Aste honetan argitu beharko da
nola geratzen diren instituzio
desberdinetako gobernuak. Edo-
zein modutan ere, eta instituzio
nagusienei begira, sozialistak gil-
tzarri dira leku askotan —Araban,
Bizkaian eta Nafarroan, esate
baterako—. Alde bietatik dauzkate
proposamenak, popular eta jeltzaleen
lerroetatik, eta arre edo so erabaki
beharko dute. Martxoan izango
diren Espainiako hauteskun-
de nagusiei begira, Ferraz kalekoen
iritzia funtsezkoa izango da erabaki
horretan. Gobernua indar nagusiena-
ren alde uztearen irizpidea nagusi-
tuko bide da, eta honek EAJri egingo
lioke mesede. Honen truke, alkatetza
asko gera daiteke bere eskuetan,
bere jarduna PP laguntzearekin
konprometitu barik. Aukeretako bat
behintzat bada.
«Elkarri» aldizkariaren ospakizuna Bilbon.
Udalerrien Biltzarra aktualitate izango dugu.
NAFARROAN BI DIPUTATU
EH-k 47.283 boto lortu ditu Nafarroako Legebiltzarrerako hauteskundeetan eta EA-EAJ koalizioak 16.524. Bien artean, beraz, 63.907 boto dituzte. PSNk, aldiz, 61.814 lortu ditu. Hau da, alderdi abertzaleak datozen Espainiako hauteskundeetara elkarrekin joango balira eta gisa honetako emaitzak lortu, UPNk bi diputatu lortuko lituzke Madrilgo Legebiltzarrean, indar abertzaleek beste bi eta PSNk bat. Normalean 2 UPN eta 2 PSN izan da eta batzuetan bostgarrena HBrentzat izan da (birritan); azkenekoan bostgarren hau IU-EBrentzat izan zen. Jakina, hauteskunde mota bakoitzean emaitza desberdinak lortzen dituzte alderdiek eta oraingoan PSNk Legebiltzarrerako 61.814 lortu baditu, Europako Legebiltzarrean 73.217 boto lortu ditu eta 96ko Espainiako Legebiltzarrerakoetan 98.102 lortu zituen. Matematikak ez du berdin funtzionatzen hauteskunde guztietan, jakina, baina zenbakiek bakoitzaren ahaleginerako akuilutzat ere balio dezakete.
ELKARRIREN ALDIZKARIA
ESANGURATSUA da hilabetekari batek 50 zenbaki kaleratzea, zeresanik ez komunikabideen egungo oihanean. Baina Elkarrikoek Bilbon iragan astean egindako aldizkariaren ospakizuna, elkartea beraren ospakizuna bihurtu zen, bere sei urteko bizitzaren garrantziaren adierazle bihurtuz. Euskal Herriko esparru politiko, sozial eta sindikal osoko ordezkariak —EAJ, EH, EA, PSE-EE, PP, IU-EB, ELA, LAB, CCOO, UGT, EHNE eta abar luze bat— bildu ziren bertan, oso leku gutxitan lortzen dena batetik eta, bestetik, bizi ditugun garai berrion erakusgarri ere bai.
MAHAI NAZIONAL OHIAREN EPAIA
ESPAINIAKO Auzitegi Konstituzionalak aste honetan bertan eman dezake Herri Batasuneko Mahai Nazional ohiari buruzko epaia. Mahai Nazional ohiaren defentsaz arduratu izan den abokatu taldea baikor agertu da babes helegiteari emango zaion erantzunaz eta Mahai Nazional ohia laster batean kalean izan daitekeela pentsatzen du askok. Espainiako Auzitegi Konstituzionala apirilaren 13an eta 27an, eta maiatzaren 13 eta 26an bildu da; azken hilabete honetan, ordea, ekaineko lehenbiziko eta hirugarren astean ere bildu dela uste da. Konstituzionalak babes helegitea onartuz gero, epaiketa ez litzateke berriz errepikatuko eta mahaikide espetxeratuak guztiz libre geratuko lirateke, kolaborazioagatik zigortuak izan ziren eta.
UDALERRIEN BILTZARRARI BURUZKO ERA GUZTIETAKO INTERPRETAZIOAK
HILAREN 15eko «Gara» egunkariaren lehen orrialdeko titulu nagusiak honakoa zioen: «Udalerrien Biltzarrerako oinarri sendoa eskaintzen dute emaitzek» (hauteskundeetakoak). Egun bi beranduago Espainiako gobernuak zioenez, «Euskal Udalerrien Biltzarra amaituta dago». 50.000 pertsonatik gorako udalerrietan, Lizarra-Garazikoek galdu egin dutela esanez argudiatzen zuen bere baieztapena Gobernuak. «Gara»ren oinarria honakoa zen: EAJ, EH eta EAk 2.058 zinegotzi lortu dituztela Hego Euskal Herrian eta PP/UPNk eta PSOEk 1.018. Era guztietako interpretazioak egin daitezke iragan otsailean abian jarri zen Udal Ordezkarien Biltzarrari buruz, baina Udalerrien Biltzarra uztailean eratuko da eta oraingoz aurrera egingo du. Datozen asteetan biziko dugun udal zurrunbiloaren erdigunean izango da gainera.