ESPETXE GAIXOAK, MEDIKU BIDAIARIAK
Xabier Letona
Hilero elkartzen dira 20-30en bat mediku eta dauden kasu desberdinak aztertzen dituzte. Presoen gaixotasunak edo arazoak aztertzeko bide desberdinak dituzte. Batetik, presoen abokatuek eta familiarrek emandako informazioa dute; bestetik, presoek beraiek gutunez aipatutakoa; eta, azkenik, batzuetan beraiek ere abiatzen dira espetxeetara, presoa miatzeko baimena dutenean. Finantziazioari dagokionez, elkarteko medikuek hilero jartzen duten diru kuotaz eta dirulaguntza partikularrez moldatzen dira.
Itsaso Idoiaga mediku bilbotarra arduratzen da talde hau koordinatzeaz. Presoen osasunaren aingeru zaindaria da, batzuetan beraiek bisitatuz eta besteetan gutun harremanaz, dauzkaten arazoen arabera dagokien espezialistaren esku utziz. Idoiagak 30 urte dauzka eta 1992tik ari da lan honetan. Danimarkan torturari buruzko ikastaro bat egiten ere jardun zuen, eta atxilotuak ikusten, epaiketetako peritajeak eta autopsiak egiten ere badu esperientziarik (familiaren aldeko Jose Luis Gerestaren autopsia, esate batera, berak egin zuen). Tenerife eta Gran Canarian, Cadizen, Huelvan, Cartagenan, Darocan, Avilan eta beste espetxe askotan egon izan da presoak bisitatzen. EAEko espetxeetan sartzeko baimenik ez du izan, ordea:
«Espainiakoetan sartzea baino zailagoa da EAEkoetan sartzea», diosku Idoiagak.
Baina lerro batzuk gorago aipatu den «espezialistaren esku» uzte hori, espetxe munduan nekez uler daiteke bere zentzu literalean, kalean legez alegia, konfiantzazko medikuak gutxienetan izango baitu gaixoa bere eskuetan izateko aukera. Batzuetan medikuak espetxean sartzeko baimena du eta besteetan ez. Beste askotan bezala, «segurtasun arrazoiek» agintzen dute, ez dago beste azalpenik. Dozena bat mediku Espainiako espetxeetan zehar gora eta behera dabil, euskal presoen osasun arazoei erantzun duin bat eman nahian
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.