Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-06-06 -- 1718.zenb

Beñat Doxandabaratz

Audientzia da hitz majikoa; komunikabide guztiak haren morroi bihurtu dituena. Batetik, audientzia orokorra dugu, hau da, telebistari begira ari diren ehun lagunetik hainbestek zer ikusi duten, pastelaren zein zati jan duten, alegia. Eta bestetik, «share» delakoa, nolabait esatearren, ordu horretan zenbateko pastela dagoen zatitzeko jakinarazten duena; ez baita gauza bera saio bat gaueko 11:00etan edo goizeko 10:00etan ematea. Horren neurketa egiteko bi sistema ezberdin erabiltzen dira: EGM eta CIES tradizionalak, eta SOFRES berritzailea.


ETXEZ ETXE GALDEZKA.

Helburua aski makurra da: komunikabide guztiak bildu eta norbaiti eskatu neurtu ditzala, ahal den objetibotasun handienarekin. Ezin zaionez mundu guztiari galdegin, metodo soziologiko bat erabiltzen da; ikerketa modura multzo bat hartu eta haien erantzunekin lagin bat ateratzen da. Laginak oso ongi aukeratu behar dira, ondoren gizarte osoaren adirazgarri izango baitira.
Atzera eginez, duela 30 urte «EGM» (Estudio General de Medios) delakoa sortu zuten; berriki «AIMC» (Asociación para la Investigación de los Medios de Comunicación) izena jarri diote. Telebista, irrati eta egunkari garrantzitsuenen neurketa egiten du, urtean hiru aldiz galdetuta. Zenbat jendek irakurtzen duen prentsa, ze egunkari, ze irrati, eta ze telesaio ikusten dituen (hastapenean TVE baino ez zen). Gaur egun, inkesta etxez etxe egiten segitzen dute. Urteen poderioz aldizkari eta gehigarriak ere inkestetan sartzen joan dira eta, azkenaldian, internet ere erantsi zaio. Lortzen diren emaitzak, programazioa finkatzeko ez ezik, iragarkiak non sartu erabakitzeko ere erabiltzen dituzte publizitate agentziek. Dirua non jarri? ze mediotan? ze ordutan? Nahiz eta hasieran metodo fidagarria zen, egun hainbestekoa da «zapping»a eta kanal uholdea non jendeak arazoak dauzkan bart zer ikusi duen gogoratzeko. Gainerakoan, metodo objektiboa da, komunikabideen eraginetik at dagoena.


CIES URTEAN BITAN.

ETBren sorrerak ordea, neurketa molde berri bat abiarazi zuen; Euskal Herrirako soilik. Halaxe, 1984ean, Eusko Jaurlaritzarekin bat eginik, telebista eta prentsa idatziko buruek, baita iragarleek ere, «CIES» (Centro de Investigación y Estudios Sociales), Iruñeko Ikerketa Institutuari aipatu lana burutzea proposatu zioten. Halatan, «EGM»ren osagarri gisa eta sistema bera erabiliz, neurketa urtean bi aldiz egiten badu ere, «CIES»eko datuak «EGM»koak baino fidagarriago izaten dira, hedadura nazionala duten telebista eta irratien mesedetan jokatzen baitu azken honek.


ANONIMATOA ZAINDUZ.

Audimetriaren agerpenak telebista mundua aldarazi du. Telebistarako bakarrik balio duen arren, sakona bezain zehatza da. Estatu Batuetako sistema hau 1987an hemen ezarri zen «SOFRES»en eskutik. Audimetro honen bidez egunez egun eta minutuz minutu etxeetan zer ikusten ari diren eta kanal aldaketa guztiak adierazten dira, egunero gainera. Inkestak egin ordez, galdera xinple hau botatzen zaie: utziko al diguzu zure etxean tresna hau jartzen? Zuhurtziaz jokatzen da baina, une oro audimetroa dutenen anonimatoa zainduz. Normalean, aparagailuak etxe batean bost urte baino gehiago ez ditu ematen.
Audimetroak Euskal Herriko 301 etxeetan daude banatuta, 275 EAE-n eta 26 Nafarroan. Arreta handiz hautatu behar bada ere, agerian utzi da metodo hau ere baliagarria dela. Xede taldea osatzeko biztanlegoaren ezaugarriak oso kontuan hartu behar dira, hala nola: klase soziala, lan-mota, zenbat haur dauden, zenbat telebista eta bideo. Beraz, hamaika aldagai daude lagin horren osaketan telebistaren kontsumoan eragin zuzena dutenak. Hemen gainera, hizkuntzaren berezitasuna daukagu. Ikusleen % 30 euskalduna da eta% 10 ia euskalduna. Gipuzkoan euskaldun gehiago baldin badago, aldagai horien araberako aukeraketa egiten dute 860 laguneko multzoa lortu arte. Horren kariaz, esan behar ETB 1 egiten zaion kritika gogorregia izaten dela, telebista ikusten duen % 30 horren ikus moldeak soilik epaitzen ari baitira. Oztopoak oztopo, hedabide askok nahi lukete euskaldunek «Euskadi Irratia» eta «ETB 1»ekiko duten atxikimendua ukaitea.
Halaber, etekin handiagoa ateratzearren, audimetroak beste zenbait aldagai ere neurtzen ditu. Izan ere, publizistek telejaleez gehiago jakin nahi izaten dute: nortzuk ikusten duten, emakume edo gizonezkoa ote den, gaztea ala heldua. Hori dela eta, agingailu bat ematen zaie, zeinaren bidez telebista nor ikusten ari den adieraziko duten, beti ere botoiak sakatuz. Esaterako, amak 1 zenbakia badu, senarrak 2., alabak 3., eta abar. Behin bilduta, datuok telefono bidez goizeko ordubi t' erdietan Madrila bidaltzen dira. Horren ildotik aipa dezagun telebista eta publizitate agentziek helburu kontrajarriak dituztela. Telebistari interesatzen zaio bere saioak asko ikusten direla esatea; besteek berriz, iragarki gutxi ikusten direla diote horrela publizitatea merkeago atera dakien. Halaz ere, azkenean ados jartzen dira. Bestalde, audimetroak zernahi jakiteko ere balio du, supermerkatu batek erosketa ohiturei buruzko inkesta bat egin dezan, eta abar.
Konparazioa egin, zenbateraino aldatuko litzateke egunkarien mamia irakurleen ohiturak zehazki jakiterik balego? Alegia, zenbat denbora eskaintzen dion artikulu bakoitzari, ea osorik irakurtzen duen, noraino, zein orrialdetara jotzen duen maizen, artikulu hau ez zuen inork irakurri jakiteko, eta abar.


KOMISARIOA ZELATAN.

Susmo txarrik egon ez dadin eta komunikabideek eskaturik, «AIMC» elkarteak «SOFRES»ek egiten duen lana kanpotik «egiaztatzen» du. Gisa honetan, telefono dei baten bidez ikusleei hainbat galdera egiten zaie, ea telebista pizturik dagoen, ze saio eta nortzuk ari diren ikusten, informatiboetan gehien ikusten diren gaiak zeintzuk diren, film gogokoenak, eta abar. Informazio kontrastatu horrekin ondorioak aise ateratzen ahal dira. Eta aldiro baieztatzen da «SOFRES»eko datuek % 95eko fidagarritasuna dutela. Antza, audimetroa duen jendeak ardura hori hartzen du, bete betean gainera. Ordainetan, noski, ez dute nonbait dirurik jasotzen, opari majoak baizik. Ez dakigu ze motakoak, baina, onak behar dute izan, derrigor

Joxemi Saizar

Durangoren itzala ordea, handiegia zen eta aurtengoan udaberriak zabaldu dizkie ateak51 argitaletxeri. Horietarik 20 Iparraldekoak dira eta 16 pedagogiari lotutakoak.
guztia irakurri

Beñat Doxandabaratz

Momentuz eguerditik ordubiak arte emititzen ari dira, FMko 107.0an.
guztia irakurri

Amaia Olano

aldizkaria kaleratzen hasi zen. Orain, 30 lagunetik gora ari dira astekari bihurtu den agerkarian lanean. Euskara elkarteak ere izen bera du eta Interneten estreinatu dira aurten.
guztia irakurri

Xabier Letona

dira. Udal hauteskundeak, Batzar Nagusiak, Nafarroako Legebiltzarra eta Europako Legebiltzarra. Guztia EAJ, EA eta EHk sinatutako akordioaren itzalpean.
guztia irakurri

Goretti Rodriguez

irakasle eta gainerako laguntzaileen ahaleginari esker lortutako dirulaguntza Batxilergo eta Lanbide Heziketako Ibaizabal Ikastola prestatzeko izango dira. Aurrekontua ez da kezka bakarra; ikastolako gazteek gaztelerarako joera dute eta jarrera hori saihestu nahi dute.
guztia irakurri

Goretti Rodriguez

portzentaiek behera egiten dute. Ezagutza bai, baina erabilera hanka motz geratzen da.Egoerak okerrera egin ez dezan, Abizuri euskaltegiak eta Barriketan elkarteak egitasmo anitzdute esku artean. Bestalde, herrian A hizkuntz eredua desagertzear da eskoletan.
guztia irakurri

Goretti Rodriguez

presentzia handia baitu eraikinetan eta baita zoruan ere. Arkitektura aldetik erakargarritasuna izateaz gain, kulturak ere badu indarrik herrian. Eta baita umoreak ere, elorriotarrak alaiak direnaren hotsa bada, eta «Txantxibiri» abestiak hala adierazten du.
guztia irakurri

Aitor Bengoa

1972. urtean Stockholm-em Nazio Batuen Giza Inguruneari buruzko konferentziakaldarrikatu zuen egun hau eta urtero ekainaren 5ean ospatzen da.
guztia irakurri

Beñat Doxandabaratz

Donibane-Lohizunen gertatu zen istorio hau. Garai hartan, batez ere arrantzale herria zen. Eta bertan, egunero, kalez-kale, arrainak saltzen neskatila gazte bat ibiltzen zen: Kattalin Txiki; arrantzale zahar baten alaba, neskatila azkarra eta arina. Baina bazuen ezaugarri nabarmen bat: txikiegia zen. Bere ustez, oso txikia. Bazuen, beraz, txiki konplexua. Eta horrek min handia ematen zion bihotzean. Aspalditik zuen pentsatua gizon handi batekin ezkontzea, horrela seme alabak ere luzeak sortuko zitzaizkion itxaropenez. Aitaren itsasuntzian zebilen Jesus Apur izeneko arrantzaleari ez zion inoiz jaramonik egin, bera bezain txikitxoa baitzen. Jesus zeharo maiteminduta zegoen berarekin. Biek antzeko tamaina zutenez, elkarri laguntzeko eta elkar ulertzeko modu ona zutela iruditzen zitzaion. Kattalin Txikiri aitaren itsasuntzian zebilen beste arrantzale bat gustatzen zitzaion: Juantxo Argala. Hura mutil luzea! Nolako gogoetak egiten zituen Kattalin Txikik Juantxo Argalarekin! Baina egun batean. Isabela Lizarrarekin jarri zen senargai eta Kattalin Txikiren ametsak pikutara joan ziren. Orduan Kattalin Txikik eskutitz bat igorri zion Altzoko Erraldoiari, ea berarekin ezkondu nahi ote zuen galdetzeko. Baina Erraldoiak beste eskutitz batez erantzun zion. Letra handiz eta estalki galantaren barruan, hauxe idatzi zion:

«Eskerrik asko, neskatxa, zure eskaintzagatik. Ez dut uste ordea, betirako uztartzeko erabakia inoiz hartuko dudanik
». Erraldoiaren erantzunak oso betilun utzi zuen Kattalin Txiki eta, etxeko leihoan negarrez ari zelarik, handik suertatu zen Pospolo Farolo, herriko mozkorrik handiena. Neskatxa hain goibel ikusirik hala galdetu zion:

«Zer gertatzen zain, Kattalin Txiki?» «Gizon garai eta luze batekin ezkondu nahi dudala. Baina horrelako inork ez du nirekin ezkondu nahi». «Ezkont hadi ba nirekin!»
Kattalin Txikik bazekien ongi Pospolo Farolo kupel ustela zela, baina begiratu batean jabetu zen oso altuera handia zuela. Eta barruko irrikiak bultzaturik, bapatean baietz esan zion. Pospolo Farolok, orduan, eragozpen bat gogorarazi zion:

«Ezkontzeko, baina, etxea eta gauza asko beharko ditugu. Eta nik dirurik ez daukat». «Ez dio axolarik»
erantzun zion Kattalin Txikik eta, berehalako batean, gelatik ekarri zituen bere aurrezki guztiak eta Pospolo Farolori eman. Harek diru haietxen bitartez, mozkorraldi luzea igaro zuen eta hiru hilabeteetan ez zen berriro herrian agertu. Itzuli zenean, ez zuen sakelean sosik. Ezta buruan oroitzapenik ere. Kattalin Txiki etsita zegoen. Jesus Apurrek laster jakin zuen Kattalin Txikiri jazotakoa. Joan zitzaion eta honela esan zion:
«

Kattalin Txiki, badakit ez nauzula maite, epotxa bezain motza naizelako. Baina nik zu bihotzez maite zaitudanez, har itzazu nire bizitza guztiko aurrezkiak. Horiekin agian beste gizon luze batekin ezkonduko zara eta zoriontsu izango. Eta zu pozik ikustean, ni ere zoriontsu izango naiz, bihotzak negar egingo badit ere».
Hitz horiek entzutean, Kattalin Txiki konturatu zen zein bihotz zabala zen Jesus Apur, eta benetan gizon maitagarria zela. Eta senargaitzat hartzea erabaki zuen. Denbora asko baino lehen ezkondu egin ziren eta zoriontsu bizi. Geroztik, Kattalin Txikiri honela kantatzen zioten karriketan arrainak saltzen ibiltzen zenean:

«Kattalin Txiki Txiki, Kattalin arina, Nola epotxarekin ezkondu zara ba?»
Eta berak umore onez, era honetan erantzuten zien:

«Emaztea da motza, senarra epotxa, elkarturik bihotzak, hau da gure poza!».

BALLETA IZATEKO SORTUA.

Ipuina Jose Inazio Ansorenak sortu zuen duela hamalau bat urte. Garai hartan, «Txirri, Mirri eta Txiribiton» pailazoak «Don Don Kikilikon» saioa egiten hasi ziren ETBn. Eta bertako Amona Martxelonen ipuinak atalerako idatzi zuen kontakizuna. Urte batzuk geroxeago, Tomas Aragües eta Ansorenak Donostiako Kontserbatorioan elkarrekin lan egiten zutela, Ipuin Sinfonikoen Lehiaketa baterako deialdia egin zuen Eusko Jaurlaritzak. Bien artean hitz egin ondoren, ipuintxoa eraberritu eta Aragüesek musikatzea erabaki zuten Ballet tankera har zezan. Kontuak kontu, lehiaketa hartan Txotxongiloren «Erreka Mari» obra garaile gertatu eta Victoria Eugenia antzokian estreinatu zuten. «Kattalin txiki» ordea, bigarren geratu zen. Orain baina, iritsi zaio txanda. Eta, ballet itxuran eskaini beharrean, irabazi zioten berberek egin dute antzezpena.


HARIZKO TXOTXONGILOAK.

Duela hogeita zortzi urte Manolo Gomez eta Enkarni Genua senar emazteak «Txotxongilo» taldea sortu zuten panpinen mundu liluragarria bultzatzeko asmoz. Denbora honetan, ume eta helduen miresmena lortu dute, gutako asko beren txotxongiloak ikusiz hazi baikara. Emanaldi honetarako ordea, erronka berri bat dute, harizko txotxongiloak mugiaraztea, alegia. Betiko estilotik ateratzen den lana da, txotxongiloek ez dute deus esaten eta lehentasuna musikak du. Oholtzara igo baino lehen harrapatu dugu Enkarni,

«orain arte eskukoak, itzalak eta erabili ditugu, baina harizko panpinak inoiz ez. Beraz, abentura bat da guretzat eta erraza ez den arren, ekinaren ekinez lortzen da. Jatorriz ballet izateko egina dago, orduan, beste modu batera egin dugu egokitzapena. Alde batetik saiatu gara ipuinak kontatzen duena eta musikak adierazten duena irudikatzen. Zentzu horretan, guretzat oso pozgarria da Euskadiko Orkestrarekin lan egitea».
Lan hau egiteko bi lagun minen laguntza eskertu nahi dute, Alberto Saavedra panpinen osatze lanetaz eta Pilar Genua berriz jantzietaz arduratu dira.


BAKOITZARI BERE DOINUA.

Tomas Aragües maisua Euskal musika garaikidearen handietako bat da. Teruelen 1935ean jaioa, musikaren irakaskuntzan, koru eta orkestra zuzendaritzan jardun du; konposagile gisa ere nabarmendu da, Suite Erromantikoa (1982), edo Euskal Requiem (1991), besteak beste.

«Esan didate dramatikoegia atera zaidala, baina tira. Oberturan pertsonaien doinu guztiak laburbilduta entzuten dira. Herri izaera azpimarratzeko txistuak hartzen du protagonismoa»
adierazi du Tomas Aragüesek. Unerik dramatikoena berriz, binako dantza iruditzen zaio,

«Apurrek adierazten dionean maite duela, arbuio bakoitzaren ondoren, onomatopeia gisa. Beste momentu bereziak ere badira: Pospolo Faroloren agerraldia eta Apurrek bere aurrezkiak eskaintzen dizkionean».
Estreinaldi honek jarraipena izatea nahi luke Aragüese musikagileak.

«Hemen lan mordoa estreinatzen diren arren, emanaldi bakarrean geratzen dira»
.
Ipuintxo zuzena da, gizakion itsukeria ongi jasotzen duena, ikasbide eta guzti. Horretan iaioa da Jose Inazio Ansorena, konplexuen gainetik gure burua onartu behar dugula, itxura fisikoa aparra baino ez dela. Emanaldia ikusirik, esan behar da Aragüesen musikak istorioaren muinetik aterata dirudiela, entzumenaren bidez sentimenduak helarazi eta kontakizuna koloreztatuz (EOS-eko 36 musikarik bikainki joa eta Juanjo Menak zuzenduta).
Dena den, badago zerbait funtzioa hankamotz uzten duena. Hain zuzen, haurrei begira egina dagoenez, obrak irabazi egingo luke alde bisuala gehiago markatuko balitz. Esate baterako, eszenaratzeak ez du laguntzen ikuslea istorioan gehiago murgil dadin.
Nahiz eta obran musikak protagonismo osoa duen, iruditzen zaigu txotxongiloen jarduna nolabait estalita geratzen dela, albo batean zokoratuak daudelako baino gehiago, argitasuna falta zaielako. Txotxongiloek argitasuna, itzalak, dizdirak, kolore biziak behar dituzte haien xarma gureganatu dezagun. Enkarni eta Manolok trebetasuna erakusten dute, panpinen mugimendu bakoitza biziki zainduz, airean flotatzen baleude bezala. Ea hurrengoan antzoki handiago batean txotxongiloak hobeki kokatuta eta argiztatuta ikusten ditugun

hemeroteka

1717. zenbakia | 1999-05-30
1716. zenbakia | 1999-05-23

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan