Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-06-27 -- 1721.zenb


EUSKARAREN MALDA FRANTZIAN

Maiatzaren 7an Frantziako Gobernuak sinatutako Hizkuntz Gutxituen Eurokarta Parlamentuan eztabaidatzea falta da sinadura erabat baieztatua geratzeko. Tartean, ordea, oztopo bat aurkitu du; Jacques Chiracek, Eurokartaren zenbait klausula Konstituzioaren aurkakoak izan daitezkeela-eta, Konstituzio Kontseilura igorri zuen eta honek klausulak Oinarrizko Legearen aurka doazela azaldu du. Ikusi beharko da azalpen honek Asanblea Nazionaleko eztabaida oztopatzen duenentz. Bestalde, Akitaniako Eskualde Kontseiluko lehendakariorde Alain Anzianik eskualdeko hizkuntzak, hots, euskara eta okzitaniera, garatu beharrekoak direla adierazi du berriki. Hitzok egi bihurtzen diren ere ikusteke dago. Iparraldeko AEK-k, behinik behin, bertan euskara normalizatzeko borrokarekin darrai; iragan astean Postaren auzian errekurtsoa aurkeztea erabaki zuen.


IKA-K HAMAR URTE

Aurki beteko da IKAren hamargarren urtemuga. AEKren barruko haustura batetik sortutako euskaltegiak bide luzea egin du dagoeneko eta egunotan ospakizunetan dabiltza, bai Arabako zein Nafarroako IKA. Bertan eskolak jasotzen dituzten ikasleen kopurua ere ez da nolanahikoa; 2.500 inguru Araban, 1.200 Nafarroan.


EUSKALDUNEN GIDA

Sasiburu elkarteak «Sarea-Barakaldoko Euskaldunen Gida»ren bigarren edizioa kaleratu du. Iazkoari segida emanez, aurtengoak ere Ibar Ezkerreko udalerrian zerbitzua euskaraz eskaintzen duten enpresa, profesional, saltoki eta abarren inguruko datuak biltzen ditu. Saltokietan bertan izango da eskuragai.


"BUZTANIKARA" ALDIZKARI BERRIA

Azpeitia eta Azkoitiako gazteek aldizkari berria sortu dute: «Buztanikara». Euskara hutsezkoa izango da eta hainbat gai jorratuko ditu, ironiaz eta umorez. 100 pezetan egongo da salgai eta hala aurkeztu dute: «Buztanikara, gaizki egindako paper mordoxka ona».

Duela bi urte hasi zen bere herriko berriemale modura 25 urteko berriztarra. Bere estiloa nonbait entzuleen gustukoa izan eta ur sakonagoetan sartu zen: astegunetan aurkezten duen irrati-formula eta «Sutondotik plazara» nekazaritzari buruzko saioa larunbatetan.

«Azken honetan, elkarrizketak-eta lantzean gehiago ikasten duzu. Bestea mekanikoagoa da, musika berria aukeratu eta aurkeztu».
Bitarteko beroa iruditzen zaio irratia,

«baina badu bere alde latza: trabatu gabe luzaro berba egitea, hori lortzen dudanean festa bat emango dut».
Geroari begira, Jaionek badu amets bat, noizbait bete dadin nahiko lukeena:

«literatura eta bidaiak nahastuko lituzkeen irratsaio bat egin. Ea denbora hartu eta zerbait prestatzen dudan»

«GAZTE BIDAIARI»KO IRABAZLEAK
Esperientzia polita 16 eta 18 urteko gazteek ukan dutena Gure Irratiko lehiaketa honi esker. Gazte anitz izan da deialdiari erantzun eta lanak aurkeztu dituena. Funtsa ordu erdiko emanaldi bat Euskal Herriko pertsonaia baten inguruan egitea zen, gaurkoa ala iragan denboretakoa izan zitekeen. Kazetan grabatzeaz batera, gidoia agertu ondoren, azkenean, sei izan dira irabazleak: lehen bostak «Beńat Etchepare» lizeokoak eta beste bat «Maurice Ravel»ekoa. Hautatu gaien artean denetarik zen, hala nola: Xalbador, Garat anaiak, Lazkao Txiki, Pierre Broussain, Jean Louis Maitia eta Kukumiku

XXVII. UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEA
UEUko lehendakari Mikel Aizpuru
eta Iparraldeko koordinatzaile
Maitane Carmentek aurten Miarritzen
eta Iruńean izango diren ikastaroen berri
eman dute. Miarritzen uztailaren 5etik 9ra bitarte izango dira ikastaroak eta
Iruńean berriz, 19tik 30era bitarte.
Indartuta dator UEU oraingoan, Nafarroako Gobernuarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Donostiako udalarekin hitzarmenak
lortu baititu.
Aktualitateak hala eskatuta soziologia saileko ikastaroan munduan zehar izan diren bake prozesu ezberdinak aztertuko dira.
Udako Euskal Unibertsitatean, ikasteaz gain antzerkiaz, musikaz eta beste zenbait ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute Miarritze eta Iruńeara hurbiltzen direnek.

Kontseiluko batzarra atzeratu da.

"Artea Ikasbide"ko lanak Guggemheinera.


UDAZKENERA ATZERATU DU KONTSEILUAK BATZARRA

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ekainaren hasierako zuzendaritza bileran 1999-2000 gestio plana onartu eta ekainaren 26an batzarra egiteko asmoa zuen. Zuzendaritzaren gehiengoak ordea aurrekontu zehaztuagoa egiteko iraila arteko astia hartu behar zela erabaki zuen; eta ondoren egingo da batzarra.


2 KATE: MUSIKA ETA
DANTZA IKUSKIZUNA

Mikel Anestesia eta Izaskun Forkadak osaturiko talde honek joan den astean kaleratu zuen «Birziklatu» izeneko lan berria. Arrasateko Shot! estudioetan grabatu eta nahasketak Katarain estudioan egin dituzte. Kaki Arkarazo izan dute teknikari lanetan eta bere ustez «nazioartean lehiatzeko adinako kalitatea duen lana da».
«Birziklatu» lan honetan rock industriala, techno, thrash eta dance music aurki daitezke.


LEKEITIOKO KALE ANTZERKIA

Euskal Herriko kale antzerki topaketarik zaharrena da eta datorren hilean 10 urte beteko ditu. Uztailaren 9, 10 eta 11n ospatuko da 10. urteurrena Lekeitioko kaleetan zehar eta Euskal Herriko nahiz kanpoko taldeek hartuko dute parte. Antzerki taldeak 16 izango dira eta emanaldiak berriz 20. Taldeen artean Basauriko Chusma taldea lehen aldiz azalduko da jendaurrean.
Aurten 5 milioi pezetako aurrekontua dute antolatzaileek Lekeitioko jaialdi hau aurrera ateratzeko, datorren urtean laguntza handiagoa izatea espero dute.


INTERNET BIDEZKO POSTGRADOAK

Eusko Ikaskuntzak mugak hautsi eta masterrak Internet bidez egiteko aukera eskaini du. Ikasketak, klaseak, jarraipena eta azterketa; dena egin daiteke Internet bidez. Iaz 43 ikasle izan zituen proiektu honek eta ikasle kopurua handitu nahi badute ere mugak jarriko dituzte, ez baitute masifikaziorik nahi.
Iazkoez gain aurten hiru master berri eskaini dituzte, Ingurugiro Zuzenbidea, Nazioarteko Merkataritza eta Europako Batasuneko Zuzenbide eta Ekonomia. Lehenengo bien matrikula 400.000 pezetakoa izango da, eta hirugarrenak 450.000 pezetako kostua izango du.


EUSKAL IRAKASLEEN ELKARTEA

Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkarteak, EIREk, jadanik aukeratu du (ekainaren 12an) estatutuak prestatuko dituen batzorde eragilea. Elkarte hau, EHUko, NUPeko, UEUko, Deustuko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Paue-Aturriko Unibertsitateak Baionan dituen zentroetako irakasleek osatu dute, 216 kide guztira. Elkartearen helburuak hiru dira: Euskal Herriko unibertsitateetan euskara garatzea, irakaskuntzan euskara normalizatzea eta euskal irakasleen arteko komunikazioa trukatzea.


ARTEA IKASBIDE

"Artea ikasbide" programan parte hartu duten haurrek eginiko lanen erakusketa ekainaren 27a arte zabalik egongo da Guggenheim museoan. Aurten 160 haur eta 10 irakaslek hartu dute parte proiektu honetan eta 500 artelanetik gora egin dituzte.

Josemari Velez de Mendizabalek honakoa esan zuen Euskal Herriko kazetaritzari buruz: «Kazetaritza aldatu egin da Euskal Herrian, alde teknikoa eta giza baliabideetan; sekulako jauzia egin du: lehen pribilejiatuek zeukaten idazteko aukera eta orain jarraipena ziurtatuta dago.»

Antton Irustak ipuingintzaren inguruan «Gara» egunkarian esan zuen: «Antzerki mundutik etorritakoei nik ez diet ipuingintzan aritzeko eskubidea ukatzen, jakina, baina uste dut ipuina kontatu baino gehiago mozorrotu egiten dutela.»

«Irutxulo» aldizkariak Maria San Gili eginiko elkarrizketa batean honela esan zuen: «Udaletxean urteak daramatzan funtzionari bati ezin zaio laugarren hizkuntz eskakizuna eskatu. Sartu behar duenak, berriz, euskaraz jakin behar du.»

Demetrio Loperena Eusko Ikaskuntzako kideak unibertsitateei buruz honela dio: «Unibertsitateak fosilizatuta daude, zaharkituak, eta Eusko Ikaskuntzak haiek ezin bete duten hutsunea bete asmo du.»

Nafarroako Gobernuak kaleetan paratzen dituen hainbat seinaletan adierazten duen euskararekiko axolagabekeria nabarmena da. Autobus geltoki batean topatutako kartela da ondokoa, eta pentsatzekoa da zonalde euskaldun nahiz mistoko guztietan ere berbera azalduko dela: «Garrioeta Comunikabide Departamentua». Irakurri duzun eran.

DANTZA
KAOTIKOAK
Juan Antonio Urbeltzek, «Gara» egunkarian eginiko elkarrizketan, besteak beste, Nafarroa Behereako dantzak aipatu ditu:
«
Kaosa da nagusi Nafarroa Behereako dantzetan, baina barne-egitura bat dute, bestela ezin liteke dantzatu».
«Gaur egun dantza produktu estetikoa da, baina Greziatik hasita, forma fisiko onean egoteko modua zen dantza; gazteek helduen mundura pasa ahal izateko egin beharreko iniziazio erritoa zen. Horregatik dantza batzuk bortitzak dira eta pauso zailak dituzte (...) Gorputza erritmoa da eta erritmo horrek markatzen du beste guztia (...) Gizarte tradizionalek memoria dute ardatz, ez dokumentu idatziak. Eta ikuste-oroimena lantzen da dantzaren bidez. Hori gordetzea ere inportantea da. (...) Edozein adin eta forma fisiko duenak dantza ditzake. Guk gizarteratzeko errazenak direnak aukeratu ditugu, ez guztiak. (...) Norbait Nafarroa Beherera badoa eta han dantzariak ikusten baditu, jakin dezala zer ari diren dantzatzen. (...) Garai hartan galduak zeuden bertakoen artean dantzak; ez zitzaizkion inori interesatzen. Eta gero etorri zen dantza horien berpiztea.»

Xabier Usabiaga
txirrindulari ohiak uda honetan ETB1ean ikusi ahal izango den «Bidaide» saioan aurkezpen lanak burutuko ditu. Saio honetan munduko animaliei, lekuei eta bidaiei buruzko dokumentalak eskainiko dira.

Josemari Velez de Mendizabalek
«Mende laurdenean» deitu duen artikulu bilduma eman du argitara. Bilduma honetan azken 25 urte hauetan politika, ekonomia, gizartea, kultura, ekologia eta beste hainbat gairen inguruan idatzitako artikuluak aurki daitezke.

Juan Luis Zabalak
hiru ipuinez osatutako «Harri barruko bihotz-borrokak» liburua argitaratu du. Liburu hau propio gazteentzat idatzitakoa da, hiru ipuinetako protagonistak gatazka politikoa hurbiletik bizi duten hiru gazte dira.

Lanez gainezka dabilkigu Koldo San Sebastian. Irailean ematekoak diren Santiago bideari buruzko erreportajea eta «Euskal Herritik» bere dokumental sorta berria ez ezik, saio berri hau ere prestatzen hasia da, non pertsonaia ezagunen bizimodua eta alderdi ezkutuak ezagutaraziko zaizkigun. Horietako bat Juanito Oiartzabal izango da

«LATE SHOW» BERRIA UDAZKENERAKO
Egitasmo ausarta ETB irailerako prestatzen ari dena; astegunero gaueko 11etatik aurrera. «Late Show» tankera hartuko duen saio honetan betiko moldeak hautsi nahi dituzte gai mamitsuak plazaratuz eta kutsu hiritarra emanez. Aurkezlea xeheki nor izango den oraindik ez badakite ere, tiradizoa izango duela xuxurlatu digute

AUDIENTZIA HOBEA «AIRBAG»ENTZAT
Txalotzekoa da ETB egiten ari den ahalegina zinema euskaraz ikusteko ohitura sortzearren. Lehengo egunean «Zine Oron» eman zen Bajo Ulloaren «Airbag» filmak aurrekoek baino harrera hobea jaso du. Hemengo ekoizpena izateak (Asegarce films) zerikusia izan du horretan. Hala ere, gazteleraz ematean baietz audientzia laukoiztu

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan