Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-06-27 -- 1721.zenb

Beñat Doxandabaratz

Garai batean familia otorduetan biltzen zen elkarrekin egoteko. Gaur egun aldiz, telebista inguruan. Etxeratu bezain laster argia balitz bezala pizten dugu; etxe guztien erdigunea da. Milurte amaiera honetan, gero eta tele-jatunagoak gara, jakinki ere telebistak ez gaituela behar bezala asetzen. Nahiz eta programazioa kaskarra eta «zaborra» dela esan, gero eta gehiago ikusten dugu (Europan batez beste, hiru ordutik gora egunero). Telebista jarraitu beharrreko lorratza bihurtu da gure eguneroko bizitzan, inolako esfortzurik egin gabe ideiak, gertaerak eta baloreak ahora ematen baitzaizkigu,

«telebistan agertzen ez dena ez da existitzen»
esaldia sinesteraino. Alabaina, dudarik ez da telebista komunikazio pizgarri bezain kaltegarri izan daitekeela bakarrik nahiz sendian bizi direnentzat. Teorian, informatiboa ikustearren jartzen dugu. Baina berau amaituta ez dugu itzaltzen. Gutxi izango dira telebistari so bi ordutik behera ematen dituztenak, are gutxiago seme-alabak edukita.

«Alde batetik, jendeak ohitura hutsagatik ikusten du, atsedena hartzeko aitzakia baita, parean eseri eta lasai egoteko aukera. Dena den, telebista aurrean ematen dugun denbora, batez beste, jaitsi egin da 90eko hamarkadaren hasieratik hona»
azaltzen digu Matxalen Garmendia EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako irakasleak. Bere «Zergatik ikusten dute emakumeek telebista?» ikerlan argigarria ezinbesteko erreferentzia bilakatu da emakumezkoen telebista ikusteko ohiturak jorratzerakoan. Nola, noiz, norekin eta zer ikusten duten emakumeek telebistan. Zergatik miatu emakumeen ohiturak?

«Ba, aberatsagoa, anitzagoa, iruditu zitzaigulako. Emakumeen kasuan, telebista ikusteaz batera, beste hainbat aldagai baitago. Esaterako, gizonezkoentzat etxea atseden lekua den bitartean, emakume askorentzat berriz, nahiz eta anitzek etxetik kanpo lan egin, oraindik ere lan esparrua da. Beraz, emakumezko gehienentzat egunerokoa bezain lasaigarria da telebista ikustea, «relax» modura hartzen dute, jakinda ere askotan senar edo seme-alaben nahien menpe egon beharko dutela».

NORK DAUKA URRUTIKO AGINTEA?

-Arraroa da merezi duen zerbait egotea.
-Jakina, baina ez dut zeregin hoberik.
-Film bat ikusten ari garela bost axola zait senarrak zerbait esatea. Futbola denean berriz, isilarazi egiten nau.
-Beti ari dira «zapping» egiten ezer zehatzik ikusi gabe.
-Lagungarria da; senarrarekin haserre egonda ere, telebista aurrean zaudela ez daukazu txintik ere esan beharrik.
Halako esaldiak hitzetik hortzera entzuten ditugu emakumeen ahotik. Baina, salbuespenak salbuespen, batzuk zapuztuta egonik ere, ez dira etxean dagoen beste telebista ikustera joaten. Ahal duten neurrian saiatzen dira familia biltzen eta haien gustuko saioak ikusten. Horren kariaz, aipa dezagun Euskal Herriko etxeetan telebista bakarra dutenak % 27 direla, Espainian aldiz % 33. Bi telebista dituztenak % 57 dira hemen, % 47 han. Hiru dituztenak % 19 dira bietan. Egongela, sukaldea eta logela izaten dira kokalekuak hurrenez hurren.
Beti esaten da etxe batean urrutiko agintea duena dela familia horretan agintzen duena. Normaltzat hartzen da senarrak urrutiko agintea edukitzea. Emakumeak ukanez gero ordea, «sarjento»tzat jotzen dugu.

«Horren aurrean nolabaiteko estrategia erabiltzen dute emakumeek. Saio jakin bat interesatzen bazaie eskatu egiten dute. Zentzu horretan gizonak baino informatuagoak egoten dira. Hala ere, ez dute beti jokabide bera; hori ere aldatuz doa aldartearen arabera».
Maiz gertatzen da bikote batek hasieran telebistarik ez edukitzea. Baina haurrak munduratzearen aitzakia hartuta, zapla! telebista erosten dute. Hain zuzen, umeen artean ez ezik, gizartean ere telebistaz mintzatzeko ohitura asko zabaldu da, lanean eta lagunartean. Halaxe, nolabait alboraturik ez geratzearren, jendeak telebista ikusi, begiratu edo gutxienez entzun egiten du.

«Besteekin batera telebista aurrean egon arren, emakume askok ez dute arreta handirik jartzen, beste gauza batzuk egiteko aprobetxatuz».

ALDAKETAREN BELAUNALDIA.

