egiteko egun gehiago ere har daitezke lasaiago ibiltzearren.
Faroek erakargarritasun berezia izan dute beti niregan. Milia askotara dauden itsasontzien itsumutilak dira, neguko gau txarretan bidea markatzen duten argiak, itsas gizonen bizitza asko salbatu dituzte. Gainera eraikuntza gisa ere badute interesa. Niretzat behintzat. Dotoreak, airosoak dira, gehienak XIX. mende bukaerakoak, puntu estrategikoetan kokatuak daude, tontorretan, itsas balkoietan beti, farozain bakartien bizilekuak dira askotan (gero eta gutxiagotan, automatizatzen ari baitira). Motibo hauengatik eta Eskozian zehar bizikletaz egindako bidai luze baten ondorengo forma aprobetxatuz animatu nintzen Euskal Herriko faro guztiak bizikletaz ezagutzera.
Bi abiapuntu daude gure kasuan, mendebaletik ekialdera edo alderantziz. Miarritzetik abiatzea erabaki nuen, bertara inguratzeko erosoagoa zitzaidalako, trenez Iruneraino eta ondoren txirrinduz Miarritzeko faroraino, nire ibilbideko lehena. 1831ko faro hau bisita daiteke eta gainera farozaina gida turistiko bilakatu da. Oso ondo kontserbatuta dago. Hori gutxi bada, jaiak ospatzen ditu abuztuaren erdialdean: sardin jatea, su artifizialak, zezen suzkoa eta dantzaldia. Ez da gutxi faro batentzat.
Hurrengo faroa Sokoakoa da, baina tartean Santa Barbara tontorrean argi puntu bat ere bada. Ikusleku ederra da, Higer eta Hondarribia ikus daitezke besteak beste. Uda partean ez da harritzekoa inguru honetan jaiak topatzea, nik behintzat Hendaiakoak topatu nituen ustekabean.
Muga pasa eta Txingudiko ikuspegi paregabea duzue Higer faro berriztatutik. Bunker itxura du faro honek eta 20 miliataraino ematen du argia. Horretarako 1.500 watio kontsumitzen ditu. Handik aurrera duzue ibilbideko lehen aldapa gogorra Jaizkibel igotzeko. Mendate hau jaisten, bezperan ospatutako Donostiako txirrindulari proba klasikaren pintadak agertzen dira. Pasaian lehen itsas ermita, Bonantza, eta bi faro gehiago daude: La Plata neoklasikoa eta Senekozuloa. La Platara igotzeko bidezidor bat hartu behar da tontorrean dagoelako. Behera begiratuz ikusten da Senekozuloa, izenak dioen bezala, zulo batean. Portutik oinez igo beharko da, txirrindulaz behintzat zaila. Pasaiako Portutik kontrolatzen dituzte bi faro hauek. Bere ordezkariek azaldu zidaten faroen funtzionamendua. Mantenu eta zainketaz arduratzen dira. Bakoitzak bere arduraduna du. Tximistekin eta ekaitzekin kontu handia izan behar dute. Donostiara tarte erabat urbanoa da eta gainera Aste Nagusia da Donostian.
Donostian bertan Santa Klara uharteko faroa dago. Inor ez da bizi bertan. Hara ezin da bizikletaz joan, ez bada txalupan sartzen behintzat. Kontxako hondartzatik ikusita konformatu behar. Ondarretatik Igeldo aldera beste aldapatxoa dago eta bide erdian faroa. Jolasparkera igo eta Donostiako badiaren postaleko irudia ikus daiteke. Tximistarri, Gudamendi eta Igeldo herria pasatuz Mendizorrotzeko antenara iristen zara. Ez da zerbait jan eta atseden hartzeko toki txarra. Handik Oriora jaisteko aldapa gogorra dago, Ortzaikatik sartuz. Laster zabalduko duten Zarautzetik Getarirainoko bidea izango da ibilbide osoko politenetakoa dudarik gabe. Getariko Arratoian San Anton faroa dago, itxia 1982tik, gaur egun automatizatua. Itsas ertza jarraituz Zumaiaraino iritsi eta han beste faroa dago, espigoiaren bukaeran. Handik aurrera itsasertza utzi behar da. Aldapa txikia dago Itziar igotzeko. Debara jaitsi, hemen ere jaiak topatu nituen; Mutrikuraino joan, Ondarrun ere festak dira, Markina, Milioi auzoa eta Lekeitio, bigarren etaparen amaiera. Kilometro dexente dira eta nekatuta egotea ez da harritzekoa.
Matxitxakoko erregea
![]() |
|
||||
1721 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa