HISTORIA DE UN RAPTO
Jose Antonio Azpiazu
Erein
174 orrialde
1.850 pta.
Duela bi urte «Esclavos y traficantes» izeneko lanean euskaldunek ere esklabu merkatuan euren tokia izan zutela erakutsi ondoren, XVI. mendean gertaturiko bahiketa bat jaso du Jose Antonio Azpiazu legazpiarrak. Pedro Idiakezek Isabel Lobiano bahitu zuenekoa —edo Isabelek bere borondatez ihes egin zuzenekoa— xehetasunez kontatzen du egileak Erein argitaletxeko Encrucijadas saila irekitzen duen lehen liburu honetan, eta batek baino gehiagok euskal Romeo eta Julieta bezala bataiatu du bikotea. Baina, bahiketa edo ihesaldia aitzakiatzat hartuz, Azpiazuk garai horretako euskal gizartearen irudi garbia ere eskaintzen digu. Testuaren osagarri, Julen Zabaletak hainbat irudi burutu du
HOGEIGARREN MENDEKO GERTAERA NAGUSIAK
Gaiak
187 orrialde
Milurtea eta, beraz, mendea amaitzear dela, badirudi atzera begiratu eta errepaso egiteko garaia iritsi dela. Gaiak argitaletxeak, apurka Oinarrizko Liburutegia osatuz, bere errepasoa kalean jarri berri du. Izenburuak dion bezala, azken ehun urtetan jazotakoa laburbildu dute liburuan. I eta II. Mundu Gerrak, Errusiar Iraultza, Espainiako Gerra Zibila, Gerra Hotza... mendeko gertaera politiko nagusiak jaso dituzte. Mendebaldeaz gain, Gaiak etxeko kideek gainerako kontinenteei ere euren garrantzia eman diete lan honetan. Gainera, gertakari politikoetatik at, kulturak, zientziak, teknologiak... ere euren tokia dute. Testua hainbat kronologia, koadro eta irudiz hornitu dute
LITERATURAREN IBILBIDEA
Donostia Kultura
71 orrialde
Donostiako liburutegi Nagusiak argitalpen berezia jarri du kalean. Hainbat idazleren biografia laburrak eta testu zatiak jaso dituzte liburuxka batean: Bilintx, Xalbador, Kanpion, Mitxelena, Cervantes, Unamuno, Lizardi, Etxepare, Lorca, Txirrita, Axular... Horiek guztiak, ordea, modu berezian bildu dituzte; aipatutako idazle guztiek euren izenez bataiaturiko kale, plaza edo hiribidea dute Donostian. Horrela, auzo desberdinen arabera sailkatu dituzte testuok, azken emaitza bitxia lortuz: Gipuzkoako hiriburuko kaleetan zehar hainbat ibilbidea eskaintzeaz gain, euskal zein kanpoko literaturan hainbat ibilibide labur jartzen zaizkio eskura irakurleari
RIEV
43. zenbakia
Eusko Ikaskuntza
308 orrialde
2.300 pta.
Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkaria (RIEV) guztiz eraberriturik dator azken ale honetan. Aldizkariaren egoitza Iruñean kokatu dute eta Gregorio Monrealen zuzendaritzapean izango da hemendik aurrera. Euskal Herrian buruturiko doktore tesiei toki egingo die argitalpen eraberrituak, baita liburu erreseina eta Eusko Ikaskuntzaren inguruko berriei ere. Tribuna izeneko atala monografikoa izango da aurrerantzean. Oraingoan «Amerika eta Euskaldunak» hautatu dute gai nagusi bezala. Hainbat adituk (Jose Angel Ascunce, Emilio Palacios, Luis de Llera, Gorka Aulestia...) euskal kultur eta pentsamoldeak Ameriketan izan duen eragina aztertzen du bertan
KABLEA ATAUNEN
Lourdes Altuna
Ataungo Udala
308 orrialde
Bigarren Ataun Aztergai Beka jaso zuen Lourdes Altunak lan hau osatzeko. Ataunek duen orografia bereziaren ondorioz, bertako hainbat baserritara belarra ekartzeko kablea erabiltzen zen garai batean (egun oraindik ere zenbait baserrietan teknika hau mantentzen da). Ia berrehun kableren ezaugarriak aztertu ditu egileak inbentario zabala osatuz: kable bakoitzaren historia, mota, elementuak, luzera, egungo egoera eta beste hainbat alderdi zehazten dira liburu honetan. Gainera, kableen kokapen plano bat, gaiaren inguruko hizkera eta terminologia, kableen egile eta erabiltzaileekin elkarrizketa eta hainbat argazki ere jaso ditu Altunak. Galtzen ari den teknika berezi baten testigantza da, beraz, ataundarrak eskaintzen duena
HATSAREN POESIA
Askoren artean
Hatsa Elkartea
183 orrialde
Senpereko Hatsa Elkarteak berrogei egileren olerkiak bildu ditu liburu honetan. Eneritz Abruzaren lanetatik hasi eta Amaia Zubiriaren poemetara bitarte, hainbat eta hainbat izen ezagun eta ez hain ezagun topatuko ditu irakurleak. Izan ere, bertan dira Itxaro Borda, Jose Luis Otamendi, JosAnton Artze bezalako olerkariak, hainbat poesia lan argitaratuak dituztenak. Badira, bestalde, kantari bezala ezagunak direnak, edota prosan nabarmendu direnak. Eta badira, gainera, euren bizitzan poesia gutxi idatzi eta oraino inoiz argitaratu ez dutenak. Guztien lanak biltzea du xede liburu honek
NAZIO BERRIA
Eneko Labegerie
Elkarlanean
2.150 pta.
Michel Labegerie aitaren pausuak jarraituz Eneko Labegeriek ere badu euskal musika munduan zer esanik. Hau bere lehen bakarkako diskoa izanik ere, lehenago Guk taldea zenaren partaide izana da Eneko.
Oraingoan hamaika abestiz osatu du «Nazio berria» izeneko lan luzea. Bereak ditu ia doinu guztiak —aitarena den «Nafarra» kantua ezik— eta hitzei dagokienez ere, askok Eneko bera dute egile, Junes Casenave, Beñat Sarasola, Joanes Borda eta Eneko Bidegainekin batera. Urte hasieran Ustaritzeko Apezenean buruturiko grabaketetan ere Labegerie bera izan zen tekniko lanetan.
Hala ere, ez da bakarrik aritu eta diskoa osatzeko orduan izan du inguruan laguntzailerik. Horien artean ezin Xabi Peryren lana aipatu gabe utzi. Bera aritu baita moldaketa lanetan eta gitarran, baxuan, teklatuetan eta perkusioan laguntzaile izan du Labegeriek. Nat Cazenavek ere gitarra eta baxuarekin jardun du; Nichola Subrechicot teklatu eta pianoan aritu da, Michel Claudio mandolinarekin, Gotzon Maroteaux perkusioan eta, azkenik, Xabier Zeberio bibolinarekin.
«Hegoan iluna», «Herria», «Haizeak darama», «Askatasuna», «Nazio berria»... hauek guztiek aberria, disko honetako gai nagusia, dute hizpide. Maitasuna ere topa daiteke Enekoren hitzetan «Ametsaren lillurak» abestian, kasu. Doinuetan berriz tradizioa eta soiltasuna dira nagusi