ANTZINAKO ERAIKINAK: MENDE BATEKO LANAREN ERAKUSGARRI
Daniel Udalaitz
izan du eta monumentu aipagarriak geratu dira historiaren adierazgarri. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak katalogo batean bildu ditu babestu beharreko industri ondare gisa.
Euskal Herriko zati industrialeneko 17 eraikin bildu dira guztira Euskal Autonomia Erkidegoko Industri Ondorearen Katalogoan, eta euskal herritarron lanaren historia gogoraraziko dute. Horrela, lanari egiten zaion monumentu bat zaindu eta babestu nahi da.
Hori guztia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak osatu duen euskal industri ondarearen katalogoan biltzen da. Turismo gidetan agertzen ez badira ere, nahiz eta denek ez interes bera eduki, eta batzutan gehiegikeria arkitektoniko eta urbanistikoak izan arren, Hego Euskal Herrian industri iraultzak izandako adierazpenen lekuko dira. Historian zehar, gehienbat XIX. mendeaz geroztik, milaka gizon eta emakume langilek isuritako izerdi eta malkoen isla dira.
Eusko Jaurlaritzak bere katalogoan eraikin, enpresa edo eraikuntza jakin bat sartu izanak, gune horrek historia edo egitura aldetik garrantzi jakin bat duela eta horren ondorioz babes berezi bat izateko eskubidea duela esan nahi du, era horretan ahazduran edo hondakinetan amildurik gera ez daitezen.
Zerrenda horretan lantegi, tailer, zubi eta are itsasuntzi zaharrak aurki daitezke. Batzuk bere jatorrizko jarduerarekin jarraitzen dute, beste batzuk ez dute inolako jarduerarik eta beste batzuk garai berrietara egokituak dira. Guztiek ezaugarri bateraturen bat izatekotan, eraikuntzen soiltasuna izango litzateke. Euskal industri ondarearen katalogoak Bizkaiko zortzi eraikin biltzen ditu (industri aldetik garrantzi handienekoak), Arabako bost eta Gipuzkoako beste lau.
BIZKAIA, OROIGARRI GEHIEN DUENA.
Erraz uler daiteke Euskal Industri Ondarearen Katalogoan Bizkaia izatea monumentu handienak biltzen dituena, lur horietan abiatu baitzen industri iraultza Euskal Herrian.
Altos Hornos de Vizcayako (AHV). 1 zenbakidun labe garaia izan da industri ondarean sartzen azkena. Nahiz eta industri birmoldaketaren ondorioz desagertua den AHV enpresa mendeurrena betetzekotan egon, 1959an inauguratu zen labe hori geratu zaigu, oroigarri gisa.
Bizkaiko Zubia. 1893an eraiki zuen Alberto de Palaciok, eta betidanik zubi zintzilikaria bezala ezagutu izan da. Ibaiaren bi aldeak elkartzen ditu, Portugalete eta Areeta, eta 160 metrotako zabalera du. Inguru hartan hainbeste lantzen zen burnizko arkitekturaren eredu da, handik metro gutxitara antzinako AHV kokatzen zelarik. Honen lekuan gaur egun Bizkaiko Altzairutegi Trinkoa (ACB) dago.
Ercros-en industri pabilioia. 1909 eta 1912 urte artean eraiki zen. Lutxana-Barakaldon dago. Futbol zelai bat baino zertxobait handiagoa da. Ongarriak pilatzen zituen. Eraikina zurez egin zen, burnia eta hormigoia nagusitzen ziren garaian.
La Ceres irin lantegia. 1889 eta 1890 urteen artean, hormigoi armatua erabiliz, eraikia, irin lantegien ohiko egiturari jarraitzen dio (solairukako lantegia). Kristalezko azalera zabal bat zuen. Lantegi hau, Bilboko Antzinako Hirigunearen parean, antzinako kaietan, aspalditik dago geldirik.
Galindo ibaiaren gaineko burdinezko zubia. Burceņan kokatua, XIX. mendearen bigarren erdialdian eraikia izan zen. Trenbidearen garapenari loturik, ingeniaritzako lanetan burnia sartzen hasi zeneko eredua da. Euskal Herrian egin zen lehen zubi metalikoetakoa da. 65 metrotako luzera duen kutxa bat du. Bilbo-Portugalete trenbidearena izan zen, eta azkenaldian oinezkoentzako erabilera du.
Bilboko Alondegia. Balio bikoitza du, historikoa eta arkitektonikoa. Hormigoi armatuzko egitura du, eta ardoen biltegi gisa erabili zen, Errioxako ardoen esportaziorako zubi gisa, eta baita olioena ere. 1909an Ricardo Bastidak eraiki zuen. Duela hamar urte baino gehiago utzi zitzaion alondegi bezala erabiltzeari, eta bere garaian, alondegiaren jatorrizko egitura hautsi eta kristalezko kubo handi bat eraikiz, kultura jauregi bihurtzekotan ibili ziren. Eztabaida handia sortu zen honen inguruan. Bilboko erakundeek kiroldegi handi bat egin nahi dute bertan.
La Encartada txapel lantegia. Balmasedako auzo batean 1892an eratua, Euskal Herriko ehungintza arloaren adierazgarri nagusietakoa da. Gaur egun, XIX. mendeko eskulangintza berberarekin jarraitzen du, ohiko txapela eginez. Enpresa hau buruaskia zen, beretzako behar zuen argindarra berak sortzen baitzuen. Bere ekoizpen gaitasuna murriztu egin da, eta bere erabilera nagusia museo gisakoa da.
Elorrietako Saneamendu Estazioa. 1990ean inauguratu zen Elorrietan (Bilbo), Bilboren hondakin uren saneamenduari irtenbide bat emateko. Espainiako lehen saneamendu modernoa izan zen. Ponpaketarako estazioaren eraikinak (bere tailer eta sutegiekin), berdegunez inguratutako leku batean kokatzen den lurpeko bi deposituk eta bost makina oso berezik osatzen dute Elorrietako Saneamendu Estazioa. Recaredo de Uhagon ingeniariak egina da. Makineria barruan dago oraindik, erabiltzen ez bada ere. Interes berezia dute bi ponpari atxikita dauden lurrinezko bi makinek. Bilbon egitekoa den Ur Museoan sartu nahi da eraikuntza hau
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.