Gasteizen Alonsok bete du PPren ametsa
Jose Anjel Cuerdak Arabako hiruburuan erakarmen pertsonal handia zuela denok genekien. Alkate zaharra erretiratu da ordea eta hori larrutik pagatu dute Gasteizko EAJ eta EAk. Bi alderdiak bereizirik joanda duela lau urte jelkideei botoa eman zieten guztiak ez ditu bildu Maria Jesus Agirre hautagai berriak.
Gasteizko emaitzek atera diote Carlos Iturgaizi irrifarre zabala aurpegira. Esan liteke PPk bildu dituela EAEko hiriburu administratiboan bai EAJ-EAko botoak, eta baita batez ere UAkoak. Gasteizko bederatzi zinegotziak ditu kartarik ederrena PPk, Hegoalde osoan zehar hamabost egunotan egongo diren negoziaketetarako.
EHk ere igoera oso inportantea egin du hemen, batik bat botuak ia bi halakotuz. Azken urteotan, ia marjinaltasunera eroria zegoen, IUren eta batik bat UAren atzetik. Orain, joko munizipalean posizio hobea izateaz gain, hiru zinegotzi horiekin lautadako hiriburuak EAEko gainerako herrien antza handiagoa hartzen du.
Eta tartean, sozialistak. Ondo etorri zaie duela bi urte Cuerdak pikutara bidali izana. Botutan eta kontzejaletan igota, eta UAk hartu duen muturrekoarekin —eta hainbeste interes ondo josi nahiak zorabiarazten ez badu— edozein kinielatan zeinu aldaezina izatea amets duen alderdia hemen primerako egoeran ageri da
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.