Osasuna kartzeletan
Mitxel Sarasketa
Kartzela zigorra da. Estatuak bere dominazioa ezartzeko erabiltzen duen tresna zapaltzailea. Beraz, izatez, kontzeptu kontrajarriak dira kartzela eta osasuna.
Izan ere, zigorrak kalte egiten dio pertsonari. Eta espetxea horretarako dago. Ezin dugu ilusiorik egin, bada, kartzelaz mintzatzean osasunaren alorra begiratu nahi dugunean.
Horren aurrean, osasunaren aldetik, preso dagoenarentzat hainbat eta hobeto irauten ahalegintzea da kontua. Bizirik irautea, alegia. Badakizu zure kalterako dihardutela eta aurre egin behar diozula. Bidea bakarra da. Espetxean bizitzea bera borroka egitea baita, bertan bizitzeko ere borroka egin behar duzularik.
Osterantzean, legez presoak baditu bere osasuna bermatzen dituen hamaika eskubide. Lege guztietan daukazu idatzita. Espainiako eta Frantziako konstituzioek, Espetxeetako Lege eta Araubide guztiek horretaz dihardute.
Eskubide horiek oso ondo daude. Baina kontua ez da hor amaitzen. Ze aspirina mota emango diozu zigor ziegetan dagoen presoari? Zein botikaz sendatzen da preso jipoituaren amorrua? Nola osatu amaren bihotz urteetan erdibitua?
Euskal preso politikoen kasuan gainera badago espetxe politika jakin bat presoak izorratzen saiatzeko programatua. Damutu ala heriotza esan da askotan. Eta ez da kontsigna hutsa. Hor ditugu hainbat lagun kartzeletan hil direnak politika horren aplikazioaren ondorioz. Baita torturak, minak, kalteak eta sofrimenduak pairatu eta osasunez ukituta eta jota gelditu diren milaka preso eta inguruko ere.
Zer esango dugu? Erantzukizunak estatuaren ingurumenetik bilatu beharko ditugula, jakina. Politika hori asmatu, bultzatu eta babesten dutenengan. Kartzeletan politika hori aplikatzen dutenengan.
Azken hauen artean espetxeetako sendagileak ere sartu behar ditugu. Teorian presoaren osasuna bermatzen saiatu beharko lirateke, baina praktikan oro har espetxe politika jakin bat bideratu ahal izateko daude hor. Ez ahaztu Tratamendu Batzordeko partaideak ere badirela medikoak. Eta seguritate neurrien, espetxeko bizimoldeen, zigor eta sari parametroen eta bestelako irizpide politikoen menpe jokatzen dutela beti.
Adibide bat: Josu Retolazari larru azaleko minbizia diagnostikatu ondoren hitzez hitz esan zioten: tratamendu egokia nahi baduzu preso politikoen kolektibotik irten behar duzu. Gero, amore eman gabe kalera irten eta hilabete gutxira hil zen.
Egiturazko arazoa ere badago. Jakina, espetxea ez da gaixoentzako leku aproposena. Gogora dezagun, esate baterako, Kirruli: Herrera de la Manchan hil zen tuberkulosiak jota. Aste bat lehenago sendagileak xarabe bat eman zion besterik gabe. Gero alegatu zuen kontua zela espetxean X izpiko aparailurik ez zegoela (!).
Ez dago X izpiko aparailurik. Edo gabean ez dago sendagilerik. Ziegan zaudela atea jo arren ez dizute atea zabalduko. Espetxean itxita zaude, eta ez dago aterabide errazik osasunez jota daudenentzat.
Baina azken batean, borondatea da kontua. Zer nahi duten. Hortik atera ditzakegu ondorio argi nahikoak.
Darocan 1987 urtean Felix Zabarteri kartzelariek jipoi bat emanda ziegan konorterik gabe utzi zutelarik espetxeko sendagileak txosten bat egin zuen eskatuz buruan gehiago jo ez ziezaioten, bertan lesio bat zeukala eta.
Espetxeetan galdu egiten dira txosten medikoak jipoien frogak ezkutatzeko. Informe mediko faltsuak bidaltzen dira salaketei aurre egiteko. Tratamendu okerrak ematen dira. Gaixo larriak ospitaletako ohean lotuta izaten dira. Polizia eta kartzelarien aurrean egiten dira kontsultak. Zure medikoaren bisitak ukatzen zaizkizu, seguritatea eta arrazoi politikoak argudiatuz. Behar duzun tratamendua txantaje politikorako erabiltzen da. Preso larriak ez dira baldintzapean kaleratzen. Administrazioak ez du inoiz aipatzen kartzeletan hiltzen den jende kopuru izugarria. Gezurrak zabaltzen dira komunikabideetara presoen egoerak distortsionatzeko...
Ni, Almeriako espetxean garunetako hemorragia izan nuenean, konorterik gabe aurkitu ninduten ziegan kartzelariek afaria ekartzera etorri zirenean. Ez nintzen itzartu hainbat ordu pasa arte, Almeriako ospitalean. Baina tarte horretan zabaldu zuten pilularen bat hartuta izan nuela hemorragia hori. Eta horrela agertu zen komunikabide guztietan.
Kartzelan osasun arazoak dituena txarto dago. Eta preso askok du sendagilearen beharra. Areago sartu ohi dituzten espetxe zigor izugarriokin. Okerrena, baina, presoak gaixotu egiten dituela kartzelak. Eta nahita jokatzen dutela horrela. Gogoratu Esteban Nieto.
Gizarte gaixo baten sintoma ditugu espetxeak
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.