Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-06-20 -- 1720.zenb

ARGAZKI POLITIKO BERRIA HEGOALDEKO UDALETAN

Pello Zubiria

Bere militanteek ere ez zituzten espero Euskal Herritarrok-ek igandean eskuratutako emaitzak. Ezker abertzaleak historian lortu duen boto kopururik handiena, Hernani, Arrasate eta Ondarroako udalak berreskuratu eta Tolosa, Andoain, Pasaia, Astigarraga eta beste hainbatetan nagusitzea, europarlamentari bat irabaztea, Iruñean bigarren indar... Ametsak egia bihurtuta, hitz bitan.
EHkoen pozaren ia parekoa PPko buruzagiek azaldu dute ondoko orduetan, eta erreazionatzen pittin bat gehiago kosta bazaie ere PSEkoek ere bai. Kontserbadoreek Lizarrako trena betirako gelditu dela uste dute, eta sozialistek berriz berak direla EAEko edozein gobernabilitatetarako erabakiorrak.
Tristeago zeuden Nafarroako sozialistak: Espainia mailan PPkoei hurbildu izanak ere ez die goxatu Nafarroan jasandako jipoia. Are ilunago geratu dira Unidad Alavesakoak (beren mezu antiabertzalearen emaitzak PPkoek ohostuta) eta batik bat Izquierda Unidakoak. Hemen marjinaltasunera bazterturik geratu dira.


DENAK JELKIDEEI BEGIRA.

Ez du funtzionatu EAJ-EA koalizioak, Nafarroan salbu. Orohar, hauteskunde autonomikoetatik botuak galdu dituzte, zenbait herritan boto disziplina errespetatu ez den irudipena dago... Gisa honetako koalizioak nonbait funtzionatzekotan herrietan erakutsi behar du, militanteen arteko saminduren gainetik ilusioa piztuaraziz. Hor arazoak daudela iduri luke, baita herritarrek operazio hori ulertu eta baloratzerakoan ere. EAJ-EA bikoteak segitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan indar nagusi izaten, eta Nafarroan koalizioak fruitu onak eman dizkie gainera. Baina bi alderdien harremanetan zirt edo zart egiteko eguna gainean dela dirudi.
Eta ororen buru, udazkenean EAEn burutu ziren autonomikoen ondoren, Hegoalde osoaren argazki berria —oso koloretsua— finkaturik gelditu da. Eta Ajuria-Eneako itunaren urte ilunetan «demokratak-biolentoak» etiketatzearen ondorenek lausotu zuten irudia nagusitu da berriro euskal politikagintzan: lau alderdi nagusi, bi abertzale eta bi espainol, ezker eta eskuin, herrika eta lurraldeka oso banaketa ezberdina dutenak. EHk jaso du ETAren treguaren eta aldaketa estrategikoaren uzta. Baina hemendik aurrera biak (ETAren borroka armatua batik bat) historiaren kontuak dira, eta eguneroko politikagintza eta gestioak emango dizkio sariak, edo IUk jaso duena bezalako muturrekoak. PP erakunde lokaletan behingoz homologaturik gelditu da, Araba eta batik bat Gasteizen nagusitasuna garbi lortuta. Eta sozialistek jelkideen ondoan historian zehar jokatu duten papera berreskuratu dutela uste dute, Espainian lortu dituzten emaitzak eta gurean eskuratu dituztenak neurtuta. Eta erdian, frankismoaren azken urteetan izan zuen ilunaldiaren ondoren, azken hogei urteotan eduki duen paper zentrala jokatzen, beti bezala EAJ eta EA. Botere kontuetan ongi mugitzeko jokatu behar dituen kartak daude batetik, eta 97tik hona bake eta naziogintzan egindako hautu estrategikoak bestetik. Erabaki garrantzizkoak hartu beharko dituzte jelkideek datozen egunetan, baina tresnak ere inork baino hobeak dituzte edozein erabaki hartzeko.
Gau berean, politikari bati Euskal Herriaren independentzia gainean dugula entzun zion herritarrak eta beste bati aldiz Lizarrako trena geldirik zela betirako. Udal eta foru agintariek erabakiko dute etorkizuna beren lanarekin

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan