Antzerki Eskola edota Planetariuma hainbat ikuskizunen egoitza bihurtu dira. Egitasmo erraldoi bat du ordea hiriak datozen urteetarako: Biltzar eta Auditorium Jauregia.
Hiri baten kulturaren arrastoan ibiltzeak bide aunitzen barrena aztertzea esan nahi du; Iruñekoan ere antzeko zerbait gertatzen da. Museoak bagenitu mintzagai, Nafarroako Museoa izanen genuke derrigorrezko aipamena. Santo Domingo karrika aldapatsuan kokatua, entzierro entzutetsua bera hasten den tarte berdinean, bakarra da Iruñean erakuslehio iraunkorrei dagokienez. Herrialdearen aitzinhistoriaren aztarnak pilatzen ditu, zutabe zein margoak, aurretik Misericordia eritetxea izandako honek. 1990 urtean moldatu zuen bere aurpegia, ateak berriz ere zabalduz, eta 30.000 lagun inguru izaten ditu urtero, batez bertze. Behin-behineko erakusketak ere izan ohi dira bertan. 2001 urtean euroa gailenduko dela gainontzeko europar monetekiko... bada txanponaren eboluzioa agertuko duen erakusketa erraldoia prest dute hurrengo urterako, diru hotsaren lehendabiziko xuxurlatik, hil zorian dagoen pezetaraino. Alta, arte garaikidearen adierazgarriak inguratuko dituen bertze pinakoteka beharrezkoa dela gero eta zurrunago aditzen den kontua da Iruñean.
Musika, zinea, antzerkia; kulturaren ibilian bertze hiru ubide ditugu. Hirugarrenean eginen dugu geldialdia, antzerkiaren baitan Iruñeak duen aukera ez baita makala, inolaz ere. Auzoetako kultur etxe ezberdinetan antolatzen den agerraldi saila aipamenik utzi gabe, Gaiarre Antzokia eta Nafarroako Antzerki Eskolaren taula nabarmentzen dira. Urteak 365 egun baldin baditu, iazko 272 egunetan ikuskizun bat bazegoen dastatzeko, batean ala bertzean, Karlos III.a karrikan ala San Agustin kalearen bazterrean.
Datuak datu, 1998 urteko abuztua bitarte Gaiarre Antzokia esku pribatuetan egon zen, orduan erabaki baitzuen Udalak bere gain hartzea. Orduz geroztik, bertan taularatu diren 116 ikuskizunetara 40.986 lagun bildu dira. Ur Teatro, La Fura dels Baus edota Els Joglars bezalako taldeak izan dira. Bertako muntaiei ere lekua egin zaie, Jose Maria Ansin antzezle iruindarraren «El Misterio Bufo» bakarsolasa kasurako. Zarrapastra taldeak ere bertan erakutsi zuen «Zorongo» antzezlana.
Nafarroako Antzerki Eskolari dagokionez, 106 deialdi luzatu zituen eta 33.152 ikuslek erantzun zuten. Betiko moduan, euskarazko antzezlanen inguruko saioaldi bereziak antolatu zituzten bertan. Horrela, Ados Teatroren «Desperrados» eta Ttanttaka taldearen «Dakota» euskarazko emanaldiak ikusteko aukera izan zen. Berez eskola izaki, eskaintza berezia egin ohi diete etxeko ekoizpenei.
Biltzar eta Auditorium Jauregia
Planetarium
![]() |
|
||||
1719 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa