Bizkaiko ermitei buruzko lan mardula egin duzu, zerk bultzatu zintuen lan hau egitera?
Gaztetan asko ibiltzen nintzen mendian eta leku guztietan ermitak ikustea harrigarria egiten zitzaidan, harritu egiten ninduten inguruko zelaiek. Lagunei Durango eta Arratiako ermitei argazkiak ateratzeko eskatzen nien.
Lan hau zure tesi doktorala izan da, hasieratik al zen hori zure asmoa?
Ez, egia esan ez nuen sekula nire lana tesi moduan planteatu. 1972. urtean Jose Migel Barandiaranekin izandako bilera baten ondorioz Etniker Bizkaia taldea sortu zen eta han geundenak, bakoitzak gure herriari buruzko lanak egiten hasi ginen eta honela hasi nintzen ni ere.
Nolako garrantzia du ermitak inguruko bizimoduan?
Ermita ezberdinak daude baina arruntena auzo-ermita da. Hauek auzokoen bilgune funtzioa betetzen dute. Garai batean, eta leku batzuetan oraindik ere bai, auzolanetarako bilerak ermitetan egiten ziren.
Zure lanean ermiten inguruko sinesmen eta erritoei buruz hitz egiten duzu. Zeintzuk ziren?
Gehienak santu babesleak dira, haurdun dauden emakumeak, haur negartiak, edo hitz egiten eta ibiltzen berandu hasi diren haurrak babesten dituztenak. Baita etxeko abereak eta uzta babesten dituztenak ere.
Zenbait istorio ere jaso dut; lamiak ermitak eraiki zirenean desagertu zirela, ermitako kanpaia jotzen denean izpiritu txarrak desagertu egiten direla...
Berriemaileen artean adin guztietako jendea dago, zein informazio jaso duzu hauengandik?
40 urte dituztenek ez dituzte bizi izan ermitetan egiten ziren erritoak, baina 60 urte dituzten beren gurasoek edo 80 dituzten aiton amonek bai. Hauengandik guztiengandik jaso dut lan hau egiteko behar nuen informazioa
politiko nagusi gisa atera ondoren. Baikor ageri da egoeraz eta abertzaletasunak epe labur eta ertainera Nafarroan izango duen zeregin garrantzitsuaz jardun dugu, besteak beste.
guztia irakurri