Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-05-30 -- 1717.zenb

NAFAR ETA GIPUZKOARREN ARTEKO SENIDETZA AZTERGAI

Mikel Asurmendi

Tomas Urzainki nafar historialaria, Juan Maria Olaizolarekin batera, «La Navarra Marítima» liburu ezagunaren egilea dugu. Hondarribian eskaini zuen hitzaldiari liburuaren izenburu bera eman zion eta Olaizolaren maxima bat ekarri zigun gogora: «Hondarribian bizi den Irunen sorturiko nafarra naiz». Esaldia kontraesankorra da, eta halaxe, oso kontraesankortzat jo zuen gure historia: «Historian barrena, hondarribiarrak nahiz tuterarrak denok nafarrak izan baikara».


HISTORIA ERREDUKZIONISTA.

«Nabarroa» berba kontzeptu juridiko politiko bezala ulertu beharra dago. «Baskoa»k, berriz, aspektu etniko-linguistikoari, ohiturei eta komunitateari erantzun dio historikoki. Oro har, biak euskaldunak izan dira. Ordea, Europako mendebaldearen historia izkiriatu dutenek, garaian garaiko boterearen aldeko historiografia egin dute. Frantzia nahiz Espainian, nazio menperatzailearen arabera idatzia izan da gure historia, gezur historiko handiak kontatu dizkigute txikitatik. Menendez Pidal eta Sanchez Albornoz espaniarrak aipatu zituen Urzainkik.
Espainiaren historia egitean, zenbaitetan agiriak gaizki interpretatuz, beren intereseko historia egin dute. Areago, oraindik ere, historiaren erredukzionismoa ematen da Espainiar Estatuko unibertsitateetan. Historia ofizialari atxikiak, ez diete bide berriei batere aukerarik ematen, aitzitik, ezkutatzen dituzte ikuspegi berriak. Esaterako, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoari buruz eman izan den ikuspegia ez da bat etortzen historialari nafar honek aztertu duen historiarekin.
Historia ofizialaren arabera, Gipuzkoa Gazteluko erresumara errendatu zen, eta Urzainkiren ustez, gipuzkoarron amore emate hori ez da inon ageri. 1602an Donostiako Forua aztertzean ez omen du inolako protokolorik, ez esker onik ikusi gaztelarrekiko. Aitzitik, Antso Jakintsuaren garaian emaniko forua kendu zitzaienean, gaztelarrak izateri uko egin nahi izateagatik, gipuzkoarrak zigortuak izan ziren.


KULTUREN ARTEKO TALKA.

Historia kulturen arteko talka da, eta euskaldunonak zeltiarrekin topo egin zuen lehenbizi; erromatarrak etorri ziren gero. Zeltiar eta erromatar kulturek ez zuten bertakoa osoro ukatu hala ere, ez hizkuntza ez ohiturak ez jurisdikzioa zituzten desegin. Pirinioaren bi aldetara antolatzen ziren euskaldunak, hierarkia sozial nabarmenik gabe.
Komunitate hitzak pisu handia izan du gure historian, gure lurraldean gizarte komunalak izan ziren. Adibide gisa, Urzainkik Erriberri (Olite) aipatzen du. Nafar Erregeen egoitza izanik, XIX. menderarte, lurren % 90 komunala zen. Germaniarrak, frankoak edo barbaroak ere pasa ziren gure lurraldetik. Nafar Erresumaren kontra talka egin zuten ordea.
Erromatarrek alde egin ondoren hasten da zabaltzen nafar lurraldea. Milurteko honen hastapenetik 1512 urtera bitartean zabalduz joanen da. Aragoi, Errioxarekiko loturak errege-erreginen arteko ezkontzen ondorioa dira. Gaztelak 1167an, Errioxa eta Bizkaiaren parte bat inbaditzen ditu, ordea. Nafar eta gaztelar erregeek ebazten zituzten erresuma ezberdinen arteko auziak, eta auzi horietako bat Ingalaterrako Enrike II.a erregearengana eramana izan zen. Tirabira franko sortzen ziren lurraldeen mugen zedarripenean. Enrike II.ak trenkatu zuen mugen auzia, Nafarroaren mugak Ebron finkatuz.
XII. mendean, Nafarroaren lurraldeak Bidasoa eta Ebro bitartean zabaltzen ziren. Nafarroako Erresumak bere enbaxadoreak zituen eta hauek nafar kontzepzio politiko-juridikoa kontsolidatu zuten beren mugetatik kanpo. Orduan hasi ziren gaineratiko baskoietatik aldentzen eta ezberdintzen. Gainontzeko lurralde euskaldunok ez bezala nafarrek ez zuten amore eman frankoen aurrean.


MUSULMANEN HEDAPENA.

Musulmanak, eta euren kultura, askoz lehenagotik hedatu ziren penintsulan barrena. Nekropoliak aurkitu izan dira Euskal Herrian. Erdi Aroan, haien kulturaren zabaltze eta indartzeari buru egiteko eta Penintsulatik kanporatzeko

Gurutzadak
burutzen dira. Urzainkiren esanetan, nafar errege-erreginak musulmanen aliatuak izan ziren. XIV. eta XV. mende artean, Nafarroako monarkek harreman onak eta baketsuak izan zituzten Granadakoekin. Musulmanek nafarrren independentzia onatsi zuten beti. Aragoi eta Leongo erregetzak, artean, gaztelarren aliatuak izaki. Elizak berebiziko rola jokatu du historiaren bilakabidean. 1525 urtean Toledon burutu zen I. Kontzilio Vatikanoa, eta bertan nafar elizak parte hartu zuen. Nafar eliza esatean, gipuzkoar eliza bere barruan zegoela adierazita dago. Gipuzkoako eliza Iruñeko elizbarrutiaren parte zen, eta hau aldi berean, Baionako eta Kalagorriakoa ere. Honetxek damaigu ezagutzera, Eliza euskaldun ezberdinen lekunea zela, eta haien batasunaren topagunea. Honen harian, Tomas Urzainkik Juan Maria Olaizolaren protestante izaera aipatu zuen. Olaizolak protestantetzat jotzen zuen bere burua, protestantismoaren aztertzaile eta Joana Albreteko nafar erregina protestantearen jarraitzaile. Erregina hura Nafarroa protestante baten aldekoa izan zen, eta Olaizolaren ustez, haren nahiak gailendu izan balira, gaur egun, Nafarroa, eta Euskal Herria ondorioz, independentea izango zen.


DONOSTIAKO FORUA.

Urzainki foruei buruz mintzatu zen, eta Donostiako Foruaren garrantzia azpimarratu ere. Foru honen izate juridikoak merkatal arauak ezartzen zituen, eta berezitasun bat zuen. Hots, itsas bazterreko merkatal harremanak arautzeko lege izatearena. 1180 urtean jarri zen indarrean, eta bere bitartez, Nafarroako Erresumak Asiatik zetozten ekoizpenak jasotzen eta zabaltzen zituen. Antso Jakintsuari zor zaizkio foru hauek, baita Donostia hiriaren beraren sorrera ere. Antso Jakintsua, gure erregeen historian politiko onentsuenetzat ekarria izan da, eta Nafarroaren Erresumaren sortzailea dugu, eta Iruñeko Erresumaren izenez sortua lehenbizi. Gaztela, artean, Nafarroa hartuz doan errelebantziaren mesfidati ageri da. Antso Jakintsuak berriz, ofentsiba posibleen aurrean, hiriak sortarazi zituen (Gasteiz, Trebiño, Biasteri, Antoñana, Argantzun, besteak beste) gaztelarrek mugetan egiten zuten presioari aitzin egiteko. Hiri hauek, aldi berean faktore ekonomikoek eraginda sortzen dira, arazo demografiko eta sozialei aitzin egiteko. Beraietan burgesia jalgitzen da, eta hirietan politika hasten da gauzatzen. Herri hauek berezko estatuen ezaugarriak hasten dira bereganatzen. Honek guztiak Nafarroa eta Gaztelako monarkien arteko borrokak eta interesak suspertzen dituelarik.


ERRESISTENTZIAREN ONDORIOA.

Antso Jakintsuak foru ezberdinak aldarrikatu zituen aipaturiko herrietan. Lehenbizikoa Jakako Forua izan zen, foruen historian erreferente nagusia. Foru guztiak antzekoak dira; garai hartako hiri berrien garapen politiko eta legeen ezarpenerako arauak. Jaka eta Donostiaz bestera Durangoko Forua oso zen ezaguna. Nafar errege-erreginek emandako eskubide publiko nahiz pribatu bezala kontsideratu izan diren foruak deuseztatzen ahalegindu ziren gaztelarrak ordea. Foruek, nola edo hala, mendez mende iraun izan zuten, eta Urzainkik erresistentziaren ondorio bezala jotzen ditu. Nafarroako Erresumaren historia konkista eta errekonkistaz beterik dago. Historiazaleek interpretazio eta erabilpen ezberdinak egin dituzte historiaz, eta Elizak berealdiko rola jokatu izan du. Erresuma ezberdinen arteko hitzarmenak irabazleen arabera idatziak izan dira. Sarri askotan monarkiaren nahimenez eta elizaren presiopean hainbat erresuma amore ematera behartua zen, beren soberaniaren parte handia galtzeraino. Urzainkiren ustez, historiak beti izan du jarraikortasun bat, eta gizaldiz gizaldiko gertakariak ez dira isolatuak bezala ulertu behar. Gure historiaren bilakabidea etenik gabeko gertakarien ondorioa da bere ustez; katebegi lotuen osaketa alegia. Azken konkista horietako bat Nafarroa Beherekoa izan zen, gaztelarrek burutua, nafarrek lau urteko erresistentzia burutu ondoren. Alemaniako Carlos V. eta Espaniako I.ak onetsia izan zen konkista, Nafarroako errege-erreginak soberanoak zirelarik. Beranduago jada, 1805ean, Irun eta Hondarribia Gipuzkoako lurraldea izatea pasa ziren. Nafarroa eta Gipuzkoa bat izan dira historian. Horren karietara, hitzaldi sorta hauen ondotik, ekainaren 6ean, San Martzial ermitan nafarren eta gipuzkoarren artean senitarteko bazkaria burutuko da Juan Maria Olaizolaren oroimenez eta gorazarrez

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan