Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-06-06 -- 1718.zenb


SEASKAREN PROTESTA

SEASKAKO
guraso eta irakasleek Baionako Inspekzio Akademikoa okupatu zuten iragan asteazkenean, Administrazioaren axolagabekeria salatu asmoz. Seaskak funtsezkotzat jotzen du lanpostu berriak erdiestea lehen eta bigarren mailarako, datorren urtean 60 ikasle gehiago izango baitituzte. Inspekzio Akademikoak berriz, ez du lanposturik eman nahi. Protestan, negoziaketak abiatzea eskatu zuten eta bertako ikuskari Germaine Hacalak jakinarazi zien asteazken honetan bilduko zela Paueko ikuskaria Seaskako ordezkariekin.


"SALTEGIEK ERE EUSKARAZ"

EUSKAL
Herrian Euskarazek eta Euskal Konfederazioak iaz abian jarritako «Saltegiek ere euskaraz» kanpainaren lehen emaitzak aurkeztu dituzte. Bi elkarteetako ordezkariek adierazitakoaren arabera, 23 saltokik erantzun diote kanpainari, beren seinaleak euskaraz jarriz. Haatik, lan asko dagoela egiteke uste dute bi elkarteok.


JIMENO JURIOREN LIBURUA

JOSE
Maria Jimeno Jurio historialari ezagunak euskara du aztergai bere azken liburuan. «Navarra, Gipuzkoa y el Euskara. Siglo XVIII» du izena eta bertan XVIII. mendean euskarak bi herrialde hauetan izandako gorabeherak eta hizkuntza ondarearekiko interes kontrajarriak azaltzen ditu. Pamiela argitaletxeak karrikaratu du liburua.


OINARRIAK-EN MANIFESTAZIOA

EUSKAL
Herrian Euskarazek, saltegietan egin kanpainaren berri emateaz gain, Oinarriak-ek iragan larunbatean burutu manifestazioarekin ere bat egin zuen. Nafarroan euskararen normalizaziorako lanean diharduten talde gehienen atxikimendua jaso zuen manifestazioak. Euskararen lege berri bat egituratzeko milaka pertsona bildu zen Iruñean. Egitasmoak 1986ko «Vascuencearen legea» ordezkatu nahi du, era horretan euskara herrialde osoan ofizial izan dadin.

Nabari zaio trebatu dela, jo eta su aritzen baita 21 urteko donostiarra. Egunero prentsaurrekoetara joan, berriak bildu eta emankizun ezberdinetan parte hartzen du. Kazetaritza ikasketak amaitzen ari da eta Iruñeko korrespontsalian dihardu otsailaz geroztik; joan den udan ere Donostian ibilitakoa da.

«Berriak eman baino nahiago dut gauza landuagoak egitea, erreportajeak, elkarrizketak-eta»
. Irratiak duen bat-batekotasuna atsegin du,

«telefonoa hartu eta entzuleei jakinaraztea momentuan gertatzen ari dena. Ahotsa bera ere modulatzen jakitea oso lagungarri da»
. Ez zaio iruditzen irratia komunikabide konplexua denik,

«momentuan toki batera garaiz iristeko sortzen den estres hori kenduta. Alde horretatik ez naiz larri-larri jartzen den horietakoa»

MOZIOA LIZENTZIEN KONTUA DELA ETA
Katalunian Cope eta Onda Cerori lizentzia ez berritzeak bazterrak harrotu ditu. Oposizioko kideak (PP, PSE eta ICV-V) ados jarri dira CIUren gobernuak FMko lizentziak banatzeko duen eskubidea galdu dezan. Hilaren 28an aurkeztuko duten mozioan, irizpide ideologikoak erabili izana leporatuko diote. Nolanahi ere, ER-ren babesa beharko dute, proposamenak aurrera egingo badu. Bitartean, CIUkoek ez dutela konpetentzia murriztapenik onartuko diote; eta banaketa berria, Onda Catalana eta La Vanguardia emisorekin, informazio aniztasunaren mesedetan egin dela aipatzen dute

EUSKADI LITERATUR SARIAK
Imanol Agote Kultura sailburuordeak
pasa den asteazkenean, hilak 26,
egin zen aurkezpenean azaldu zuenez,
Eusko Jaurlaritzak antolaturiko
Euskadi Literatur Sariak
9,6 milioi pezeta banatuko ditu
aurtengo edizioan, lau atal
ezberdinetan. «Gure muga geografikoak
gainditu ditzaketen euskarazko eta
gaztelaniazko liburuak sustatzea eta zabalkunderako laguntza
ematea da sari hauen helburua»,
sailburuordearen ustez.
Euskadi Sarietako lanak aurkezteko
epea ekainaren 16an bukatuko da.

Espainiako liburuen % 1,75 euskaraz dira.

EHUn baserriaren egitura aztertzen ari dira.


ANTZOKI JATETXE BERRIA
OIARTZUNGO PAGOALDEAN

Oiartzungo Ergoien auzoan dagoen Pagoaldea poligonoan, kultur ekitaldientzako antzokia eta jatetxea bilduko dituen egoitza handi eta berria irekiko da laster. Animatzailea Joxanjel Arbelaitz da, abokatua, kultur ekitaldien antolakuntzan ezaguna eta Zuberoak famatu egin duen Arbelaitz familiakoa.


NAFARROAKO HISTORIA
HERRIZ HERRI

Nafarroako historia herriz herri azaltzen duen erakusketa antolatu du Orreaga elkarteak. Erakusketa honek lurraldetasuna du ardatz. Hiru zatitan banatzen da. Lehenengoak erromatar garaiko lurraldetasuna erakusten du. Bigarrenean Tuterako lehenengo estatu musulmana sortu zenetik Nafarroa garaiko konkista izan arte emandako gorabeherak ikus daitezke. Azken zatiak, berriz, egungo egoerari egiten dio erreferentzia. Maiatzaren 21ean aurkeztutako erakusketa hau herriz herri ibiliko dute Orreaga elkartekoek.


EUSKAL LIBURU
PRODUKZIOA GORANTZ

Espainiako Estatistika Institutuak jakinarazi duenez, euskarazko liburuen ekoizpena % 13,4 igo da 1997 urtetik. Espainian iaz argitaratu ziren liburuen % 1,75 izan zen euskaraz argitaratua, % 12,2 katalanez eta % 1,7 galizieraz.


EUSKAL HERRIA ZUZENEAN

Piztu eta Irulegi elkarteko kideek aurkeztu dute aurtengo Euskal Herria Zuzenean musika festa. Jaialdi hau uztailaren 2, 3 eta 4an ospatuko da Arrosan. Herri eta kulturen topaketa izatea nahi dute antolatzaileek, eta horretarako munduko bazter guztietako musika talde eta bakarlariak bilduko dira egun horietan Arrosan. Lehenengo eguneko kontzertuari «Euskal Herri tropikala» izena jarri diote. Bigarren egunean, larunbatean, Rock gaua izango da. Eta azken egunean bertsolariak, Bretainiako musika, berebereak, tziganoak eta euskal musika izango dira. Hiru egunetako sarrerak 2.500 pezeta (100 libera) balio du eta maiatzaren 31ean bukatuko da salmenta.


ERESBIL, EUSKAL
ERESLARIEN BILDUMA

Eresbil taldeak berehala izango du egoitza berria, Errenteriako Niessen aretoaren ondoko eraikinean hain zuzen, eta orain arte bildu dituzten 70.000 partitura, 8.000 liburu, 77.000 soinu erregistro eta bestelako dokumentuak bertara eramango dituzte. Dokumentazio zentru honek irailean irekiko ditu ateak. Udan Karmelo Bernaola musikagileari buruzko ikastaroa eskainiko dute eta azaroan «Musika eta Internet» ikastaroa.


EUSKAL HERRIKO
BASERRIEN ARKITEKTURA

Donostiako arkitektura eskolako ikasle eta irakasleak Euskal Herriko baserrien arkitekturari buruzko ikerketa bat egiten ari dira. Ikerketa hau gai honetan aditua den Alberto Santanaren gidaritzapean ari dira burutzen. Egitasmo hau aitzindaria da Europan, ez baita inoiz egin mota honetako etxebizitzen inguruko ikerketarik. Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso du eta ikasleen prestakuntza areagotzea eta datu basea sortzea da lan honen helburua.

Elixabete Garmendiak honakoa dio ETBren inguruan: «ETB1ek euskal hiztun guztien arteko zubi eta tresna izatean dauka existitzeko arrazoia, eginkizuna eta erronka. (...) Bere txikitasunean, identitate krisia gaindituta, ardatz izatera iritsi daiteke XXI. mendean».

Euskarazko liburuen itzulpenari buruz iritzi hau du Ramon Saizarbitoriak: «Gaztelerazko argitaletxeek interesa dute euskarazko liburuen itzulpenak egiteko, hain zuzen ere izena eginda dugulako Euskal Herrian eta promozio hori eginda dagoelako».

Euskal animazioaren inguruan, Begoña Vicariok honako iritzia adierazi du: «Euskal animazio esperimentala oso garrantzitsua da mundu osoan; are gehiago, ezinbesteko erreferentzia dela esango nuke».

Itziar Idiazabalek zera dio arriskuan dauden hizkuntzen inguruan: «Arriskuan dauden hizkuntzen tipologia egin dezakegu; munduan zehar arrisku horren berri ematea eta hizkuntzarekiko kontzientzia bat sortzea dira helburuak. (...) Aterabidea ez dator instituzioetatik bakarrik».

Gasteizko irteeran topa ditzakegun zenbait bide-seinale axolagabeki egin dituztela esateak ez dirudi astakeria. Aste honetan ikatza merezi duena bertan dago, N-1ean. Arabako Diputazioak paratutako bide-seinalean «Arkauteko Academian» eta «Iradiereko Basean» hitzak ikus daitezke. Gazteleraz ez da akatsik; euskarazkoan, sarritan bezala, franko.

GARENAREN
NEURRIAN
Anjel Lertxundi idazleak «Garenaren neurria» izenburuko hitzaldia eskaini zuen Galtzaundi forumean. Hizkuntzaren afektibitateaz aritu zen, besteren artean:
«Hizkuntza bat ez da arau gramatikal multzo soila. Bada afektibitatea ere, eta egoera afektiboak seinalatzen eta deskribatzen dituen neurrian, hizkuntza bera ere afektibitatez janzten da. Eta hizkuntzaren karga afektibo horren aurkako erasoak daudenean, hizkuntza horretako hiztunak, zein delarik ere bere ideologia, erreakzionatu egiten du erasoen aurrean. Baina hiztun bati hizkuntza herdoiltzen zaionean, hizkuntzarekiko sentiberatasuna ere baldartu egiten zaio, eta edozein gauza zaio zilegi». (...) «Esan nahi eta ezina, horixe da hiztun batek bizi lezakeen trajediarik handiena. Euskaldungoaren zati handi bat trabuka eta espainola mutu-makiltzat harturik ikusten dugunean, badakigu olioztatu gabe eta herdoilak joak dituela hizkuntzaren bazterrak. (...) Begi bistakoa da euskaldunoi ez zaigula zer eta nolakoak garen esateko gogorik falta, baina behar bezalako zehaztasunez esan eta adierazi ezina da gure mina. (...) Oinarrian, euskara ez den beste hizkuntza bateko erreferentzia kulturalak bizi ditugu, euskara ez den beste hizkuntza batean asetzen baitugu gure egarri kulturalaren zati handi bat».

Akelarre
musika talde ezagunak bere hamalaugarren diskoa eman du argitara. Disko honen izenburua «Bertako intxaurrak ere...» da. Katarain estudioan grabatu dute, ezohiko eran gainera, denak batera joz egin baitute grabazioa.

Pako Ibañezek
Imanol Larzabalekin batera osatutako euskarazko diskoa aurkeztu zuen joan den maiatzaren 25ean. «Oroitzen» deituriko disko hau Bartzelonako A flor de tiempo argitaletxeak kaleratu du. Diskoan Jorge Oteizak eta Bernardo Atxagak ere hartu dute, azalean eta hitzetan, hurrenez hurren.

Jorge Oteiza
eskultorearen obra bat jarri zuten pasa den astean Gasteizko Lakua auzoan. Jesus de Galíndez arabarraren omenez Gasteizko Udalak eskatutako lana da.

«BIDAIDE» DOKUMENTAL SORTA BERRIA
Aharrausiak uxatzeko, udaparteko bazkalosteetan natura, abenturak eta animaliek pantaila zeharkatuko dute BBC eta National Geographic dokumentalei esker. Aitor Elkorok egin bezala, oraingo honetan Xabier Usabiaga Euskadi Irratiko kazetari eta ziklista ohiak egingo du aurkezpena. Gazteleraz, litekeena da Lorena Bernal «Miss España»k egitea

ETB-2KO LEHIAKETA BERRIA PRESTATZEN
Nahiz eta itxuraz ezberdina izango den, «Todo o Nada»ren formula bera hartuko du «Abasolo»ren eguneroko lehiaketa berri honek. Tamainako sariak, erritmo arina, eta mihigaiztoa. Hain zuzen, finkatu gabe badago ere, badirudi aurkezlea Patxi Alonso izango dela. Emisio ordua aldiz, uztailetik aurrera «Teleberri» hasi aitzin

«AZKEN UDA PASA» SAIOA UDA FRESKATZEKO
Uztailean ere hasita, «Baleuko»ren ekoizpen hau egunero emango dute euskaraz nahiz gazteleraz. «Jaiak»en tankerakoa izanda ere, platoan egingo da, kanpoko erreportajeei bide emanez. Hona hemen hiru aurkezleren izen posibleak: Klaudio Landa, Nagore Perez eta Amaia Erauntzetamurgil. Gazteleraz berriz, Silvia Sola eta Alvaro Ordoñez

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan