Magila etxean eta bizirik
Jose Antonio Fernandez Hernando, Magila ezizenekoa, santurtziar preso politiko bat da. 1983an atxilotu, basatiki torturatu eta espetxeratua izan zen. Geroztik kartzela askotan egon da, denboraldi luze-luzeak isolamendu gorrian. Egun, Puerto de Santa Marian daukate, nahiz eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituenez kalean egon beharko lukeen. Magilak hepatitis C aurreratua pairatzen du, zirrosi —gibeleko minbizia— bilakatzeko arriskupean, 1996ko abenduan diagnostikatua. Hilabete asko igaro behar izan zuen Kadizko medikuak egokitu zion tratamendua jaso eta egin beharreko probak egin barik. Urtebeteko tratamendua jasoa, bertan behera utzi zuten eta, ondorioz, birusa berpiztu egin zen. Tratamenduaren bigarren fase bat egokitu zioten medikuek, baina ez du jaso. Tratamendurik gabeko lau hilabete igarota, aurtengo urtarrilean, Magilak Euskal Herrira ekar zezaten eskatu zien Kartzelen Zuzendaritzari zein Kartzela-Zaintzako epaileari, Osakidetzako eta Basurtoko medikuen laguntza jasotzearren; baina, epaileak otsailean ezetsi zuen eskaera, argudiatuz Basurton ere ez zuela jasoko tratamendua, Osasun ministerioak oraindik ez duelako onartu.
Orain dela gutxi ikusi behar izan dugu zelan beste preso politiko bat espetxetik atera duten gaixotasun bereaz kalean hil dadin. Espainiako gobernuaren honelako jokamolde arbitrarioa, bere legediari trufa egitea ezezik, gizagabekeria itzela da, berak ezarritako espetxe baldintza ankerrek (isolamendua, tratu txarrak, irainak, urrunketa,...) eta zentzugabeek eragin ukaezin eta handia izan baitute Magilari eritasun hau sorraraztean; defendabide gabeko gizaki bati, inpunitate osoaz, bizimodu jasangaitza ezarriz, izatez heriotz-zigor izenda genezakeena. Eta gainera, pairamen honen ondorio latzak presoaren senitartekoei ere bizkarreratuz, amaigabeko estuasun eta samina erdietsiz. Are ulergaitz bezain deitoragarria da gobernuaren jarrera bihozgabe hau Euskal Herrian benetako bake iraunkor bat lortzeko gauden egoera esperantzagarrian, alderdi batek bakeari aukera eman dion bitartean, beste alderdia, gobernuarena eta laguntzen dutenena, egoera tinkatzen eta indarkeria areagotzen ari baita, zeharo irrazionalki.
Den-denoi dagokigu —alderdi politiko, erakunde zein hiritarroi— ardura handia bai Magilaren pairamen amaiarazten zein bakea behin betiko lortzeko, bakoitzak egoki deritzon legez bete behar duena. Magilaren alde egitea, Bakearen alde egitea, geronen buruen alde, geure giza-duintasunaren alde egitea baita.
IÑAKI KASARES
SANTURTZI (BIZKAIA)