Ondorio hauetara iristeko, lan enpirikoa jarraitu du Garmendiak, 30-45 urte inguruko adin taldea hautatuz. Lana aldi berean etxean eta etxetik kanpo egiten dutelako. Hamar emakumez osaturiko zortzi talde hartu ditu eredutzat, aldagai hauen arabera banaturik: klase soziala, lantokia eta seme-alaben adina.

«Hor kokatu nuen aldaketaren belaunaldia, mota guztietako emakumeek osatzen baitute, etxekoandreek, lizentziadunek, eta abar»
. Azken hamarkadetan emakumea lan munduan murgildu izanak aldaketak ekarri baditu ere, badirudi betiko rolek bere horretan segitzen dutela.
Ze saio mota ikusten dituzten galdetuta, informatiboak eta filmak erantzuten dute gehienek. Haatik, galdeketa aurrera joan ahala, multzo batek aitortzen du «foiletoiak» eta «reality show»ak desagerturik, saio «arrosa» zaleak direla. Izan ere, gizartean halako saioen inguruko aurreiritzi bat dago egia estaltzera bultzatzen dituena.

«Nolanahi ere, topikoek ez dute beti funtzionatzen. Adibidez, programatzaileek ustekabea hartu dute, goizez edo bazkalondoan emakumeei begira egiten diren programak gizonezkoek ere ikusten dituztela jakitean. Audientziaren emaitzek ostera, ez dute beti errealitatea islatzen. Demagun SOFRESek jendeak bart halako saioa ikusi duela esaten du; ba, horrek ez du nahitaez esan nahi adi egon zirenik; ezta gustatu zitzaienik ere»
.
Ondorio gisa, ate joka dugun kate burrunbak aldaketak ekarriko ote dituen galdetu diogu Matxalen Garmendiari eta irakasleak ezezkoa erantzuteko arrazoiak azaldu dizkigu.

«50 katerekin eskaintza zabalagoa izango bada ere gure gustuko saioak aurkitzeko, aukeraketa egiteko dugun gaitasuna oso mugatua da, 6 edo 7 aukeretatik gora galdu egiten gara-eta»

Amaia Olano

kaleratu berri du. Enpresetan euskararen presentzia areagotzeko, Patronatuak hitzarmena sinatu du hainbat enpresarekin, eta hauei laguntza teknikoa eskainiko die.
guztia irakurri

Estitxu Eizagirre

udako kanta izango, baina bai hernaniarrek gogokoen dituzten doinuen bilduma. Hernaniko Udalak karrikaratu du.
guztia irakurri

Ainhoa Azpiroz

Kalitatea lortzeak lana eta esfortzua eskatzen du. Gauza asko aldatu behar dira kalitatea lortu nahi bada eta nola aldatu ere jakin behar da. Dena dela, informazioa biltzen hasiz gero, berehala topatuko ditugu kalitatea gestionatzeko dauden ereduak, eta baita nork lagundua ere. Ezagunenak diren sistemak bi dira: EFQM eta ISO 9002.
EFQM (European Fundation of Quality Management) hainbat europar adituk egindako eredua da eta gero eta zabalkunde handiagoa du Europako Komunitatean. Eredu hau autoebaluaketan oinarritzen da, hots, ereduan bertan zehazten diren arloak autoebaluatzen ditu ikastetxeak eta bakoitzean zein egoeratan dagoen ikusten du. Autoebaluaketa honen ondoren puntuaketa bat egiten da eta hortik aurrerako lana akatsak konponduz puntuaketa hori igotzea izaten da. Hurrengo autoebaluaketan akats horiek desagertu diren ala ez ikusiko da, eta hobetu behar diren arlo berriak ere agertuko dira.
Autoebaluaketa honetan ikastetxe osoa ebaluatzen da, hau da, zentroaren gestio osoa aztertzen da: ikastetxeko prozesuak, langileak, bezeroa, emaitza akademikoak, emaitza ekonomikoak eta oro har, antolaketa osoa hartzen du aintzat. Gestioaren kalitatea garatzea da bere egitekoa eta etengabeko hobekuntza bultzatzen du. Berez 1.000 puntu ditu eredu honek, baina errealitatean inor ez da iristen maila horretara. Ondoen ibiltzen direnak 650 puntura iristen dira eta 400 puntu edukitzea oso ongi dago.
Zer eskaintzen die eredu honek ikastetxeei? Euren puntu indartsuak eta ahulak ikusten dituzte eta horrela ekintzak planifika ditzakete, bezeroen asetze maila zein den jakiten dute guraso eta ikasleen artean sistematikoki egiten diren inkesten bidez, zentroko langileen asetze maila ikusten dute eta emaitzak aurrez ezarritako norabidean dauden ala ez behatzen dute.
Eredu honek ez dauka ziurtagiririk, hots, autoebaluaketa egin eta akatsak zuzendu ondoren puntuaketa igo arren, ez da ziurtagiririk lortzen. Hala ere, ikastetxeek kanpoko ebaluatzaileak eska ditzakete zentroak daukan maila baloratu nahi badute. Ebaluatzaile hauek zentroa ikusi eta aztertzen dute eta ondoren txosten bat egiten dute gestio aurreratua duen ala ez idatziz eta egin duten ebaluaketa pasa duen ala ez esanez.


ISO 9002 ZIURTAGIRIA.

ISO 9002 ziurtagiria ere kalitatea neurtzeko sistema bat da. ISOren barruan ISO 9001, 9002, 9003... daude eta hezkuntzan erabiltzen dena ISO 9002 da. Mundu mailan erabiltzen den aseguramendu sistema bat da, funtzionamendu araudi bat. Hainbat estatutako ordezkari instituzionalek osatzen duten erakunde ofizial bat dago eta honek zehazten du araudi hori. Honek 20 betekizun zehazten ditu eta horiek bete behar dira ziurtagiria lortzeko: sarrera, zuzendaritzaren erantzukizunak, kalitatearen sistema, kontratuaren berrikuspena, diseinuaren kontrola, dokumentazioaren eta datuen kontrola, erosketak, bezeroek hornitutako produktuen kontrola, identifikazioa eta trazagarritasuna, prozesuen kontrola, ikuskapena eta egiaztapena, neurketa-baliabideen kontrola, ikuskapen eta egiaztapeneko egoera, adostu gabeko produktuen kontrola, zuzenketako eta prebentziozko ekintzak, artxibatze, gordetze eta eskuratzea, kalitate-erregistroen kontrola, kalitatearen barruko auditoretzak, formazioa, salmenta ondoko zerbitzua eta estatistika-teknikak. Betekizun hauek prozesuei dagozkienak dira (administratiboak, matrikulazio prozesua, ikasketa prozesua, klaseak nola ematen diren, tutoretzak nola bideratzen diren...) eta prozesu hauek guztiak dokumentu horretan idatzita dauden bezala egiten direla ziurtatzen du. Beraz, nork, zer, noiz eta nola egin behar duen definitzen laguntzen du.
Ziurtagiri hau lortzeko Aenor enpresako ikuskariak gerturatzen dira ikastetxeetara eta auditoria bat egiten dute dokumentuan idatzita dagoena egia dela frogatzeko. Auditoria horretan dena goitik behera aztertzen dute eta edozein dokumentu eska dezakete. Agiri hauetan idatzita dagoena egia den ala ez frogatzea da hauen lana. Akatsik aurkitzen ez badute, zentroari ISO 9902 ziurtagiria ematen diote, eta urtebetera berriz joaten dira bigarren auditoria egitera. Akatsik aurkitu badute, ordea, sei hilabete pasa ondoren berriro itzultzen dira. Handik aurrera urtero errepikatzen dira hiru urte igaro arte. Denbora hori pasa ondoren, ziurtagiria berritu edo kendu egiten diote ikastetxeari.
Produkzioa eta produkzio sistema garatzeko eredua da ISO, eta hezkuntzaren kasuan ikas-irakas prozesua. Baina ez da EFQM bezain zabala. Desberdinak dira, baina, era berean, osagarriak. ISO prozesuetan zentratzen da eta zentroa antolatzen hasteko balio du, baina ez da horretara mugatuta gelditu behar. EFQM ereduak biltzen dituen gainontzeko arloetara ere zabaldu behar da. Bestalde, ISO eredu egokia da EFQM ereduaren autoebaluaketaren ondorioz agertzen diren akatsak konpontzen hasteko.


NOLA BIDERATU SISTEMA HAUEK?

Kalitate gestioa martxan jartzea ez da erraza. Nahiz eta ereduak ezagutu, praktikan jartzeak bere zailtasunak ditu. Baina badira horretan laguntzen aritzen diren bi erakunde Euskal Autonomia Erkidegoan: Euskalit eta Foro XXI.
Euskalit, Kalitaterako Euskal Irakaskundea, 1992. urtean sortu zuten EAEko 18 enpresa eta erakundek kalitatearen kultura zabaltzeko asmoz. Helburutzat gizarteko arlo ezberdinetan garapena, konpetitibitatea eta ongizatea bultzatzea ditu. Kalitate Totala lortu nahi duten enpresa eta erakundeentzat laguntza programak egiten ditu, eta ikastetxeentzat ere bai.
Monika Ituarte Euskaliteko hezkuntza arloko arduradunak azaldutakoaren arabera, EFQM eredu europarrean oinarritzen dira. «

Eredu hori oinarritzat harturik programa bat prestaturik dugu eta hori da ikastetxeei eskaintzen dieguna».
Autoebaluaketa egin ondoren jartzen dute martxan programa hau eta lau puntutan oinarritzen da. Lehenengo, Euskalitek prestakuntza saioak eskaintzen dizkiete zentroetako zuzendariei eta zuzendaritzako ordezakari bati. Ondoren, hauek jaso dutena zuzendaritzako beste partaideei helarazten diete. Gero, zuzendaritza taldeak hainbat ekintza burutzen du ikastetxean saio hauetan ikasitakoa praktikan jarriz. Eta azkenik, zuzendari eta kolaboratzaile guztien bilera egiten da egindako esperientziak elkarbanatuz. «

Horrela Kalitate Osoaren Gestioaren estrategia ezartzen laguntzen diegu ikastetxeei»
dio Ituartek.
Gaur egun Euskalitekin programa hau jarraitzen duten eskolak 135 dira. Hiru edo lau urteko iraupena du prozesuak eta hobekuntzak aurrera egin ahala ikusten dira. «

Adituek diotenez, gutxienez zazpi urte behar dira erakunde batek ohiko estrategietatik Kalitate Totaleko Gestioaren Estrategiarantz nabarmen eboluziona dezan».
Euskalit bezalaxe, Foro Gipuzkoa XXI erakundea ere kalitatea eta hobekuntza proiektuen inguruan aritzen da lanean. Esparru ezberdinetara zabaltzen da bere jarduera eta hezkuntzara ere bai. 1994. urtean hasi zen hezkuntzan kalitatearen gestio sistema jorratzen Lanbide Heziketako eskolekin. 94-95 ikasturtean zenbait prestakuntza saio eskaini zien Lanbide Heziketako 15 zentro publiko eta pribaturi.
Horietatik lauk aurrera jarraitzeko gogoa erakutsi zuten eta Foro Gipuzkoa XXIek koordinatzaile bat ezarri zuen hauei laguntzeko. Kike Intxausti izan zen koordinatzaile hori eta gaur egun ere lan horretan dihardu. Berak dioenez «

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Zuzendaritzari ongi iruditu zitzaion iniziatiba eta 96-97 ikasturtean konbenio bat sinatu zuen Foro Gipuzkoa XXIekin; Foro XXI: Kalitatea Lanbide Heziketa Publikoan».
Hasieran lau ikastetxe baldin baziren ere konbenio honen barruan hasi zirenak gaur egun 32 dira. «

Konbenio honen barruan dago guk ikastetxeekin praktikan jarri dugun proiektua»
dio Intxaustik. «

Bi arlotan egiten dugu lan: sarean eta zentroan».
Sarean dioenean, ikastetxeen artean muntatuta dauden sareak esan nahi du, hau da, zentroen artean eginda dauden taldeak. Sare hauetan ikastetxeetako zuzendariak eta kalitate arduradunak biltzen dira eta ikas-irakas prozesua lantzen dute. Bitartean, zentroan hobekuntza taldeak egiten dituzte gai bakoitzaren inguruan. «

Nahiz eta hasieran sareko eta zentroko lana banatuta egin, bigarren urtean uztartu egiten dira»
argitzen digu Intxaustik. «

Sareko informazioa zentrora iristen da eta zentroan informazio horrek garrantzia duela ikusten bada, aseguramendu sistema bat ezartzen da hori bideratzeko. Sistema hau garatu ahala, ISO 9002 ziurtagiria eskatzeko aukera dago».
Horrekin batera, autoebaluaketak ere egiten dituzte EFQM sisteman oinarrituz eta baita zentroaren planifikazio estrategikoa ere.


PROIEKTU HAUEN MUINA LANGILEENGAN DAGO.

Bai Ituarte eta bai Intxausti bat datoz hau guztia aurrera ateratzeko gauzarik garrantzitsuena langileria dela esatean. «

Euskaliten programak hiru edo lau urtekoak dira eta denbora horretan garrantzitsuena esfortzua da»
azpimarratzen du Ituartek. «

Ez dago esfortzurik gabeko ikasketarik eta hori argi eduki behar da. Gure programan parte hartu nahi duten guztiei beti argi uzten diegu esfortzu garrantzitsua eskatzen duela Kalitate Totalaren Gestioaren estrategia ezartzeak».
Gainera, horrelako proiektu bat martxan jartzeak eskolako gestio sistema osoa aldatzea dakar. Gauza asko aldatu beharrean aurkituko dira eskolak, eta besteak beste, pertsonala, honen kalitatea ere guztiz garrantzitsua baita. Intxaustik behin eta berriro dio horrelako proiektuak aurrera ateratzeko jendearen borondatea eta jarrera positiboa eta baikorra ezinbestekoak direla. «

Hori da erabakiorrena. Zentro batek ISO ziurtagiria eduki dezake eta gauzak gestionatzen ona izan, baina jendeak prest egon behar du hori ongi gara dadin. Zaila da eskola hobetzea langileak hobetu gabe».
Eta zer da langileria aldatzea edo hobetzea? «

Txip-a aldatzea da, hau da, gauzak beste era batera ikustea»
erantzuten du Itxaustik. «

Ikastetxea ikusteko modua aldatu behar da. Kalitateak ez du egiteko modu bat soilik izan behar, baizik eta zentroa ikusteko beste era bat. Ezin da lorategi onik eduki lorazaina ona ez bada».
Gaur egun jendearen jarrera irekia eta baikorra lortzea errazagoa da hasieran baino. Izan ere, hasieran mezuak baino ez zeuden, ez zegoen zehaztasunik, kalitatearen gestioa gauza berria zen hezkuntzan eta jarrera ezkorrak eta pasiboak egon ziren. Baina egun, metodoak asko zehaztu eta konkretatu dira eta praktikoagoa bilakatu da. Horrek eragina izan du jendearen jarrera aldatzeko orduan.
Zailtasun guztien gainetik, orain arte burutu diren esperientziak ikusita, arrakasta izan dutela esan daiteke. Bai Euskaliten eta Foro XXIen eta bai ikastetxeetan ere pozik daude. Ituarte ziur dago Estatu Espainiarreko Hezkuntza eta Kultura Ministeritzak ematen duen Hezkuntzako Kalitatearen Saria aurten hemengo ikastetxe batek irabaziko duela

Beñat Doxandabaratz

Mariano Ferrer-en «Kiosko de la Rosi» jendetsuak bi hilabeteko oporrak hartuko dituen arren, kioskoaren giltzak Ramon Ibeasek hartuko ditu uztailean, eta Xabier Aranburuk berriz, abuztuan. Gisa horretan jokatzen du Marianok Cope emisoratik atera zenez geroztik. Nolanahi ere, herriarengandik gertuen dagoen irratia izanik, hutsik ez egiteko moduko programazioa prestatu dute udari begira. Halaxe, urtero bezala, tourraren azken kilometroak zuzenean komentatuko dituzte bazkalostean. Gauez, hamarretatik gauerdira arte, Jon Martijak saio berria abiaraziko du «Carta de desajuste» delakoa. Bestenaz, ohiko programazioa izango dugu uztailean.
Abuztuan ostera, eguteran edo sargoritik babesteko itzalpean gaudela, programazioa zeharo aldatuko zaigu, nahiz eta ohiko informatiboek bere horretan segituko duten. Lehen berrikuntza goizeko «Uda buluba» magazin freskagarria izango da, astelehenetik larunbata bitartean, Iñigo Arbiza eta Iker Zubimendik aurkeztua. Informatiboaren ondotik, eguerdiko ordubiak eta erdietatik laurak arte, «Ur esne» behin behineko izena duen irratsaioa hasiko da Xabier Riezuren eskutik; musika, elkarrizketak eta euskal kultura poliki tartekatuko dira. Gero, Mikel Markez kantariaren txanda iritsiko da, «Atsalde paxa» izeneko emankizun jostagarriaren bidez. Lehenbiziko orduan gonbidatu gazteak beren kezka eta ametsez arituko dira hitz eta pitz. Ondoren, gonbidatuak etorriko dira, liburu, disko, film, antzerki, jaialdi eta halakoak gomendatzera. Kritikak egitea ere ez zaie ahaztuko, Iñaki Salvador, Pako Aristi, Jose Mari Carrere, eta gainerako gonbidatuei. Bigarren orduan aldiz, azken 20 urteotan euskal kanta ezagunen errepasoa egingo dute. Iluntzean, musika etnikoaren iturritik edango dugu Andoni Tolosaren «Hegoaldeko ostatua»n

Amaia Elosegi

Kurdistango gerra, Irango une ederrak eta Txinako infernua ezagutu dituzte. Ikaraz abiatu ziren, baina «bustiaren beldur denak ez du arrainik atzemanen». «Txirringaren aienean» liburuaren egileek irakurleari uda honetan Asiarantz abiatzeko harra esnarazi nahi izan diote.
guztia irakurri

Beñat Doxandabaratz

Egunpasa Glasgowera joanak ginen. Stevenson Collegeko ingeles klase txatxuak ahaztearren, larunbat goizean Edinburghetik trena hartu eta hiru ordu laurdenetan bertan ginen. Grisa den arren, sasoia du Glasgowek, benetako eskoziar sena dario. Eguna harat honat eman genuen, The Barras izeneko rastro kaotikoan lehenik eta Art Gallery museoan gero. Iluntzean pub batera sartu ginen; ni neu, Matheis erraldoi alemaniarra eta Sari Finlandiako neska panpoxa. Bezeroek «My Name is Joe» filman agertzen diren pertsonaiak ziruditen; langabeziak astindutako langile ondraduak. Barran edariak eskatzen nengoela, Celtic Futbol taldeko dozena bat zale sartu ziren, oihuka eta besoak altxatuz, denak kamiseta berde zuriekin. Dudarik ez irabazi egin zutela. Burusoiltzen hasia zen ilehori bat ondoan jarri zitzaidan garagardo egarriz.
-What was the score?- galdegin nion
-Two nil, we won, -Glaswegian azentu itxian eta bostekoa luzatuz- I`m Stuart Patterson. What`s your name?
-Beñat.
-All right, Beni. Where are you from?
-From the Basque Country
-Oh, ai! You`re a Basque Separatist. Gora Iuskaddi!
-Ai, Gora Euskadi!
Zurrutean hasita, berriketan hasi nintzaion. «Easter vacation»etan (Aste Santuko oporrak) Eskozia ezagutzera joatekoak ginela; ea ze leku gomendatzen zizkigun bisitatzeko. Zenbat egun genituen, astebete edo, «orduan ahaztu ekialdea (golfaren sorleku den St. Andrews kenduta, ez omen da hain polita) eta joan zaitezte gorantz Highlands aldera, eta bidean Stirling-en geratu Wallacen monumentua ikusteko». Futbolaz berriro ariki, Stuartek, bi asteren buruan Celtic-Rangers futbol partida ikusgarria jokatzekoa zela esan zigun, liga txapelketa erabakiko zuen norgehiagoka; ea ikustera joan nahi genuen. Bai noski, nik. Matheis ere animatuko zen. Ba, sarrerak lortuko zizkigula. Deitu geniezaiola esanez agurtu gintuen Stuartek.
Highlandsetara joateko trena biziki motela dela ohartu zidan Alan lagun dublindarrak. Beraz, onena, zenbait lagunen artean auto bat alokatzea zen. Halaxe, Fiat merke bat alokatu eta, estu estu eginda abiatu ginen, Matheis alemaniarra gidari genuela. Ingeles klaseko beste bi bidaide genituen: «Il Bello» Giovanni italiarra eta Feisha Somaliako neska-gazela liraina. Zer esanik ez, Giovanniren asmoa ez zela Eskozia ezagutzea. Aitor dezadan nik ere aukera bikaina nuela Sari nigana limurtzeko.


Heroi nazionalak

Nessie, Whisky, MacAilu eta klan guztiak beren «kilt»ekin zain genituen. Eta gu gure ingeles makarronikoan. Lehenengo geldialdia Stirling-en izan zen bertako gaztelua ikusteko, Eskoziako Errege ohien egoitza, alegia. Gero Wallace Monumentera joan ginen, Eskoziako heroi nazionalaren omenez eraikia, Mel Gibsonek «Braveheart» filmatu ondoren, peregrinazio leku bihurtu dena. 1297an Stirling Bridgeko bataila egin zen, Eskoziari lau mendez burujabetasuna emango ziona. Walter Scott, Robert Louis Stevenson edo David Hume arkakusoak dira William Wallacen ondoan. Sean Connery bezain popularra da.
Hurrengo pausalekua, The Trossachs-en egin genuen, Callander izeneko herrian. Rob Roy lapur ospetsuaren lurraldea, izen bereko film ezaguna egin zen Liam Nessonekin. Turistikoegia iruditu eta alde egin genuen. Iluntzean, Fort Williamera heldu ginen, Eskoziako mendizaleen pirinioak. Glen Neviseko aterpean gaua eman ondoren, Ben Nevisera igotzea proposatu nuen; Britaniar irletako mendirik garaiena (1322 m). Bai, zergatik ez? Esan zuen Sarik. Giovanni marmarka hasi bazen ere, Feisha eta Matheis ados zeuden. Aski berandu abiatu ginen gorantz. Nahiz eta bidea erraza den, euri zaparrada itzela bota zigun blai blai eginda amaitu arte. Gailurrean argazki bat atera genuen, betiko oroimenean iltzatua geratu zaidana: laurok mela-mela besarkatuta. Giovanni berriz, albo batean haserre erauntsiak bere itxura dotorea izorratu zuelako. Aterpera iritsi bezain laster, bere fardeletik lehorgailu bat atera eta martxan jarri zuen. Horren aurrean denok barrezka hasi ginen. Hortzetako zepiloa bezain maiz erabiltzen zuen Giovannik lehorgailua, goizetan dutxatu ondoren eta gauez atera aurretik. Izugarri gozatzen zuen bere burua ispiluan ikustean adatsa alde batera eta bestera mugituz. Beste gau bat emango genuen aterpean. Afaltzeko Eskoziako jaki tipikoena eskaini ziguten: «Haggis» izeneko bola batzuk, ardi tripaki, olo eta tipulez beteak.


Amuarraina whisky erara

Abiatu eta Spey ibaiko bailaran dagoen Aviemore herrira heldu ginen, Cairngorm mendi elurtuak begira genituela. Whiskyaren ibilbidea. Turismo bulegoan distilategien gida eskuratu genuen. Knockando herrian dagoen Cardhura joan ginen. Bisita antolatuan prozesu osoa azaldu ziguten. Tokiko uraren zaporea omen da whiskyaren sekretua eta Spey ibaiko urak bereizgarri hori ematen dio. Bi whisky mota daude: malt eta blended, lehena da onena, garagar mota berezi batez egina baita. Dastaketa garaia iritsi zen. Irteterakoan, arrantzalez betea zegoen ibaira joan ginen burua freskatzera. Eguerdia oraindik eta atxurtuta geunden bostok. Bitan pentsatu gabe, Matheis autora joan, kanabera atera eta arrantzan hasi zen, alemanieraz kantari. Ez genuen inolaz ere espero ezer atera zezakeenik. Usteak erdia ustel, ekinaren ekinez, amuarrain batek tenk egin baitzuen, gero beste batek. Hirugarrena eta azkena izan zen potoloena. Tripazorriak dantzan genituela, campingasa piztu, zartaginari olioa bota eta amuarrainak zirti zarta jan genituen. Siesta ederra bota ostean, eta oraindik Cardhuren eraginpean, Aviemorera itzuli eta bertako aterpean kostata aurkitu genuen tokia. Biharamunean, porridge delakoa gosaldu eta Inverness aldera atera ginen.


Piztiaren burua

Loch Nessen amaiera puntua delako ez balitz, Invernessek ez luke aparteko interesik edukiko; eskerrak pubetan saltsa piska bat pizten den. Irlandarrak bezala Eskoziarrak keltiarrak dira: Ingelesak berriz, sajoiak. Oso argi utzi nahi dizute hori. Arrainduta daudela ordea, ingelesak bezain astapotro bihurtzen dira. Hain zuzen, pub batean goxo-goxo geundela, barran zeuden bi tipo oilartu eta elkarri bultzaka hasi ziren. Segituan, tabernaria ez beste guztiak kolpeka genituen. Aulkiak hegan alde batetik bestera eta gu zoko batean burua makurturik. Antzinako klanen berpizkundea ote? Hamar minuturen buruan ordea, liskarra amaituta zegoen eta denak berriro adiskide. «It's O.K» bota zigun tabernariak.
Biharamunean, Invernesseko aterpe txukunean lo egin ondoren, Loch Nessen ondotik hegoalderantz doan errepidea hartu genuen. Fort Augustus-erako bidean trena ikusi genuen, Invernessen abiatu eta Highlandsak osorik zeharkatzen dituena Kyle of Lochalshen amaitzeko. Deus gutxi aldatu da XIX. mendean trenbidea eraiki zenetik. Eskoziako leku tipikoenera heldu ginen: Urquhart Castle, Ness aintziraren ertzean, piztiaren burua maizen begiztatu duten tokia. Baina, topikoak topiko, aitortu behar, lakuari so zaudela, zirrara hotz batek inarrosten zaituela. Uraren belztasunak Nessie benetakoa dela sinesterazten dizu. Behelaino egunetan azaleratzen omen da. «Kristoren sakonera du, 250 metrokoa, itsasoarekin bat egiten arte», esan zuen Sarik. «Bainatuko al gara?» bota zuen Matheisek. «Yes, you go ahead» ihardetsi Giovannik.


Uharte beltza

Berriro autora igo eta Fort Augustusen bidegurutzea hartu genuen gure bidaiaren azken helmuga zen Isle of Skyera joateko.
Aurretik, beneditarren monastegi bitxi batean geratu ginen, Loch Nessen behatoki ezinhobea baitago bertatik. Bertako fraileek ere iritzi kontrajarriak dituzte Nessie munstroari buruz. Edo itsu-itsuan sinesten dute, edo asmazio hutsa dela diote; zerbait izatekotan, ur hondotik indarrez azaleratzen omen diren enborrak direla.
Sineskeriak atzean utzita, Kyle of Lochalshera iritsi ginen. Bertan, Eilean Donan Castle ikusgarria dago, «Highlander» («Los Inmortales») filman agertzen zen gaztelu hura. Bat batean, «Il Bello» kexuka hasi zen; «ze esajeratua». Baina behingoz, arrazoia zuen Giovannik, aitaren batean eltxo izurrite batek inbaditu gintuen-eta. Midges izeneko intsektu gogaikarriak uxatzeko, botika batera joan eta repellent eskatu genuen. Gorputzean igurtzita, efektua egin zuela zirudien.
Tintinen «Uharte Beltza» komikiaz oroitu nintzen Skye irla basatia zapaldu genuenean. Merezi du benetan bisitatzea. Lehen ferry bat zegoen; orain aldiz, zubi bat eraiki dute bertakoen haserrerako, 1000 pezeta ordaindu behar baitira zeharkatzeko. Portree hiriburuan harritu gintuen bi marinel zahar gaelikoz mintzatzen entzuteak. Eskozioa osoan biztanleen % 2k baino ez daki, eta mintzatu gutxiago. Highlandsetako azentua gainera, Edinburghekoa bezain garbia da, antzina, gaelikoz elekatzean, ingelesa zerotik ikasi behar izan zuten-eta.
Irla lainopean genuela, errepide estua jarraitu genuen. Giza irudia duten mendi bolkanikoek, goroldioz jantziak eta euriaren esanetara makurtuak, isiltasuna kutsatzen dizute. Bertan egin zen «Breaking the Waves» film gogoangarria etorri zitzaidan gogora. Dunveganen foka kolonia bat bizi zela esan ziguten marinelek. Bertara iristean, oinpuntetan hurbildu ginen. Bai, han ziren arroka baten gainean patxadan etzanda.
Ondoren, Tallisker whisky distilategira joan ginen, inoiz dastatu dudan whiskyrik onena. Gau hartan, Portreeko Bed & Breakfast batean hartu genuen ostatu. Bi gela genituen, bata hiru ohekoa, matrimonioko ohe batekin bestea. Giovanni azti ibili eta matrimoniokoan etzan zen, eta Feisha ohe ertzean. Banaketa egina zegoen. Biharamunean, «Il Bello» eta Feisha eskutik helduta eta elkarri laztantxoak eginez agertu ziren. Bistan zen gau eraginkorra igaro zutela. Alan dublindarra biraoka hasiko zen hura jakin bezain laster. Egun osorako bapo uzten zaituen British Breakfast gosaltzen ari ginela, Sari kexu agertu zen gau osoan Matheis eta bion zurrunga kontzertua nozitu behar izan zuelako. «Nik ez dut zurrungarik egiten-eta!»


Mr. Hyde lasterka

Itzulerako bidea hartuta, mendebaldeko kostan dagoen Oban herrian geratu ginen bazkaltzeko. Bertatik Mull Irlara doan ferrya hartzekotan izan ginen. Baina azkenean zakurraren putza. Edinburgherantz gindoazela, «Whisky in the Jarr» Thin Lizzyren kanta hamaika aldiz jarri zuen Mathaisek. Sarik lo hartu eta nire magalean etzanda egin zuen bidaia; gero nik berean. Laino batean flotatzen bezala nenbilen. Gurekin atzean lo zihoan Giovannik ere nire sorbalda hartu zuen burukotzat.
Aste hartan, Stevenson Collegeko klaseen ondotik, Sari eta biok itzuli bat ematen ari ginen Old Town eta Royal Mile inguruan. Karrika hauek musika eta antzerki emanaldiez betetzen dira Abuztuko «Fringe Festival» gomendagarrian. Kafetegi batera sartu ginen. Eskuak kafesnearen katiluan berotu ondoren, oldartu eta nire eskua luzatuz berearen gainean jarri nuen... Barkatzeko baina bazuela mutilaguna Finlandian, oso jatorra nintzela, eta abar luze bat. Agurtzean, «ulertzen nuela» esan nion. Beste behin musu-huts. Frakasoaren ondoren, zerurantz begiratu nuen. Eskozian zerua une oro ari da aldatzen, instant batean ortzia arras urdin egotetik hodei beltzez estaltzera pasatzen da. Edinburgheko alderdi iluna baino ez nuen ikusten.
Mr. Hyde bezain nahasia, «Trainspotting» filmako pertsonaien gisan korrika hasi nintzen Princess Street zeharkatuz; Holyrood jauregira iritsi arte ez nintzen geratu. «Carros de Fuego» filman protagonistaren lasterketa tokia. Handik, oraindik arnas-estuka, Edinburgheko gotorleku itzela mirestu nuen. Laino beltzen artean azken eguzki printzek zirrikitua aurkitu zuten, grisa eta gorria. Nik dakidala gaztelua ez dute inoiz film batean behar bezala profitatu. Arnasa sakonki hartu eta haize freskoak baretu ninduen. Ze arraio! Hobe da damutzea egin duzunaz egin ez duzunaz baino. Kontsolamendua nuen, gainera: Celtic-Rangers Glasgoweko bi talde etsaien arteko ikusgarria. Celticek irabazi edo berdinduz gero, liga eskuratuko zuen. Larunbat arratsaldean beraz, Matheis eta biok Celtic Parken ginen Stuart eta beste milaka katolikoen ondoan bandera irlandarrak astinduz. Beste aldean, «Big Jack» banderekin, Rangers protestanteen zaletuak, Britania Handian egoteaz harro daudenak.


Epilogoa

Porrota beste behin. Celticek 1 eta 3 galdu zuen partida. Liga txapelketa Rangersek irabazi zuen. Ikusi behar zenuten Stuart Pattersonen aurpegia. Penak itotzeko edo, 17 pinta garagardo (bederatzi litro inguru) zanga zanga irentsi eta oraindik zutik zirauen. Pubetik balantzaka eta bizkarretik hartuta atera bagenuen ere, kontent zebilen Stuart bere errekorra hobetu zuelako

Imanol Murua Uria

egin dezake, baina bada beste aukerarik: Madrilen Tel Aviv-erako hegazkina hartu eta, Tel Aviv-eko Ben Gurion aireportuan, Jerusalemerako taxia. Antzinako mapak eraman, eta munduaren erdi-erdian topatuko duzu Jerusalem.
guztia irakurri

Juanjo Olasagarre

urbanoak txunditu egiten du bertara hurbiltzen dena, nahasketagatik. Dena da erraldoia Hego Afrikako paisaian ere. Aberatsa, bere giza arrazen nahasketa bezala. Eta bere hirietan ikusten da nola uztartu diren beltzen kultura eta zuriena.
guztia irakurri

Asier Agirresarobe

ohi dugun ama lurraren erraietan barnera zaitezten gonbita luzatzen dizuegu.Ezezaguna baita oso lur azpiko mundua eta ezusteko atsegin anitz izango baitituzuebertako amildegi eta hustasun ilunetan murgiltzen zaretenean.
guztia irakurri

hemeroteka

1720. zenbakia | 1999-06-20
1719. zenbakia | 1999-06-13

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan