BW: UCD, PSOE eta PPren eskutik
Babcock Wilcox enpresa pribatua izatetik enpresa publiko izatera igaro da azken 30 urteotan, UCD, PSOE eta PPren eskutik. Ekipo-ondasun alorrean puntakoa den enpresa honek egoera desberdin ugari bizi izan du. 70eko hamarkadan, 10.000 langile inguru zuela, garaiko ordainketa etendurarik handienetakoa burutu zuen, baina diru publikoari esker zorrak kitatzea lortu zuen, 52 urtetik gorako langileen erretiratzearen bidez plantila murrizten zuen heinean. 70eko hamarkadaren azken urte haietan, industri birmoldaketari aldez aurretiko erretiratzeen bidez aurre egin zion Espainiako lehen enpresa izan zen Babcock Wilcox, diru publikoaz egin bazuen ere.
PSOEren agintaldietan, enpresa honek bestelako arazo eta erronkak izan zituen eta zenbait enpresa eta elkarte berri sortuz, hedapen sendoa izan zuen sektore anitzetan. PSOEren agintaldiko azken urteetan etekinak izatera ere iritsi zen, baina negozioak behea jo zuen berriro ere. Epaitegietan jarraitzen du oraindik PSOEko Manuel Garcia Fernandez enpresa batzordeko kide izatetik enpresako lehendakari izatera igaro zeneko ustelkeria kasuak.
Gaur egun, 1.200 langileko plantilarekin, aldez aurretiko erretiratzeak egiten jarraitzen dute eta murrizketa berri bati ekiteko asmoa ere gauza liteke, 600 langileko plantila lortzeko helburuarekin. 41.000 milioi pezetako (1.640 milioi libera) kapital zabalkuntza iragarri da dagoeneko; bertatik 16.000 milioi berregituraketa prozesuak kalteturiko langileentzako pentsio-fondo batera bideratuko lirateke. Ondorioz, milaka eta milaka milioi pezeta izan dira urteetan zehar altxor publikotik atera eta enpresa horren plantila hain zorrozki murrizteko erabili direnak, 70eko hamarkadako 10.000 langileetatik hasi eta orain izan nahi dituzten 600era iritsi arte.
UCD eta PSOEk BW sektore publikoaren baitan gorde bazuten ere, PP enpresa berpizteko diru publikoa prestatzen ari da multinazionalen bati saltzeko asmoz. Une hauetan SEPI Stein Muller eta Mc Dermott multinazionalekin hitz egiten ari da, baina badirudi azken honek irabazle suertatzeko aukera gehiago duela
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.