Mecapeña: Frankismotik Kvaerner-erako bidea.
Mecapeña —75 urteko historia luzea duela— alemaniar jatorriko familia frankista baten eskuetatik botere-guneekin harreman onak zituen euskal exekutibo talde baten eskuetara pasatu zen. Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu ohi Jesus Lobo da gaur egungo lehendakariordea. 80ko hamarkadako ekonomia eta industri krisialdi bete-betean, egoitza soziala Bilbon zuen High Tech elkartea sortu zuen Lobok, Pedro Abasolo eta beste euskal enpresari batzuekin batera. Krisiak bide bazterrean utzitako porrot industrialak kudeatzeko elkartea zen High Tech.
Elkarte bilbotarrak Mecapeñaren ardura hartu zuen 1985ean, ordainketa etenaldi iskanbilatsu baten ostean, eta pezeta baten truke baino ez. Primeran atera zitzaion operazioa enpresari talde hari, 1996an High Tech-ek Kvaerner multinazionalari saldu baitzion Mecapeñaren % 55. Prezioa? Ez da sekula argitara eman, baina badago 1.000 milioi pezeta (40 milioi libera) baino gehiago izan zenaren susmorik.
Mecapeñak hilabete luze darama ordainketa etenaldian, 24.600 milioi pezetako pasibo edo zor galdagarriaz. Zor horretatik, hornitzaileei 14.350 milioi dagozkie, finantza-instituzioei 8.050 eta beste 2.200 Gizarte Segurantza eta Foru Ogasunari. 450 pertsonako plantila batekin, 25.000 milioi pezeta inguru fakturatu eta 4.000 milioi pezetako galerak izan zituen Mecapeñak 1998an.
Hondamendia ikusirik, Kvaerner multinazional anglonorvegiarrak High Tech-eko bazkideei leporatu die enpresaren porrotaren erantzukizuna eta Mecapeña bere kabuz ez dutela berfinantzatuko adierazi dute, banketxeek mailegu berriak emateko eskatzen duten baldintza, hain zuzen
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.